Sarah Huckabee Sanders Etxe Zuriko bozeramaileak esan du lehenik EI Estatu islamikoa "ehuneko ehunean" garaitu dutela SDFk —kurduen miliziak indar nagusitzat dituen koalizioak— eta aliatuek. Donald Trump presidenteak Floridara egin duen bidaian harekin hegazkinean zihoazen kazetariei esan die hori Sandersek, eta lur hartu ondoren Trumpek berak agerraldi bat egin du hori berresteko. Duela bi egun bezala, mapa bat erakutsi du azaltzeko EIk 2014an aldarrikatu zuen kalifa herria desagertu dela.
Siria ekialdeko Baghuz hirian izan du EIk azken gotorlekua, Irakeko mugan. Trumpek gaur adierazpenak egin eta gutxira, Baghuzen dauden berriemaile batzuek adierazi dute bonba eta tiro hotsak entzun dituztela —AEBetako CNN katekoak eta Reuters berri agentziakoak, besteak beste—, eta Mustafa Bali SDFren prentsa arduradunak adierazpen bat egin du ondoren egoera argitzeko: "Etxe Zuriaren adierazpenak ez daude kontraesanean gureekin. Guk ere esaten dugu Estatu Islamikoa erori dela. Ikuspuntu geografiko batetik, Estatu Islamikoaren inperioa erori egin da". Baina ondoren zehaztu du borrokak ez direla eten. "Kobazulo eta trintxera batzutan daude [EIko kideak]. Denak guztiz inguratuta daude. Nazioarteko koalizioarekin batera ari gara lanean amore eman dezaten, edo haiekin bukatzeko".
SDFk, beraz, ez du aldarrikatu EIren gaineko behin betiko garaipena. Muturreko talde islamista sunitak 2014an aldarrikatu zuen kalifa herria, eta ordutik Siriako eta Irakeko lurralde asko inbadituta izan ditu.