SIRIA. GOLANGO GAINA. Gaza, Zisjordania... eta Golan

Israelek okupatutako ordokian bizi diren jatorrizko arabiar druzoak erresistentziari eusten diote euren eskubideak bermatzeko

Majdal Shams
2010eko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Gaza eta Zisjordania dituzte hizpide mundu zabaleko egunkarien hainbat eta hainbat tituluk. Israelen bada, ordea, beste lurralde okupatu bat ere, agintariek nekez aipatu ohi dutena: siriarren Golan. Golango eskualdeak 1.850 kilometro koadroko eremua hartzen du; horietatik 1.250 okupatu egin zituen Israelek. Sei Eguneko Gerra izenekoan gertatu zen hori, eta, ordu hartan, Zisjordania eta Gaza ere okupatu zituen. Druzoak dira hango biztanleak, xiismo musulmanaren erlijio adar batekoak.

Israelek 1948an birrindu eta suntsitu egin zituzten herrixka palestinarrak, eta haietako biztanleak tokiz aldatu. Palestinako gainerako lurraldeak 1967an okupatu zituzten militarrek. Golango biztanleek, halere, hilabete gutxi batzuen buruan jasan behar izan zituzten bi aldi horiek: Sei Eguneko Gerrak iraun zuen bitartean, eta haren ostean. Han zeuden 140 herrietatik 134 suntsitu zituzten, eta haietan bizi ziren 130.000 lagunetatik 124.000 tokiz aldatu zituzten, indarrez; Siriara eraman zituzten, heriotza mehatxupean. Gaur egun, siriarren bost herri bakarrik daude Golango Gainean, eta 20.000 druzo inguru bizi dira haietan; lurraldearen %5 bakarrik dute beren kontrolpean.

Majdal Shams herrixka arabiarrekoa da Taisir Merei. Garapenaren Aldeko Golan erakundeko zuzendari nagusia da siriar druzo hori, eta, azaldu duenez, herrixkakoek gogor eutsi zioten garbiketari: «Israelek konkistatu beharreko helburutzat zeuzkan hasieratik Golango Gaineko ur erreserba handiak». Halere, 1967ra arte ez zieten eraso, Siriak enklabea Israeli erasotzeko erabiliko zuelako aitzakian. Harrezkero, estatu hebrearrak ahalegin handia egin du biztanle druzoak indargabetzeko eta israeldartzeko. 1948an, soldadutza egitera gonbidatu zituzten druzo israeldarrak; 1956an, zerbitzu hura egitera behartu zituzten. Golango druzoei, berriz, Israelgo naziotasuna eskaini zieten 1981ean. Mereik esana: «Uko egin genion Israelgo Estatuan inolaz ere parte hartzeari. Hartan parte hartu izan bagenu, bere lurraldea eskatzeko aitzakia ederra izango zukeen Israelek, bere biztanleria berria babesteko aitzakian, eta, guk betiko galduko genukeen gure jatorrira -Siriara- itzultzeko aukera». Hala, bada, Golango biztanle arabiarrek ez dute soldadutzarik egiten, eta zehaztugabea dute naziotasuna.

Herri druzoaren erresistentziari aurre egiteko, erasoari ekin zion berriro ere, hezkuntza eta kultura alorrean. Mereik azaldu duenez, «haur arabiarren ikasliburuetan israeldarren aldaera jasotzen da Golanen historiari buruz; beraz, zeharo manipulatuta dago druzoen historia, belaunaldi berrietakoak israeldartzeko asmoz, eta jatorriz dagokien tradizio, historia eta kultura ondarea ahantzarazteko». Estrategia horrek, baina, ez die emaitza onik ekarri. Mereik esan duenez, «zaila da hori dena sinestea: besteak beste, hemendik kilometro batera bizi diren kolonoek guk baino askoz ere eskubide gehiago eta erraztasun handiagoak dituztelako; alkateak ez direlako herritarren ordezkari ere, baizik eta Israelek ezarritako kudeatzaile soil batzuk; eta, batez ere, Sirian bizi zaizkien senitarteko gehienengandik banandu zituztelako Golango biztanle guztiak».

Garrasiak komunikabide

Golan eta Siriako gainerako lurraldeak bereizten dituen burdin hesi legez kanpokoaren ondo-ondoan dago Majdal Shams. 1967az geroztik, siriarrak ezin dira sartu Israelen; Golango arabiarrei, berriz, debekatua diete Siriara joatea. Gazte batzuek bakarrik lortzen dute ikasketak Damaskon egiteko baimena. Inguruabar guztiak kontuan izanik, elkarren arteko harremanari eusteko modu bitxi bat asmatu zuten mugaren alde bietako siriarrek. Ostiral eguerdietan, mugaldeko mendi tontorretara igotzen hasi ziren familia bananduetako senideak, eta largabistak eta bozgorailuak erabiltzen hasi ziren alderik alde komunikatzeko. Horretarako, gobernuak harmaila batzuk ere egokitu zituen bere lurraldean. Oraindik ere egiten dute egun seinalatuetan: esaterako, Amaren Egunean. Azkenaldian, baina, Jordanian biltzen hasiak dira siriarrak; horiei ere, ordea, nekeza gertatzen zaie.

Jordaniatik irten ahal izateko baimenak, berriz, 1990az geroztik ematen dituzte, baina gizon erlijiosoei bakarrik; eta, iaztik hasita, 70 urteko emakume adinekoei ere bai. Israelek segurtasun arrazoiak argudiatu ditu, baina «biztanleak estutzeko neurri bat» besterik ez da Mereirentzat: «Damaskon ikasten ari dira gure 500 gazte inguru, 18-30 urte bitartekoak. Haiek ez badira inolako mehatxua, nolatan izango dira 40 urteko emakume batzuk?». Israelek haren politikarekin bat ez datozenak zigortu egiten dituela dio Mereik: «Ni ekintzailetzat naukate, eta, semeak ikusteko baimen eske joan zitzaielarik, argi eta garbi adierazi zioten gure amari: 'Esaiozu isilik egoteko zure semeari, eta etorri orduan baimen eske». Mereik beste hiru anaia ditu Sirian: «Ezezagunak dira niretzat; gure ama, berriz, haiek ikusi gabe hil zen iaz, 42 urtean horretan alferrik ahalegindu eta gero».

Mina artean

Sei Eguneko Gerrak iraun zuen bitartean, pertsonen aurkako minaz josi zuten Golan; landetan eta haran arteko pasabideetan ez ezik, herrixketan barrena ere ezarri zituzten. Base militarrak kokatu zituzten han, biztanle zibilak giza ezkutu bihurrarazita, eta minaz inguratu zituen instalazioak. Golan okupatu osoan, minaz betetako 70 landa eremu baino gehiago daude. Garapenaren Aldeko Golan izeneko erakundeko medikua da Slaman Briek, eta, hark azaldu duenez, «etxeetatik eta eskola atarietatik metro gutxi batzuetara daude minak». Minek hamasei lagun hil dituztela dio -zortzi adingabeak-, eta 134 zauritu -98 adingabeak-.

Jalak 17 urte ditu, eta inguratuta daukate haren etxea: «Zerbait eroriz gero leihotik kanpora, ezin gara haren bila joan, arriskuan jarriko genukeelako bizia». Badio besterik ere, zoritxarrez: «Euriak higatu egiten du lurra, eta tokiz aldatu behar izaten dituzte minak; horrek are eta zailago egiten du non dauden jakitea. Brieken ustez, «ironia bat da munduko non edo non minaren bat agertuz gero Israel hara joatea laguntza ematera -minetan aditua izaki-, eta, hala, munduaren aurrean itxura ona agertzea. Hemen, ordea, haien arabera berena den lurralde honetan, nonahi sakabanatuta daude minak, eta ez dute zirkinik ere egin nolakoak diren eta non dauden jakinarazteko guri».

Garapena sustatzen

Irabazi asmorik gabeko erakunde bat da Garapenaren Aldeko Golan, 1991n sortutakoa; okupazioz geroztik eskualdean geratu ziren biztanle arabiarrei laguntzen eta haien bizi-maila garatzen ahalegintzen da. Mereik azaldu duenez, «helburu dugunak asmo bat du akuilu: gure komunitateko kideen bizimodua hobetzea, hainbat egitasmo abiarazita eta erraztasunak emanda hezkuntzako, nekazaritzako eta ekonomia eta osasun garapeneko beharrizan oinarrizkoak bete ahal izateko. Azken horri dagokionez, nabarmentzekoa da elkartearen osasun etxea; hango kide dira mediku arabiar guztiak, eta, horri esker, osasun zerbitzu bikaina dute eskueran biztanleek. Okupazioari aurre egiteko indarrak biltzen dihardu erakundeak. Izan ere, «lehenago edo geroago, Siriari itzuli beharko diote Golango Gaina, eta Israelek kalte-ordainak eman beharko dizkie biztanleei: eragindako ondorio txar, lapurtutako natura baliabide eta bete gabeko nazioarteko hainbat lege guztiengatik»; hala esan du, azkenik, Mereik.



Naziotasun zehaztugabea

Golango siriarrei naziotasun zehaztugabea eman zien Israelek. Israelgo nortasun agiri bat dute, herrialde horretako bizilagun direla aitortzen duena, baina pasaporte bat ere behar dute, non esaten den naziotasun zehaztugabea dutela. Bidaiatu ahal izateko, bisa behar dute ezinbestean, eta kontrol zorrotzak pasatu behar dituzte aireportuetan.







Israelen okupazioa urratsez urrats

GERRA GARAIA

1967. Israelek Sei Eguneko Gerran okupatu zuen Golango Gaina. Handik hilabete gutxira, zeharo suntsitu zituen lehendik zeuden herrixka arabiarrak; 140etatik 135. Siriara indarrez lekualdatu zituzten 125.000 zibil. Golan okupatuan 4.000 siriar baino ez ziren gelditu.

1973. Yom Kippurko gerran eremu zati bat berreskuratu zuen Siriak; Israelek, baina, gogor erantzun eta lurralde osoa bereganatu zuen.



Bete gabeko ituna

1974. Siriak eta Israelek Deskonexio Ituna sinatu zuten; Israelek lau alditan erretiratu beharra zuen. UNDOF Bereizketa Ikuskatzeko Nazio Batuen Indarra hedatu zen mugaldean (6.000 soldadu).

1975. Al Kunaitira hiriburutik erretiratu zen Israel. Bide batez, ordea, atzean utzitako bazter guztiak suntsitu zituen, eta minaz bete. Israelek ez zuen bete ituna.

1981. Israelgo Parlamentuak naziotasuna eskaini zien druzoei. Golango biztanleek sei hilabete iraun zuen greba orokor bati ekin zioten.

1984. Israelek kokaguneak eraikitzeari ekin zion garai bateko herrixka arabiar suntsituen gainean. Izenak hebreerara aldatu zituzten.





Ekialde Hurbileko ur erreserba handienetakoa bereganatu eta jatorrizko biztanleei jabetza kentze aldera, hainbat lege ezarri ditu urteotan Israelek.

Ura borroka iturri

E. Jara. Majdal Shams

Ekialdeko Hurbileko ur erreserbarik handienetako bat da Golango Gaina. Ordoki hartako lurzoruan mila milioi metro kubiko euri ur botatzen ditu urtean; horrek argi erakusten du zer-nolako interesa eduki dezakeen eremu horretan Israelek. Ez du alferrik hango mendietatik lortzen bere uraren %25. Hala, bada, garrantzitsua da fruta sektorea: Golango Gainekoak dira Israelgo merkatuko sagarren eta gerezien %90; horietatik %45 bakarrik dira, ordea, baratze arabiarretakoak. Izan ere, 1967az geroztik, Golango biztanle arabiarrek ezin dituzte libreki erabili beren natura baliabideak.

Golango erasoa baino zazpi urte lehenago, 1959an, gaurdaino indarrean iraun duen lege bat argitaratu zuen Israelek. Horren arabera, Estatuarenak bihurtu ziren Israelgo iturri guztiak; beraz, Gobernuaren onespena behar zuten ur putzuak egiteko edozein hondeatze lanek. Horregatik, Israel Golanez jabetu zelarik, Estatuaren jabetzakoa bihurtu zen Golango ur guztia, eta hark kudeatu zuen aurrerantzean. Artean eremu hartan zirauten biztanle bakanek, ordea, beren baratzeak ureztatu beharra zeukaten, eta, hasieran, Israelgo Uren Nazio Konpainiak berak ere ez zien urik saldu nahi izan.

Trikimailuak

Egoera horri aurre egiteko, siriar druzoek buruargi jokatu zuten. Hondeatze lanik egitea eta ezer eraikitzea galarazia zietenez, 80ko urteetan bidoitzar batzuk jarri zituzten beren baratzeetan, euri ura jaso ahal izateko. Israel harri eta zur geratu zen, bidoitzar haiek ez baitziren legez kontrakoak. Egoera hari nolabait erantzutearren, ordea, beste araudi bat argitaratu zuen 1986an; haren arabera, Golango arabiarrek-eta haiek bakarrik- bost ministerioren baimenak lortu behar zituzten, beren baratzeetan bidoi bat jarri ahal izateko: Ingurumen Ministerioarena, Plangintza Ministerioarena, Uren Garraiorako Nazio Departamentuarena eta Arkeologia Agintaritzarena. Salman Briek doktoreak adierazi du urtebete baino gehiago eman duela baimen horietako lehena lortu nahian, sagar sailean bidoi bat jarri ahal izateko. Horrekin guztiarekin kontent ez, ordea, eta 90eko urteen hasiera aldean, nekazariei gutunak bidaltzen hasi zitzaien Israel, besteak beste, honako hauek galdegiteko: bidoiei zenbakiak jar ziezazkietela, jasotako euri ur kopurua kalkulatu zezatela, eta, haren truke, zergak ordain ziezazkietela Uren Nazio Konpainiari. Hau ere ba omen zekarten gutunek: «Israel gainean eroritako ura -Golango Gainean erortzen dena barne- Israelgo ura da, eta, beraz, ordaindu egin behar da haren truke». Gaur egun arte, arabiarrek uko egin diote ordaintzeari. Briekek esan duenez, «nazioarteko legeen arabera, okupazioak ez dio inolako eskubiderik ematen Israeli gure natura baliabideak lapurtzeko».

90eko urteen hasiera aldean, Uren Nazio Konpainia bere ur propioa -Lam aintziratik eratorritakoa- saltzen hasi zitzaien siriarrei. Kopuruak, ordea, oso esanguratsuak dira: arabiarrek 3,4 milioi metro kubiko ur jasotzen dituzte urtean; kolonoek, berriz, 34 milioi. Horrez gainera, arabiarrek 3,5 shekel (70 zentimo euro) ordaintzen dituzte metro kubikoko; kolonoek, berriz, 0,90 shekel (16 zentimo).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.