Sinn Feinek Irlandako Errepublikako lehen ezkerreko gobernua osatu nahi du, eta horri begirako negoziazioak abiatuko ditu gaur. Mary Lou McDonald buru duen alderdiak 37 diputatu eskuratu zituen iragan igandean egindako hauteskundeetan, 80ko gehiengo osotik urrun, eta, hortaz, ezkerreko alderdi txikien babesa beharko du koalizio gobernua osatzeko. Hori da McDonaldek lehenetsi nahi duen bidea, Fine Gael eta Fianna Fail boterera itzul ez daitezen.
Pearse Doherty diputatua izango da Sinn Feinen negoziazioburua, eta, atzo gauean RTE kateari esan zionez, «antzeko pentsatzen duten alderdiekin» batzartuko dira egunotan. Hau da: Alderdi Berdearekin —hamabi diputatu ditu—, Alderdi Laboristarekin —sei boto ditu—, sozialdemokratekin —sei boto ditu— eta Elkartasuna-Jendea Irabazien Aurretik-ekin —bost—; horien babesa lortuko balu, Sinn Feinek 29 boto gehiago ziurtatuko lituzke inbestidura saiorako. Kopurua, ordea, ez litzateke gehiengo osora iritsiko, eta McDonaldek gutxienez hamalau diputatu independenteren babesa beharko luke lehen ministro bilakatzeko.
Ordezkari independenteetako batzuk prest agertu dira Sinn Feini babesa emateko, betiere beren eskariak betetzen badituzte. Koaliziokide posibleen artean, berriz, giroa ez da oso baikorra, gehiengo osoa ziurtatzeko kopururik ez dagoela argudiatu baitute egunotan, hizketak hasi aurretik.
Richard Boyd-Barrett Elkartasuna-Jendea Irabazien Aurretik-en diputatuak ideia hori helarazi du, eta bide beretik jo du Roisin Shortall alderdi sozialdemokrataren buruzagiak; Brendan Howlin laboristen buruak, gainera, ez du hain argi koalizio horretan parte hartzea, eta gaur bere diputatuei adieraziko die nahiago duela kanpotik babesa eman. Halere, Sinn Feinekin hitz egiteko asmoa berretsi dute.
McDonaldek oso zail izango du koalizio gobernu bat osatzea, eta litekeena da porrot egitea saiakera horretan. Horren zain daude igandean ordezkaritza handiena lortu zuen Fianna Fail —38 diputatu— eta Leo Varadkar jarduneko lehen ministroaren Fine Gael —35—; kanpainan, bi alderdi horiek adierazi zuten ez dutela koaliziorik osatuko Sinn Feinekin, ezta euren artean ere. McDonaldek bide beretik jo zuen, hamarkada luzez bipartidismoa osatu duten bi indarrak gabe sortu nahi duelakoan gobernua.
Ikusteko dago, hortaz, hiru alderdi horiek kanpainan esandako jarrerei eutsiko dioten. Fianna Failen, barne eztabaida handia dute Sinn Feinekin elkartzearen inguruan, eta McDonalden alderdiak ez dio atea itxi aukera horri, bide gogokoena ez den arren. Parlamentu berria datorren asteko ostegunean osatuko dute, baina inork ez du espero egun horretarako negoziazioek arrakasta izango dutenik.
Varadkarrek ez du ezer baztertzen
Gaurko negoziazio sortaren aurretik, jarduneko lehen ministroak adierazi du testuinguru guztiak daudela zabalik, eta ez duela ezer baztertzen, bigarren hauteskundeak barne: «Edozer da posible datorren asteetan».
Varadkarrek aitortu du «garaituak» izan direla iragan asteko hitzorduan, eta prest agertu da oposiziora joateko: «Herritarrek oposiziora joateko esan digute, eta hori egiteko prest gaude». Iragan agintaldian, Fine Gael egon zen boterean, Fanna Failen kanpoko babesa jasota. Ordea, bi alderdiek bozen kanpainan adierazi zuten ez zutela akordio hori errepikatu nahi.