DAVE BIETER . BOISEKO ALKATETZARAKO HAUTAGAIA

«'Sheriff'-a oso gertudaukat atzetik»

martxelo otamendi
2003ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Hilabete batzuetan amets egitetik irabazteko faborito izatera pasatu da Bieter, eta ezin sinesturik dabil. Bizi den barrutian oso ezaguna eta estimatua da, baina hiri osoan lortu behar du onespen hori alkatea izan nahi badu. Ahalegin horretan, Boiseko euskal komunitatearen laguntza erabatekoa izango du.

Ordezkarien Ganberako kide izanik zergatik aurkezten zara alkatetzarako?

Beti izan da nire ametsa Boiseko alkate izatea. Ondo ezagutzen dut administrazioaren alorra eta nire abokatu jardunean herri eta bailara askorekin egin dut lan. Ordezkarien Ganberako lehen aulkia aitaren heriotzaren ondorioa izan zen, baina alkate postuan askoz zerbitzu hobea eman nezake.

Uste duzu boisetarrek nahiko ezagutzen zaituztela?

Nire barrutikoak bai, bitan aukeratu nautelako Ganberarako. Hiriko beste barrutietan gutxiago ezagutzen naute, baina ni naiz hautagai aurrerakoi bakarra.

Aurreko alkateak, Colesek, dimititu ez balu, aurkeztuko al zinateke alkatetzarako?

Nire planen barruan beti egon da alkatetzarako lehiatzea, baina oraindik oso goiz izango zen, Coles alkatea, gutxienez, beste behin ere aurkeztuko zelako. Aitortu beharra daukat Colesen ustegabeko dimisioak azkartu egin duela nire barruko prozesua, eta horrek aurkeztera animatu nauela.

Zer kanpaina mota ari zara egiten?

Diru gutxi daukanak kanpainan gastatzeko, zapatak urratu beharra dauzka. Atez ate deitzen den kanpaina ari gara egiten asko, ea hiriburuaren biztanleen erdira iristen garen, eta horrekin batera telebista eta irratia ari gara erabiltzen. Etxeetako party-ak da herritarrengana iristeko beste bide bat.

Zenbat diru behar izan duzu kanpainarako?

200.000 euro inguru. Ia gehiena bildu dut.

Nork eman dizu diru laguntza?

1.200 diru emaile baino gehiago bildu ditugu, gizartearen maila guztietakoak. Udal hauteskunde hauetan alderdiek ez dute zuzenean parte hartzen, beraz edo zuk jartzen duzu dirua edo bestela herritarrei eskatu behar diezu. Errepublikarrak, demokratak, independenteak, gazteak... eta batik bat euskaldunek eman didate dirua. Euskaldunen laguntza ikaragarria izan da.

Zer proposatu diezu hautesleei kanpainan?

Alde batetik nire eskarmentua abokatu eta Ordezkarien Ganberako lanean, eta horrekin batera hiri eredu bat. Boisek bi osagarri nagusitan oinarritu behar du: hiriburua denez garapenaren motorra izan behar du, baina hori natura babesteko beti izan dugun joerarekin uztartu beharra dago. Milaka lagun datoz Boisera urtero bizitzera, eta hazkunde hori ondo kontrolatu behar dugu, garraio publikoa landuz, eta hiria hazi arren ondo egituratuz, neurrigabekeriarik gabe.

Zu euskal-amerikarra zara. Lagungarri al zaizu udalerako bidean?

Euskaldunek izen ona daukate boisetarren artean, bigarren komunitate etniko handiena gara, eta eragin handikoa. Euskaldunak dira nire babesle nagusiak apustu honetan.

Pete Cenarrussa zure alde agertu da kanpainan. Bera errepublikanoa da eta zu demokrata.

Ez du axola. Petek ondo ezagutzen nau, afera askotan egin dugulako lan elkarrekin. Ez ahaztu Idahoko Memoriala biok elkar hartuta atera genuela aurrera, beste euskaldun askoren laguntzarekin. Peteri ilusio handia egingo dio Boiseko alkatea euskalduna izateak; horregatik egin du nire alde.

Zuk, besteak beste, Euskal Herriaren autodeterminazioa aldarrikatu zuen Idahoko Memoriala bultzatu zenuen. Zer egin dezakezu alkatetzatik, lortuz gero?

Beti izango da lagungarri leku garrantzitsuetan Euskal Herriko autodeterminazioa nahi duen jendea egotea. Alkate izanda askoz ere aukera gehiago izango dut azaltzeko jendeari zein garrantzitsua den euskaldunentzat herri guztiek daukaten eskubidea, autodeterminazioarena, alegia.

Zein da zure aurkari gogorrena?

Bi bereziki. Killeen oso ezaguna da komunitatean, sheriff-a izan delako urte askoan. Bestea, Winder, ez da ezaguna baina diru asko dauka eta asko gastatu du. Azken hilabete eta asteetan egindako inkestetan ni naiz faboritoa, baina sheriff-a oso gertu daukat atzetik.

Noiz etorriko zara Euskal Herrira?

Abenduan. Alkatetza lortuta, dudarik gabe, askoz gusturago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.