Kontrabandistak 200 dolar eskatu arren, Jewanek lortu du azkenean tarifa erdi preziora jaistea. 26 urteko gazte kurdu batentzat kopuru handia bada ere, Irak eta Siria arteko muga igarotzeko irrikan dago. Hiru urte pasa dira familia azkenengoz ikusi zuenetik.
Gauerdian, kontrabandistaren pausoei jarraituz, atzean utzitakoak datozkio gogora Jewani: «27 egunez torturatu ninduten, unibertsitateko ikasleen erakunde bateko kide izatea egotzita. Gurasoek poliziaburu bati 2.000 dolar ordaindu ostean geratu nintzen aske. Libanora ihes egin nuen gero, eta, Turkia zeharkatuz, Irakeko Eskualde Kurdu Autonomora iritsi nintzen».
Irakeko azken herrixka atzean utzi dutenean, pexmergen —Irakeko Eskualde Autonomo Kurduko soldaduak— argiak ezustean harrapatu ditu. Ez diete susmo txarrik hartu Jewan eta gidariari, eta aurrera egiteko baimena jaso dute, 200 bat metrora dagoen Siriako kontrol postura.
Muga inguruko erdibidean furgoneta dute zain, argiak itzalita, motorra martxan. Laster batean egin dituzte aurkezpenak. Gidaria eta bere laguntzailea «PKK-ko [Kurdistango Langileen Alderdia] gerlari» dira, 1984tik Ankararen kontra borrokan ari den gerrilla kurduko kide. Antza denez, kurduak dira orain Derik herritik gertu dagoen mugaren zatia kontrolatzen dutenak, Damaskotik ipar-ekialderantz 1.000 kilometrotara.
Fusila sorbaldan, gerrillarietako batek eman ditu azalpenak: «Berehala abiatuko gara, beste batzuen zain gaude». Handik minutu batera, Irakeko aldetik gizon talde bat ageri da ilaran. Furgonetan zamatu dute zaku eta traste pila batekin. «Hemen daude nire ondasun guztiak. Nire lurra nire herri kurduak gobernatzen duen arte ez naiz itzuliko. Etxea utzi nuen egunean bertan zin egin nuen». Asmarenak dira hitzak; hunkituta, autoko aurreko jarlekuan eseri da. «Duela 32 urte alde egin nuen, nire haur jaioberriari bularra ematen ari nintzela. Orain, semeak bere jaioterria ikusi ezin izanaren damu dut. Mendian hil zen, Turkiako armadaren aurka borrokan, orain bi urte».
Berriro ere elkarrekin
Rafik anaia Jewanen zain dago mugaren Siriako aldean. Elkartu direnean, ohituraren arabera muxu eman dio; bat ezkerreko masailean eta hiru eskuinekoan. Anaia lasaitu nahi izan du: «Etxerainoko bidea libre dago, ez daukazu zertan kezkatu».
Tarteka, iluntasunean, bihurgune zorrotzez beteriko errepidea su adarren batek argiztatzen du. Inguruan dozenaka petrolio xurgagailu itzel martxan, lur azpira burua jaitsi eta igo, erritmo motel baina etengabean. «Geureak genituen lur hauetako asko, baina assadtarrek —Baxar al-Assad Siriako presidentearen sendia—hegoaldeko familia arabiarrei eman zizkieten». Jewanek dioenez, lurra urreagatik ere bada aberatsa.
1963an Baath alderdia boterera iristearekin batera, Siriako kurduek —bi eta lau milioi arteko biztanleria— arabiartze politika sistematikoa jasan zuten. Kurduera debekatu zuten eta askok Siriako herritartasuna galdu zuten. Ondorioz, hezkuntza, osasuna eta jabegoa eskuragaitz bihurtu zitzaizkien. Nahitaezko deportazioak eta familia arabiarren birkokatzeak ere ohikoak ziren.
Irakeko mugatik 35 kilometrotara eta Turkiakotik 15era dagoen Girke Legen oso bestelako egoera uzten dute agerian hormetako eta banderetako kolore kurduek —berdea, gorria eta horia—. «Eskualdea kurduen kontrolpean dago erabat, eta iraultza hasi zenetik ez dut inoiz tirorik egin», dio herri sarrerako kontrol postuan dagoen gerrillariak.
Azkenaldian Siriako kurduen PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiaren eta Baxar al-Assaden gobernuaren arteko negoziaketen inguruko zurrumurruak zabaldu dira. Salah Muslim PYDko presidenteak, baina, ukatu egin dio BERRIAri inolako akordiorik egin izana: «Siriako bigarren talde etnikoa gara, eta Damaskok ez du herrialdeko gutxiengoen aurka fronte berri bat ireki nahi». Beste analista batzuen arabera, ordea, Damasko Ankara mehatxatzen ari da bere mugetan beste eskualde autonomo kurdu bat onartuz.
Edonola ere, Girke Lege herrikoek ez dute zerikusirik Damaskotik edo Halabetik heltzen diren suntsipen irudiekin. Goizaldea iritsi da, eta herriko etorbide nagusia jendez gainezka dago, are gehiago Ramadana —musulmanen baraualdia— bukatu denean. Musika kurdua ozen entzuten da oraindik zabalik dauden te etxe eta dendetatik. Festa giroan, hamarkadatan klandestinitatean jardun dun alderdi politiko kurdu baten egoitza berri bat ere inauguratu dute. «Baneukan lehenagotik ere honen berri, baina ikusten ari naizena ezin sinetsita nago oraindik», adierazi du Jewanek, harrituta.
Ama malkotan dago Jewan berriz ere besarkatu duenean. Semearen etorrerak ustekabean harrapatu du emakumea. Jewanek ere ez zuen espero Damaskoko senideak bertan aurkitzea. «Bost egun dira iritsi ginela. Etengabeak ziren borrokak eta bonbardaketak. Ezin genuen han jarraitu». Marai osabaren ondotik Alian izebak hitz egin du: «Duela hogei urte Damaskora joan ginen bizimodu hobea lortzeko asmoz. Orain ez dakigu inoiz bueltatzerik izango ote dugun».
Sirian, etxean eta onik
Halaben ez bezala, apenas entzuten diren gerra hotsak Siriaren menpeko Mendebaldeko Kurdistanen, eta erbestean urteak eman dituzten hainbat lagunek etxera itzultzea erabaki dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu