Al Asad eta Ehud Olmert Israelgo lehen ministroa mahai beraren inguruan eseri ziren iragan asteburuan, Parisen. Mediterraneorako Batasuneko goi bileran batera agertu ez zitezen ahaleginak egin zituzten, ordea. Al Asadek honela azaldu du bere jarrera: «Goi bilera honetan irtenbide zehatzak lortuko zirela uste nuen. Ez, ordea, polemika sor dezaketen irtenbide sinboliko hutsak». Israelekin bake akordioa sinatzeko sei hilabete eta bi urte arte beharko dituela azaldu du, gainera. Horretarako, baina, bi aldeak benetan negoziatzeko prest egon beharko dutela zehaztu du.
Irango programa nuklearra ere izan du hizpide Al Asadek.AEBek Teherani eraso egitea erabakiko balute, Ekialde Hurbileko egonkortasuna eta segurtasuna kolokan egongo liratekeela ohartarazi du.
Mohamed Abdelaziz Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidenteak ere dei egin die goi bileran bildutakoei, Marokoren okupazioak eskualdeko bake eta segurtasuna arriskuan jartzen dituela salatuta.
Bestalde, Ehud Olmert Israelgo lehen ministroa baikor agertu da PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buru Mahmud Abbasekin bildu ondotik: «Ez da inoiz hain gertu izan bake akordioa lortzeko aukera».
Mediterraneorako Batasuna
Europak «presentzia politiko txikia» izan du Ekialde Hurbilean. Horiek hala, Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak ahalegin berezia egin du hori aldatzeko. 40tik gora herrialdetako agintari bildu ditu. Helburua: integrazioa sustatzea.
Herrialdeek prestatutako zirriborroa ia bere osotasunean onartu dute estatuburu eta gobernuburuek. Besteak beste, bi urtez behin goi bilera egitea eta presidentetza iparraldeko eta hegoaldeko kide banak osatzean adostu dira. Atzerri ministroek urtero egingo dute bilera. Idazkaritza iraunkorra ere sortuko dute.
«Eztabaida oso aberasgarria izan da», adierazi du Sarkozyk. Sei arlotan lankidetzan aritzeko konpromisoa hartu dute: Mediterraneoarengarbiketan -2.000 euroko kostua izango du-, lurreko eta itsasoko bideak sortzean, natur hondamendietarako babes zibilean, eguzki indarra erabiltzeko proiektuan, Euromediterraneoko unibertsitatean eta ikasleentzako Erasmusa zabaltzean adostu dira.
Trukea
ISRAEL ETA HEZBOLABihar da ordua. Israelek eta Hezbolak bihar dira presoak trukatzekoak. Israelek bost libanoar askatuko ditu, tartean Samir Kantar. Hezbolak, berriz, 2006an bahitutako bi soldadu israeldarrak entregatuko ditu.