Gutxienez 21 zibil hil zituen Siriako armadak atzo, tiroz, herrialdearen erdialdeko Hims hirian, Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera. Jaledija auzoko Jaled Ibn Ualid meskitaren inguruan izan ziren hilketa gehienak. Bestalde, «talde armatu batek» bi ofizial bahitu ditu Rastan hirian, SANA Siriako agentzia ofizialaren arabera.
Gainera, militarrek Idlib probintziako Sermin hirian beste bi lagun hil dituztela salatu dute Herri Koordinaziorako Batzordeek. Halaber, Hama eta beste hainbat hiritan atxiloketa kanpainarekin jarraitzen dutela salatu dute matxinoek.
Bitartean, Arabiar Ligaren eta Al Assaden artean atzo egitekoa zen batzarra bertan behera geratu zen, «Damaskok aurkeztutako arrazoi objektiboengatik». Datorren larunbatera atzeratu dute bilera, eta orduan, herrialdeko krisia konpontzeko hamahiru puntuko ekimena aurkeztuko dio Nabil al Arabi Arabiar Ligako idazkari nagusiak Siriako presidenteari. Besteak beste, preso politikoak eta manifestazioetan parte hartzeagatik atxilotutako guztiak askatzea eta sistema demokratikoa ezartzeko prozesua abiatzea barne hartzen ditu ekimenak. Herri Koordinaziorako Batzordeek bat egin dute Arabiar Ligaren ekimenarekin.
Gizadiaren kontrako krimenak
Bestalde, Europako Batasunak petrolioaren gainean ezarritako zigorrek herrialdeari ez diotela kalterik egingo adierazi du Mohamad al Jleilati Siriako Finantza ministroak. Orain artean EBri saldu dio Damaskok bere petrolio ekoizpenaren %95; aurrerantzean, berriz, kopuru hori Errusiari eta Txinari saltzea aurreikusten du Al Jleilatik.
Alain Juppe Frantziako Atzerri ministroak, aldiz, Al Assad gehiago estutzearen alde hitz egin du Moskun. «NBEren Giza Eskubideen Kontseilua gurekin bat dator Siriako erregimenak gizadiaren kontrako krimenak egin dituela esaterakoan».
Protestak herrialde arabiarretan
Siriako armadak gutxienez 21 zibil hil ditu tiroz Hims erdialdeko hirian
Europako Batasuneko zigorrek ez diote kalte egingo erregimenari, Damaskoko gobernuaren arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu