Sirian militarki esku hartzeak egoera okertuko luke Kofi Annanen iritziz

Gatazkaren «irtenbideak» ezin dituela «arazo gehiago sortu» erran du NBEren bidali bereziak

mikel rodriguez
2012ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
«Uste dut operazio militarrak areagotzeak egoera okertuko lukeela». Esku hartzearen aurkako adierazpenak egin ditu NBE Nazio Batuen Erakundeak eta Arabiar Ligak Siriarako hautatu duten bidali berezi Kofi Annanek. Kairon da egunotan Annan, Nabil el-Arabi Arabiar Ligako idazkari nagusiarekin, bihar Damaskora egitekoa duen bidaia prestatzen. Gatazkaren «irtenbideak» ezin dituela «arazo gehiago sortu» erran du NBEko idazkari nagusi ohiak, eta bide diplomatikoak jorratzearen alde agertu da. Mendebaldeak ez ezik, Errusiak eta Txinak ere ontzat jo zuten Annanen izendapena, eta Siriak ere ez dio trabarik paratu.

Bere mandaturako nazioartetik jaso duen sostengua nabarmendu du Annanek. Nazioartetik «proposamen onak» egin direla uste du, eta horren adibidetzat paratu ditu iragan urte amaieran Arabiar Ligak aurkeztutako plana eta NBEren Giza Eskubideen Kontseiluak iragan hilean onartutako Siriako erregimenaren gaitzespen ebazpena. «Hilketak geldiarazi behar dira, eta erreformak abiarazi». Giza laguntza helaraztea ere lehentasunen artean aipatu du Annanek.

Hain zuzen, helburu horrekin elkartu zen atzo Genevan (Suitza) NBEren OCHA Giza Gaietarako Koordinaziorako Bulegoa. Sirian bertako erakundeen bidez elikagaiak banatu dituela jakinarazi du Genevan Munduko Elikagai Programak, baina zehaztu du ezin izan dela ailegatu borrokek gehien kalte egindako tokietara. Horregatik, giza laguntzarako plan bat eratu du OCHAk, elikagaiak helarazteko, Siriako osasun sistemari laguntzeko eta uraren hornidura konpontzeko. 90 egunerako plana egin du OCHAk, eta ia 80 milioi euroko kostua izanen du.

Amosen bisitaren jarraipena

Damaskok, ordea, ez du ongi hartu OCHAren plana. Siriak NBEn duen enbaxadore Faisal al-Hamwiren ustez, bilkurak «ez du deusetarako balio izan», eta kritikatu du Valerie Amos NBEren Giza Gaietarako idazkariordea Siriatik itzuli baino lehen egin izana. «Bisitaren emaitzari itxaron beharko liokete, krisi humanitario bat dugula edo jendeari han edo hemen lagundu behar zaiola erran baino lehen».

Hain zuzen, Amosek Homs hirian ikusitakoaren berri eman zuen atzo Siriatik. Eremu batzuk «suntsituta» daudela azaldu zuen, bereziki Bab Amr auzoa. «Kezkatuta nago hiriaren zati horretan bizi zen jendeari gertatutakoarekin». Ilargi Erdi Gorria herenegun sartu ahal izan zen Bab Amrera, baina adierazi zuen han ez zuela «inor» aurkitu, hilabeteko setioaren ondoren hango biztanleek alde egin baitute. Auzoa Siriako Armada Askea talde matxinoaren esku egon da, baina iragan ortziralean handik ihes egin zuen, milaka soldaduk hiria berreskuratu aitzinetik.

Oposizioko hainbat taldek, bereziki SNC Siriako Kontseilu Nazionalari lotutakoek salatu dute erregimenak ehunka lagun hil dituela Bab Amren bonbardaketen bidez. Damaskok, ordea, «talde terroristei» egotzi dizkie hilketak. Amos Homsen izan berri den arren, SNCri lotutako Herri Koordinaziorako Batzordeen arabera erregimena «zibilak exekutatzen» ari da. Talde horrek dio 44 lagun hil zituztela atzo Homsen, «oposizioko ekintzaileak izateagatik». Informazio horiek berrestea, ordea, hagitz zaila da, Sirian ia ez baitago iturri alternatiborik.

Oposizioko sektore horrek egindako bertze salaketa bat da Damaskok ospitaleak «torturarako gune» bihurtu dituela —NBEk ere gauza bera salatu du—. Siriako Osasun ministroak, ordea, hori ukatu dio Amosi, eta eri eta zauritu guztiak «berdin» artatzen dituztelaerran dio, «haien ideia politikoak kontuan hartu gabe».

Ministrorde bat oposiziora

Azken asteetan ugaritu egin dira Sirian erregimenaren aurka borrokatzeko atzerritar andana daudela dioten berriak. Salim Harba analistak Libanoko Al-Manar telebistan adierazi du Siriako armadak atzerriko ustezko 700 ekintzaile atxilotu dituela Bab Amren. Horien artean Persiako golkoko herrietakoak, Irakekoak, Turkiakoak, Afganistangoak eta Frantziakoak daudela dio. Errusiak salatu du, gainera, ondoko herrialdeetatik «era guztietako terroristak» sartu direla Sirian, eta Libian erregimenaren arerioak entrenatzeko kanpamentuak daudela adierazi du. Tripolik erantzun du ez duela horren berri.

Duela urtebete Baxar al-Assad presidentearen erregimenaren aurkako matxinada hasi zenetik, gobernuko goi kargudun batek dimisioa eman eta oposizioarekin bat egin du lehenbiziko aldiz. Abd Hussameddin Petrolio ministrordeak jakinarazi du «iraultzarekin» bat egin duela eta erregimenaren «injustizia eta kanpaina bortitza» errefusatzen dituela. Baath alderdia ere utzi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.