Siriako SNC plataformako buruzagi berriak laguntza exijitu dio nazioarteari

Oposizioko taldeek Qatarren egindako bilkuran, George Sabrak adierazi du «aurki» laguntza militarra jasotzea espero dutelaDohan eztabaidatutako proposamenak AEBek egin dituztela salatu du Damaskok

mikel rodriguez
2012ko azaroaren 11
00:00
Entzun
SNC Siriako Kontseilu Nazionala oposizioko taldeko presidente berriak «baldintzarik gabeko laguntza» exijitu dio nazioarteari, «oposizioko buruzagitza berria eratzeko esperoan gelditu gabe». George Sabrak erran du herrialde arabiarrak eta nazioartea haien jarrera aldatzera «bultzatuko» dituztela, uste baitu Siriako oposizioari ez diotela eman behar bertzeko laguntza. Hala ere, erran du «aurki» laguntza militarra jasotzea espero duela —«tankeen eta hegazkinen aurkako misilak, geure burua defendatzeko»—. Qatarren egin ditu adierazpen horiek, Siriako oposizioko zati handi batek erakunde bateratu bat sortzeko asmoz egindako bilkuran. Edizio hau ixteko orduan, negoziazioak itxi gabe zeuden oraindik. Siriako Gobernuak adierazi du Dohako batzar hori «atzerriko bertze esku hartze bat» dela.

SNCk babesle dituen herrialdeekin haserre mintzatu da Sabra, haiengandik «deus» ez dutela lortu erran baitu, «soilik zenbait adierazpen eta animo». Sabra herenegun hautatu zuten SNCko presidente, Abdelbasset Sydaren tokia hartuz. Siriako Alderdi Komunistako kide ohia da, eta zortzi urte egin ditu preso (1987-1995). Iaz erbesteratu zen. Kristaua da, baina ukatu egin du haren izendapena Mendebaldeari egindako keinua izan dela, Anaia Musulmanek SNCn duten eragina itxuraz behintzat murrizteko asmoz.

Mendebaldeko herrialdeen, Persiako golkoko monarkien eta Turkiaren babesarekin sortu zen SNC iaz, Baxar al-Assaden aurkako oposizioa biltzeko asmoz. Ez du lortu helburu hori, eta AEBek jada ez dute oposizioaren ordezkari bakartzat onartzen. Washingtonek sostengua eman dio Riad Seif enpresariak aurkeztutako planari, bertzeak bertze, erakunde guztiak bilduta gobernu alternatibo bat eta Siriako armadaren aurkako borroka zuzenduko duen kontseilu militar bat sortzeko. Planaren arabera, zuzendaritza politikoa 60 lagunek osatuko lukete, eta horien herenak inguru izanen lirateke SNCkoak. Plataforma hori beldur da nazioartean lortua zuen erreferentzialtasuna galduko ote duen, eta, horregatik, negoziazioak etengabe gibelatu ditu aste osoan.

FSA Siriako Armada Askeak, ordea, berrantolaketa bat eginen duela iragarri du. Dioenez, eremu geografikoen arabera bortz adar sortuko ditu, eta buruzagitza Turkiatik Siria barrenera mugituko du. «Armada hori era antolatuan eta diziplinatuan mugituko da. Nazioarteak jakinen du bidalitako armak nora doazen», adierazi du Mustafa Xeikh FSAko kontseilu militarreko buruak. Xeikhek erran du Saudi Arabiak «laguntza gehiago» agindu diela «hobeto antolatuz gero».

Omran al-Zubi Siriako Informazio ministroak, berriz, gogor kritikatu du Dohako bilkura. Oposizioko taldeak egotea «normala» dela erran du, baina « lotsagarria eta umiliagarria» dela «atzerriko indarren babesarekin, diruarekin eta agendaren arabera bilkurak egitea». Gainera, Dohan eztabaidatutako proposamenak AEBetako Ikerketa Zentroak egin dituela adierazi du Al-Zubik, gero «pertsonaia zehatz batzuen izenean jarriz Siriako herritarrek egin dituztela errateko».

Hiru bonba-auto Daraan

Informazio ministroaren iritziz, «Siriako gerra terrorismoaren aurkako gerra da». Horregatik, Al-Zubik uste du «terrorismoaren aurkako borroka» ez dela soilik «Siriaren betebehar konstituzionala, nazioarte osoarena baizik».

Hain zuzen, hiru bonba-auto leherrarazi zituzten atzo Daraa hirian. Sana agentzia publikoaren arabera, zazpi zibil hil zituzten, eta bonbetako bat etorbide batean lehertu zuten. Oposizioko taldeen arabera, ordea, armadaren egoitzak izan ziren helburua, eta hogei militar hil zituzten.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.