Siriako oposizioa prest dago Brahimirekin elkarlanean aritzeko

NBEren eta Arabiar Ligaren mandataria gaur bilduko da Baxar al-Assad presidentearekin

Erredakzioa
2012ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Lakhdar Brahimi NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren Siriarako mandatari berezia oposizioko taldeekin bildu da Damaskon. Hassan Abdul-Azeem oposizioko NCC Koordinaziorako Batzorde Nazionaleko bozeramaileak «babesa» agertu dio Brahimiri, eta mandatariarekin elkarlanean aritzeko prest agertu da. NBEren ordezkaria ostegunetik dago Sirian, eta ezkor agertu da: «Sirian krisi bat dago, eta okerrera egiten ari da». Gaur, berriz, Baxar al-Assad presidentearekin biltzekoa da.

NCCko bozeramailearen arabera, oposizioak «herrialdeko gatazka konpontzeko proposamenak» aurkeztu dizkio Brahimiri. Oposizioko talde horrek ezinbestekotzat jo du «indarkeria amaitzea, preso politikoak askatzea eta behin-behineko gobernua sortzeko elkarrizketak abiatzea». Abdul-Azeemen hitzetan, «indarkeria inoiz ez bezalako mailara heldu da», eta Siriako herritarrak sufritzen ari direla azaldu du. Brahimik, berriz, egoera «oso larria» dela azaldu du, baina «Siriako gerra zibiletik salbatzeko» borondatea berretsi du.

Herenegun, Walid al-Moallem Siriako Atzerri ministroarekin bildu zen Brahimi, eta bilkurak «onak eta emankorrak» izan zirela azaldu du. Al-Moallemek, berriz, Brahimiri eskatu zion bakea ezartzeko ekinaldiek «Siriako herritarren interesen araberakoak» izan behar dutela.

Gatazka hedatzeko beldurra

Brahimik irail hasieran ekin zion Siriarako bake mandatariaren lanari Kofi Annanen ordez, horrek bere planak porrot egin zuelakoan karguari muzin egin ostean. Baina oraindik ere Siriako egoeraz kezkatuta jarraitzen du nonbait, ohartarazi baitu «gatazka inguruko herrialdeetara hedatzeko arriskua» dagoela. Horregatik, nazioarteari bat egiteko eta Brahimiri babesa emateko eskatu dio. Annanen ustez, bere ondorengoak badu esperientzia, baina NBEren Segurtasun Kontseiluko herrialde guztien laguntza beharko du «konponbide baketsurako aukera bilatzeko», «baita Errusiarena ere», azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.