Protestak herrialde arabiarretan

Sirian militarrak, poliziak eta mertzenarioak atera dituzte kalera, oposizioari jazartzeko

Segurtasun indarrak tiroka sartu dira Dara hirian eta Damaskoko Duma auzoan, eta hainbat lagun hil dituzte eraso horietanNazioarteari gogorrago jokatzeko exijitu dio HRWk; salatzea nahikoa ez dela dio

2011ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Protestak hasi eta denbora gutxira Bashar al Assad Siriako presidenteak adierazi zuen «gerrarako prest» zegoela. Egunotan, hain justu, argi utzi du indarkeriarekin erantzungo diela bere aurkako manifestariei. Ostiralaz geroztik oposizioaren aurka «gerra krudela» egiten ari dela salatu dute giza eskubideen ekintzaileak. Atzo, protesta gune nagusietara segurtasun indar guztiak bidali zituen, herritarrak izutu eta manifestazioak saihesteko.

Armadak Dara hiriko kaleak indarrez hartu zituen. Martxoan hiri horretan hasi ziren erreforma politikoak eskatzeko protestak, eta hori izan da erregimenaren errepresio bortitzenaren tokia. Gerora beste hainbat hiritara zabaldu ziren protestak. Hori horrela, Assadek izua eragin nahi izan du hango herritarren artean. AFP berri agentziaren arabera, 3.000 soldadu inguru sartu dira hirian tankeekin.

Aurrean nor zuten bereizi gabe tiro egiten sartu dira soldaduak Daran, giza eskubideen ekintzaileen hitzetan, eta gutxienez bost lagun hil dituzte. Lekuko batzuek diote hildakoak hogeitik gora direla. Dena den, kopuru horiek handitu daitezke, izan ere, inor ez da kalera ateratzera ausartzen gertatzen dena ikusteko. Armadak kaleetan pilatu diren hainbat gorpu jaso ditu, gainera. Era berean, gobernuaren eraikinen teilatuetan frankotiratzaileak kokatu dituzte, soldaduei bidea irekitzeko. Daratik kilometro gutxira dagoen Jordaniako muga ere itxi du gobernuak, eta ez du erabakiaren inguruko azalpenik eman.

Herritarrak etxeetan babestuta badaude ere, armadak hainbat etxeren aurka tiro egin duela jakinarazi dute lekukoek. Elektrizitate hornidura ere eten dute, eta telefonoa ere ez dabil. Hori horrela, oso informazio gutxi heltzen da Daratik.

Damaskoko Duma auzoan ere egoera antzekoa da; poliziek eta mertzenarioek hartu dituzte auzoko kaleak. Giza eskubideen aldeko ekintzaileei tiro egin diete, eta horietako hainbat hil egin dituzte, eta beste hainbat atxilotu. Hain justu, Duma auzoan egin dira hiriburuko manifestaziorik garrantzitsuenak. Oposizioaren aburuz, protesta gune nagusiak bortizki jazarriz herritarren eskaerak isilarazi nahi dituzte.

Nazioartearen ikerketa

Indarkeria salatzea ez da nahikoa, HRW Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundearen arabera. Siriako erregimenak agindu dituen erasoen inguruan gogorrago erantzuteko eskatu dio nazioarteari.

HRWren esanetan, beharrezkoa da NBEk ikerketa abiaraztea azken egunotako gertakarien inguruan. Ameriketako Estatu Batuei eta Europako Batasunari agintari siriarren aurka zigorrak ezartzeko eskatu die, eta baita lehenbailehen NBEren Segurtasun Kontseiluaren bilerara deitzeko ere. Izan ere, larunbatean hamalau hiritan manifestarien aurka tiro egin zuten segurtasun indarrek, eta 76 lagun hil zituzten, gutxienez. Giza eskubideen ekintzaileen arabera, ehundik gora izan daitezke biktimak. Igandean ere liskarrak jazo ziren hainbat hiritan manifestarien eta segurtasun indarren artean, eta hildako gehiago eragin zituzten.

Navi Pillay NBEren Giza Eskubideentzako mandatariak indarkeria areagotu izana salatu du berriki. Pillayren hitzetan, errepresioak argi uzten du gobernua ez dela serio ari iragarri dituen erreforma politikoen inguruan edo ez dela gai segurtasun indarrak kontrolatzeko. Izan ere, diktadurari amaiera emateko protestak hasi zirenetik hainbat erreforma politiko iragarri ditu Assadek, baina, era berean, bortxaz isilarazi ditu manifestazioak. Martxotik 350 lagun baino gehiago hil dituztela jakinarazi dute gobernuz kanpoko erakundeek. Laurdena baino gehiago iragan asteburuan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.