Ekintzaile palestinar batek larunbatean Haifako jatetxe batean bere burua eta beste 19 pertsona hil eta ordu batzuetara, igandean jada, Israelgo Armadako airekoek Sirian eraso bat egin zuten. Hain juxtu, Damaskotik hurbil dagoen Ein Saheb errefuxiatu palestinarren gunea jo eta hainbat eraikin birrindu zituen. Tel Avivek argudiatu zuen gunean Jihad Islamikoak Haifako erasotzailearen taldea entrenamendu eremu bat zuela. Siriak hori ukatu eta Nazio Batuetako Segurtasun Kontseiluaren gaitzespena galdegin zuen. Haatik, Washingtonek aukera hori blokeatu zuen. Bitartean, Israelek Gaza hirian eta Al Bureijeko errefuxiatu gunean hainbat eraikin suntsitu zituen.
Segurtasun Kontseiluak gaitzespenik onartu ez arren, Siriako Atzerri Ministerioak agiri bat kaleratu zuen atzo, Kontseiluko bost kide iraunkorrei Ameriketako Estatu Batuak, Errusia, Txina, Frantzia eta Erresuma Batua berriz ere eskatuz Israelek eginiko erasoa gaitzes dezaten.
Damaskok «munduko herrialdeek Israel gaitzesteko beharra» berretsi zuen, «Tel Avivek antzeko ekintzak ez errepikatzeko». Siriaren iritziz, halako erasoak egoera larriagotu eta «eskualdeko eta nazioarteko bake eta segurtasunerako mehatxu» bihur daitezke.
NBEko idazkari nagusi Kofi Annanek zein ere erakundeko hainbat herrialde kidek Israelek eginiko erasoa gaitzetsi zuten, baita Liga Arabiarrak ere. Annanek larunbateko eraso suizida ere gaitzetsi zuen.
Bien bitartean, Hamasek atzo jakinarazi zuen 16 mortero jaurti zituela Gazako kokagune juduen aurka. Ez zen biktimarik izan.
Libano, alerta egoeran
Zenbait adituren iritziz, Israelek Ein Saheb errefuxiatu guneari erasotzean oharkizuna bidali dio Damaskori, bake prozesuari berriz ekiteko eta palestinarrei laguntza eta Iranekiko elkarlana eteteko. Iduriz, erasoa Washingtonekin aurretik hitz egin ondoren agindu zuen Tel Avivek.
Siriak ukatu du lurraldean errefuxiatuta dauden 400.000 palestinarren artean gerrillariek baseak dituztela. Jihad Islamikoak eta Hamasek segurtatu dute Damaskon zituzten bulegoak aspaldi itxi zituztela. Bestalde, FPLP-KG Palestina Askatzeko Herri Frontea-Komando Nagusiak onartu du duela urte batzuk trebatze gunea izan zuela Ein Saheben, baina Damaskoren presioak zirela-eta itxi zuela.
Israelen erasoak Yom Kippurreko edo Ramadango Gerra arabiarrek hala deitzen diote bukatzeko balio izan zuten eta Henry Kissinger AEBetako ordezkaria bitartekari izan zuten itunak urratu ditu. Gauza bera egin du Siriak eta Israelek ordutik 1995eko maiatzean sinatutako akordio bakarrarekin. Zera zioen akordioak: «Herrialde bakoitzak ez du bere segurtasuna bestearen kaltetan bilatuko. (...) Batak bestearen subiranotasuna eta lurralde osotasuna errespetatuko ditu».
Libanon errefuxiatu guneetan bizi diren palestinarrak alerta egoeran jarri dira Israelen balizko erasoen aurrean. Atzo mugako Kfar Kila herrira tiro egin zuten soldadu israeldarrek.
EKIALDE HURBILEKO GATAZKA
Siriak Israelek egin erasoa gaitzesteko eskaria berretsi du
Israelgo Armadak Damasko ondoko errefuxiatu gune palestinarbati eraso izanak nazioartean kezka eta gaitzespenak eragin arren, NBEko Segurtasun Kontseiluak ez du hura gaitzetsi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu