«Sionisten mehatxua» salatu du Irango presidenteak NBEn

«Deabruaren eskuetan paratu diren botereguneei» egotzi dizkie Ahmadinejadek nazioarteko arazoak

Erredakzioa
2012ko irailaren 27a
00:00
Entzun
«Zibilizatu gabeko sionistek gure nazioaren aurka ekintza militar bat egiteko etengabe erabiltzen duten mehatxua gaur egungo errealitate mingotsaren adibide bat da». Mahmud Ahmadinejad Irango presidenteak gogor salatu ditu programa nuklearra dela-eta Israelek eta AEBek egin dizkioten mehatxuak. NBE Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusia baliatu du horretarako. Ahmadinejadek salatu du munduan «gerren, ezegonkortasunaren eta okupazioen» joera nagusitu dela, «munduaren arreta erakartzen duten guneen gaineko nagusitasuna eta interes ekonomikoak bermatzeko». Batzar Nagusien 67. saioko bigarren eguna zen atzokoa. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ere bart zuen egitekoa agerraldia.

Ahmadinejadek Irango presidente gisa Batzar Nagusietan egindako azken agerraldia izan da, bi hautagaitza jarraian egin ondoren heldu den urteko hauteskundeetara ezin izanen baita aurkeztu. «Bakea eta segurtasun iraunkorra» lor daitezkeen helburuak direla erran du, «denen artean», eta nazioarteko arazoak sortzea egotzi dio «deabruaren eskuetan paratu diren botereguneek egindako kudeaketa okerrari». «Potentzia hegemonikoen armen lehiaketa» eta arma nuklearren bidez egindako «mehatxuak» munduaz nagusitu direla uste du Ahmadinejadek.

Obamaren agerraldia

AEBetako eta Israelgo ordezkaritzak ez dira aretoan egon Irango presidentearen agerraldian, eta Kanadakoak hitzaldiaren erdian alde egin du. Barack ObamaAEBetako presidentea Ahmadinejad baino lehen mintzatu da batzar Nagusian. Irango programa nuklearra dela-eta «konponbide diplomatikoa» bilatzeko epea ez dela «mugagabea» erran du, eta Teheranek arma nuklearra lor ez dezan «beharrezkoa dena» eginen duela adierazi du Obamak. Izan ere, AEBek, Israelek eta Mendebaldeko aliatuek arma nuklearrak egiteko asmoa egozten diote Irani, baina Teheranek dio programa nuklearra erabilera zibilerako dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.