Libano. Presidentearen izendatzea

Siriak doi-doi lehertu ez duen bolborategia

Siriako gerraren eragina handia da Libanon. Iheslariak 1,3 milioi izan litezke, bost milioi biztanle baino gutxiago zituen herrialdean. Tentsio sozialak, zerbitzuen degradazioa eta sektarismoa dira arrisku nagusiak.

Herritar bat, Libanoko Gobernuaren egoitza inguratzen duen hesian, Beiruten. OLIVER WEIKEN / EFE.
Ricard Gonzalez.
Beirut
2016ko azaroaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Libanoko gerra igaro zenetik 25 urte baino gehiago igaro dira, nahiz eta gezurra dirudien. Kristauen eremuetan, oraindik ere ohikoa da ikustea Samir Geagearen erretratu erraldoiak. Geageari gizateriaren kontrako krimenak leporatzen dizkiote. Ez da bakarra. Nabih Berri, legebiltzarreko betiereko presidente eta Amal milizia xiitaren buruak, edo Hassan Nasrallah Hezbollahekoak, nonahi dute presentzia eremu xiitetan. Gauza bera gertatzen da Walid Jumblattekin, mendi druzoan. Baina jarrera sektarioek iraun duten arren, itxura guztien kontra, ika-mika zaharrak berreskuratzeko tentazioari aurre egin dio Libanok. Eta ez da izango bizilagunen arteko gatazkak sare sozial eta politikoan eragin ez duelako.

Nazio Batuen Erakundearen iturrien arabera, milioi bat errefuxiatu siriarrek baino gehiagok eman dute izena Libanon. Beraz, kopuru erreala 1,3 milioirainokoa izan daiteke, 2011n bost milioi baino biztanle gutxiago zituen herrialdean. Iritsi berri gehienak musulman sunitak direnez, herrialdeko oreka erlijioso konplexua aldatuko lukete bertan geratuko balira, ehunka milaka palestinar iritsi zirenean gertatu zen bezala, hamarkada batzuk lehenago, 1975ean Libano sutan jarri zuen txinparta izan zena.

Gainera, exodo siriarrak tentsio sozialak areagotu ditu; zerbitzu publiko batzuk gainezka daude, alokairuen prezioa bikoiztu egin da, eta langile ez-kualifikatuen soldatek hondoa jo dute. «Nik lehen 1.500 dolar irabazten nituen metalean. Orain siriarren eskulanak prezioak lehertzen dituelako, sektorean 700 edo 800 dolar irabazten dira», kexu da Mohamed. Behin-behinean taxilari aritzea erabaki du, eta emigratzeko asmoa dauka, irtenbiderik ez baitio ikusten bere bizitzari Libanon.

«Orratzekin helduta dagoen herria dirudi Libanok, beti lehertzeko zorian», azaldu du Tomas Alcoverrok, Ekialde Hurbileko nazioarteko komunikabideen dekanoak. Kataluniako La Vanguardia egunkariarentzat egiten du lan duela 45 urte baino gehiagotik. Arriskuez kontziente, politikari konfesionalek erabaki dute Siriako gatazkarekiko dauzkaten desadostasunak baztertzea, oso jarrera ezberdinak izanda ere.

Iranen aldeko Hezbollah milizia oso zuzenean sartu da Baxar al-Assaden aldeko borrokan. Esperientziadun borrokalariek armadaren elitezko taldean hartu dute parte borroketan. Hain zuzen, Tiroko hilerrian —herrialdeko xiiten hiri nagusia da Tiro—, hamar bat martiri daude, Jainkoaren Alderdikoak. Taldearen banderaz eta kolorez apaindutako hilarriek gatazkan giltzarriak izan diren borroken lekukotasuna eskaintzen dute: Qusair, Ekialdeko Guta eta Deir ez Zor, besteak beste.

Hezbollahen esku hartzeari erantzunez, Siriako talde matxinoek borrokak izan dituzte Libanoko mugako tropekin, eta atentatuak egin dituzte auzo xiitetan. Inon ez da tentsioa Tripolin bezalakoa, iparraldeko hiri garrantzitsuenean. Han, ironikoki, Siria kaleak banatzen ditu Jabal Mohsen auzo alauia —Al-Assad ere alauia da—, eta Bab Tabaneh auzo sunita. Azken urteotan, hildako asko izan dira bi komunitateen aurrez aurrekoen ondorioz.

Libanok pairatu duen beste gaitz bat zerbitzu publikoen degradazioa izan da, krisi politikoaren ondorioz gobernua luzaroan izan baita behin-behineko egoeran. Iaz, Beiruten zaborra ugaritu zela-eta sortu zen mugimendu sozial batek herrialdeko sistemaren oinarriak astindu zituen, Kiratsa darizu lelo erakargarria zeukan kanpainaren bidez, lider sektarioen eta gerra jauntxoen esku baitago boterea, azken hamarkadotan. Gaur egun, hiriburuaren zentroa, non gobernuaren eta legebiltzarraren egoitzak dauden, burdin hesiz itxita dago, eta armadaren kontrol postuak daude, manifestariak ez hurbiltzeko

«Talde sektarioen jarrerak gogortu egin direla esango nuke, azken urteotan. Gero eta gutxiago nahasten dira komunitateak, eta erlijio ezberdineko kideen ezkontzak gero eta gutxiago gertatzen dira», dio Alcoverrok, oso eszeptiko statu quo-aren edozein aldaketarekiko.

Interpretazio baikorra

Marwan Maaloufek, ordea, Kiratsa Darizu-ko buruetako batek, ez du bat egiten diagnostiko horrekin. «Inoiz gertatu ez den arrakasta lortu genuen iaz, eta esperantza eragin zuen. 100.000 pertsona baino gehiago manifestazioan, alderdi politikoetatik at, eta agenda sektariorik gabe. Aldaketa zaila da, baina ez ezinezkoa». Georgetownen lizentziatutako abokatua da Maalouf. «Aldaketak sartzeko une egokian gaude. Ez da beharrezkoa sektarioak ez diren ekintzaileek bozak irabaztea. Blokeen arteko berdinketa badago, eragin dezakegu emaitzek alde batera edo bestera egin dezaten. Trukean, baldintzak eska ditzakegu. Hori bai, horrek eskatzen du gai izan behar dugula aktore politiko gisara artikulatzeko. Hori da gure erronka». Baikorra da. Ez du onartu nahi herrialdearen ikuskera fatalista edota aldaezina.

Beraz, gertutik jarraitu beharko da Libanoren garapena. Mundu arabiarren abangoardia izandakoa, gaur martirizatua eta norabiderik gabe.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.