Sikha, herri zatitua

Punjab bitan zatitu zutela 60 urte beteko dira aurten; Pakistan eta Indiaren menpe gelditu zen lurraldea, eta bertako herritarrak, sikhak, banatuta gelditu ziren; bihar bozak egingo dira.

KOLDO LENIZ CHANDIGARH
2007ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Punjab bost ibaien lurraldea esan nahi du. Punj hitzak bost esanahi du eta ab, berriz, ura. Beas, Chenab, Jhelum, Ravi eta Sutlej dira lurraldea zeharkatzen duten bost ibaiak eta aspalditik bi estaturen artean zatituta daude. Indiak independentzia eskuratzearekin batera bitan zatitu zen: India eta Pakistan. 1947. urtea zen. Punjab lurraldeko ibaiak eta herritarrak ere, sikhak, bi estatuen artean gelditu ziren. Zatiketa horrek 60 urtez luzatu eta oraindik erabat amaitu ez den gatazka eragin zuen. Bihar bozak egingo dituzte Punjaben.

Indiako Kongresuaren Alderdia -zentralista, sozialista eta laikoa- eta Akali Dal -abertzale moderatua eta konfesionala- lehiatuko dira bozetan. Manmohan Singh Indiako lehen ministroa sikha da eta bere alderdia gobernuan egon da azken bost urteotan. Akali Dal abertzale moderatua, baina, gehiengo absolutua lortu izan du hainbat bozetan eta, beraz, lehia handia espero da. Ram Sophat mediku sikhak argi hitz egin du: «Buruzagi guztiak berekoiak dira eta beren interesei begira egiten dute lan, ez herriaren interesei begira». Sophatek barre egiteko gonbita egin du: «Ni horrela iritsi naiz 94 urte betetzera».



EGONKORTASUNA. Sikhak zintzoak dira. Hitza eman eta betetzen dakien herria da. Munduko prentsan albiste izan direnean, alta, gutxi batzuk aurrera daramaten borroka armatuari lotutako berriengatik izan da. Munduko bazter askotan, ondorioz, sikh terrorista hitzaren sinonimotzat hartua izan da. 1984 eta 1995 urteen bitartean ugariak izan ziren erasoak. Indiaren eta Punjabeko alderdi nagusien arteko negoziazioek, baina, lasaitasuna ekarri zuten. Punjabeko Legebiltzarra eta Gobernua berrezarri zituzten eta lurralde oparoa da gaur egun.

India okupatzeko asmoa zuten herri askok gurutzatu zuten Punjab: arioak, persiarrak, grekoak, turkoak, mogolak, afganiarrak... Sikhak denengandik jaso zituzten erasoak. Horrek ezer onik izan bazuen, bertakoen artean elkartasun edo batasun sentimendu bat piztea lortu zuela izan zen. Egoera honetan sortu zen Sikhismoa.

Sikhismoa Nanak Guruak (maisua zentzu espiritualean) sortu zuen XV. mendean. Indian agintean zeuden mogolak islamiarrak ziren eta hinduistekin borroka gogorrak izan zituzten. Nanak hindua zen jatorriz baina ez zetorren bat indarkeriarekin eta, hinduismoaren eta islamaren leku santuak bisitatu ondoren, funtsean erlijio guztiak berdinak zirela ondorioztatu zuen: «Ez dago ez hindurik eta ez musulmanik. Jainko bakarra dago eta Egia Gorena da».

Nanak Guruaren ondoren, beste bederatzi guruk jarraitu eta osatu zuten haren doktrina. Gobind Singh Guruak, hamargarrena eta azkena, maisu guztien irakaspenak batzen zituen liburua utzi zien sikhei: Adi Granth Sahib. Khalsa izeneko erkidegoa sortu zuen, hau da, sikhen defentsarako armada espirituala. Hark zehaztu zituen sikhek ezinbestean bete behar dituzten bost baldintzak: ez dute ilea mozten eta durbantea daramate -kesh-; orrazia eraman behar dute -kanga-; senidetasunaren sinbolo gisa besokoa eramaten dute -kara-; emakumearekiko errespetuaren sinbolo bezala barruko arropa luzea eramaten dute -katcheera- eta gerrian ezpata edo labana eramaten dute -kirpan-. Bost K-ak bezala dira ezagunak arau hauek.

Sikhentzat ez dago gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunik eta kasta bakarra gizakia da. Hinduen artean erraza da kasta zein den jakitea, abizena galdetzea baino ez dago. Hori saihesteko gizonezko sikh guztiak Singh abizena daramate -lehoia- eta emakumeak, berriz, Kaur -printzesa.



'KHALISTAN'. Ezaugarri hauei ezker sikhen arteko batasun sentimendu bat lortu zen eta XVIII. mendean erreinu sikh bat sortu zen. Berrogei urte besterik iraun ez bazuen ere, independentisten eredua da. Khalistan zuen izena sikhek aldarrikatzen zuten estatua -arima garbidunen lurraldea-. Nehruk euren eskubide historikoak errespetatuko zituela agindu zien independentziari uko eginez gero. Beste herri batzuk aldarrikapen berberak egingo zituzten beldur ez zuen bere hitza guztiz bete. Punjab estatua sortu zen, bai, baina ezagindutako guztia. Sikhak irainduta sentitu ziren. Khalistan-en kontzeptua indartzen hasi zen.

Pakistan musulmanaren eta Indiaren artean zatituta gelditu zen Punjab 1947. urtean. Sikhen santutegi asko alde musulmanean geratu ziren. Hinduak eta sikhak bat eginez, musulmanak indarkeria erabiliz bidali zituzten Indiatik; musulmanak beste horren beste egiten zuten sikhekin Pakistanen. Exodoa ikaragarria izan zen.

Indira Gandhi lehen ministroa zen garaian jazarpena handia izan zen eta gazte ugarik borroka armatuari ekin zioten. Amritsar hiriko urrezko tenplua, sikhen santutegi sakratua, bereganatu zuten gazteek 1982. urtean. 1984.ko ekainean tenplua erasotzeko agindua eman zuen Gandhik. Jai egun bat aukeratu zuten, santutegia erromesez goraino zegoen egun bat eta milaka lagun hil ziren. Urte horretan bertan hil zuten lehen ministroa bere guardia sikhek. Ondorengo urteetan milaka sikh hil zituzten.

Amnesty Internatinalek jazarpena salatu zuen. Indiak oraintsu artea ez du aitortu oker jokatu zuela eta jazarpenaren ondorioz 20.000 lagun hil zirela. Beste iturri batzuk bost bider edo hamar bider kopuru handiagoa ematen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.