Protestak herrialde arabiarretan

Siriako hainbat intelektualek bilera egin dute trantsizioa bideratzeko

Aurreneko aldiz elkartu dira oposizioko kideak, Damaskon; erregimenak beste bilera batera deitu ditu

Erredakzioa
2011ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Aurreneko aldiz elkartu ahal izan dira oposizioko kideak, intelektualak guztiak, Damaskon. Semiramis hotelean ziren batzekoak, eta, segurtasun indarrek eta frankotiratzaileek eraikina inguratuta bazeukaten ere, ez dute trabarik izan elkartzeko, nahiz eta bilerara joatekoa zen bat baino gehiago ez den ausartu bertaratzera, jazarriko dioten beldurrez. Luai Hussein Siriako ekintzailea da bilera sustatu dutenetako bat, eta, azaldu duenez, beren kabuz egin dute bilera, inongo erakunde edo alderdiren babespean: «Bilerak ez dauka gai zerrendarik, eta hemendik ateratzen dena parte hartzaileek egindako ekarpenak izango dira».

Husseinek argitu nahi izan du bilerak ez duela zerikusirik Bashar al Assad presidenteak batasun nazionalerako elkarrizketak sustatzeko ekimenarekin. Dena den, zehaztu du erregimena jakinaren gainean zegoela eta haren baimena badutela. Hasan Abas eta Michel Kilo daude bileran parte hartu duten 150 intelektualen artean —biak behin baino gehiagotan atxilotu dituzte azken hilabeteotan—. Aref Dalilak esan du sistema demokratiko baterako trantsizioa bideratzea dutela xede.

Bilera paraleloa

Erregimenak, paraleloan, beste bilera batera deitu ditu intelektualak eta oposizioko ekintzaileak, heldu den uztailaren 10erako. Elkarrizketa Nazionalerako Elkarteak sustatu du ekimen hori, eta erreforma berriak aztertzea du asmo. Faruk al Shara presidenteordea da erakunde horretako burua, eta erregimenaren eta oposizioaren arteko elkarrizketa sustatu nahi du. Al Assad hilaren 20an mintzatu zen elkarrizketa nazionala sustatu beharraz gatazkari irtenbidea emateko, orduan ere konspirazioaz eta sabotajeaz hitz egin bazen ere.

Siriako egoera bere hartan da, martxoaren erdialdean protestak piztu zirenetik. Erregimenak Turkia eta Libanoko mugetara ere bidali du armada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.