Barack Obama Amerikako Estatu Batuetako presidenteak "dena prest" du "edozein unetan" Sirian eraso militar bati ekiteko, baina kongresuan eztabaidatuko dute aurrena. Hala jakinarazi du Obamak berak, Etxe Zurian eginiko agerraldi batean. Esan du armada prest dagoela erasorako eta Obama bera ere prest dagoela agindua emateko, baina ganberan eztabaidatu nahi du aurrena: "Ez dut Kongresuaren baimenik behar erasoa agintzeko, baina ez dut egingo". Kongresua irailaren 9an itzuliko da lanera, eta, beraz, atzeratu egingo da erasoa.
Kongresuko kideei baimen hori gaurtik bertatik hasi zaie eskatzen Obama. Esan du "demokrazia konstituzional zaharrenak" direla AEBak, eta gaineratu "herrialdearen indarraren erroa" ez dagoela indar militarrean, ematen duen ereduan baizik. Hala, Obamak galdetu du: "Zein mezu emango dugu onartzen badugu diktadore batek bere herritarrak gasez hiltzea?". Gaineratu du AEBek ez dutela eta ezin dutela "ezikusiarena" egin Damaskon abuztuaren 21ean gertatutako eraso kimikoarekin.
Hainbat lagun elkartu dira Etxe Zuriko kanpoaldean, Obama Siriari buruzko adierazpen bat egitekoa denean. 19:15ean zen hitzartzea hastekoa, baina Obama oraindik ez da agertu. Etxe Zuriko iturrien arabera, AEBetako presidenteak ez du iragarriko eraso militarraren hasiera.
Obamak hitzaldia bukatu eta berehala hasi dira erreakzioak. Besteak beste, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak Twitter sare sozialean idatzi du "ulertu eta babestu" egiten duela Obamaren erabakia.
I understand and support Barack Obama's position on #Syria.
— David Cameron (@David_Cameron) August 31, 2013
Eraso "mugatua"
Atzo eginiko agerraldian, oraindik erabakirik ez duela hartu esan zuen Obamak, baina jada zehaztu zuen "aukera anitz" aztertzen ari badira ere ez dutela soldadurik bidaliko Siriara, eta berriz esan zuen erasoa denboran eta tokian "mugatua" izanen litzatekeela.
Bestalde, abuztuaren 21ean Damasko kanpoaldean eginiko eraso kimikoa aztertzen izan diren Nazio Batuen Erakundeko behatzaileak gaur joan dira Siriatik, eta Rotterdameko (Holanda) aireportura heldu dira. Hala jakinarazi du Arma Kimikoen Debekurako Erakundeko bozeramaile Michael Luhanek.
Behatzaileen asmoa zen gaur bertan NBEri txosten bat helaraztea, jasotako informazioaren lehen balorazioa eginez. Ez dute hala egingo, eta analisi zientifikoak egin arte itxarongo dute balorazioak egiteko.
Balizko eraso baten aurka mintzatu da gaur ere Vladimir Putin Errusiako presidentea, eta Obamari zuzendu zaio. Esan dio, Bakearen Nobel saridun den heinean, eraso militar batek eragin ditzakeen biktimengan pentsatzeko. Sirian esku hartze militar bat abiatzea erabaki aurretik, "oso ongi" pentsatzeko esan dio Putinek, eta oroitarazi AEBek eginiko beste esku hartze batzuetan —Afganistan eta Irak aipatuta— ez dutela bakea ezartzea lortu.