Siriako Gobernuak bertan behera utzi du gaur 1962. urtetik indarrean zen larrialdi egoera. Aurreko larunbatean iragarri zuen neurria, baina gaur arte ez du hartu erabakia, azken asteetan geroz eta larriagoak diren istiluak apaldu nahian.
Sirian larrialdi egoeraren legeak herritarren askatasunak murriztu ditu joan diren 50 urteetan. Esate baterako, helegiteak aurkezteko eskubidea baldintzatzen du eta torturapean lortutako deklarazioak onartzen dira Freedom House gobernuz kanpoko erakundeak salatu duenez.
Erabakia atzo istilu larriak izan, eta Gobernua gaur goizean "matxinada armatuaz" hitz egin du ostean etorri da. "Gertatutakoak erakusten du erakunde salafisten matxinada armatua dela, batik bat Homs eta Baniasen", esan du Barne ministerioak atzoko liskarren ondoren. Tentsioak gora egin du Sirian azken egunetan.
Atzo larrienak Homs hirian gertatu ziren, Damascotik 165 kilometrora. Zortzi manifestarien hiletetan milaka lagunek eskatu zuten Bashar al Assad presidentearen dimisioa, eta Gobernuak tiro egiteko agindu zuen. Dagoeneko berrehun dira Siriako protestatan hildakoak, giza eskubideen erakundeek jakinarazi dutenez.
Lehen informazioen arabera, ordea, atzokoan ez zen hildakorik izan. Bai, ordea, zauritu ugari. Horiek, gainera, ez dituztela ospitaleetara eramaten azaldu du Reuters albiste agentziari protestagileetako batek, Poliziak bidean atxilotuko dituelakoan.
Homsen ez dago nazioarteko hedabideetako kazetaririk Gobernuak bota egin dituelako, eta bat atxilotu egin dute.
Yemenen presidentearen aldekoen eta kontrakoen arteko borrokak
Yemenen ere hainbat pertsona zauritu zituzten atzo Ali Abdula Sale presidentearen aldekoen eta aurkakoen arteko borroketan, Saba albiste agentziak azaldu duenez, Hodeidah probintzian, herrialdearen mendebaldean. Lekukoen arabera hainbat manifestari erregimena amaitzea eskatzen ari ziren eta Gobernuaren aldekoekin aurrez aurre topatu zirenean hasi ziren borrokak. Poliziak negar egiteko gasa bota zuen.
Azken aldian ugaritzen ari dira presidentearen aldekoen eta kontrakoen arteko borrokak. Sale presidentea krisiari irtenbide bat aurkitzeko negoziazioetan ari da, baina bere kontrako jarrera ugaritzen ari da.