Siria

Siriako Lagunak, oposizioa armaz hornitzeari buruz ados

Dohan (Qatar) bildu dira Siriako oposizioa babesten duten bederatzi estatutako atzerri ministroak eta John Kerry AEBetako Estatu idazkaria. Siriarako konponbideak politikoa izan behar duela errepikatu duten arren, oposizioari armak ematearen alde agertu dira.

Samara Velte.
2013ko ekainaren 22a
17:39
Entzun

"Sirian, indarren arteko oreka behar da. Horregatik, beharrezkoa da oposizioari laguntza militarra emtea, hark bere egoera hobetu dezan". Hamad al-Zani Qatargo Atzerri ministroaren ahotik etorri da Siriaren Lagunak taldeko herrialdeek gatazkaren inguruan lortutako ondorioa. Dohan, Qatargo hiriburuan, bildu dira gaur Frantziako, Italiako, Alemaniako, Turkiako, Egiptoko, Saudi Arabiako, Jordaniako, Arabiar Emirerri Batuetako eta Erresuma Batuko atzerri ministroak eta John Kerry AEBetako Estatu Idazkaria.

Kerryrena izan da ozenen entzun den ahotsa. Washingtonek ekainaren 13an iragarri zuen ofizialki Siriako oposizioa militarki hornituko zuela, Damaskok arma kimikoak erabili zituela argudiatuta —Siriako giza eskubideen urraketak aztertzen dituen NBEren batzordeak oraindik ez du halakorik ikusi—. Siriaren Lagunak taldeak ordutik egin duen lehen bilera da gaurkoa: gainera, aurki geldituko da bertan behera EB Europako Batasunak adostutako arma bahimendua —EB osatzen duten herrialdeak ez ziren gai izan hura luzatzeko akordio bat lortzeko—, eta horrek eztabaidagai nagusi bihurtu du laguntza militarraren auzia.

Errusiak behin eta berriz ohartarazi du oposizioari armak emateak dakarren arriskuaz: oposizioa ez dela aski estututa sentituko, eta ez duela parte hartuko aurki Genevan egin nahi duten konferentzian. Siriaren Lagunak taldearen ustez, berriz, batek ez du bestea kentzen. "Hain zuzen ere, oposizioa babestuko dugu Genevako konferentziara joan dadin", esan du Kerryk. "Hau ez da irtenbide militarra bilatzeko modu bat, irtenbide politiko bat bultzatzekoa baizik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.