Bashar al Assadek sarraskia eragin du Sirian. Larrialdi Legea bertan behera uzteko dekretua sinatu eta biharamunean orain arteko indarkeria bortitzena baliatu du bere dimisioa aldarrikatzen ari diren manifestarien kontra. Ostiral Santuarekin egin ziren orain arteko protesta zabalenak; Damaskon, Homsen, Latakian, Haman, Baniasen, Izraan eta Daran dozenaka milaka lagun atera ziren kalera demokrazia eta askatasuna aldarrikatzera. Segurtasun indarrek eta presidentearen aginduetara ari diren gizon armatuek, baina, ehundik gora lagun hil zituzten. Bashar al Assaden Kontrako Siriako Iraultza mugimenduaren arabera, 112 hildakoren izenak dituzte.
Daran martxoaren 18an protestak hasi zirenetik orain arteko egun odoltsuena izan zen ostiralekoa. Homsen izan zen okerrena, bezperatik hiria setiatua baitzuten segurtasun indarrek. Eta bezperan hildako lagunen hiletetan ere jazarpena baliatu zuen erregimenak; izan ere, herrialde osoan milaka lagun atera ziren kalera larunbatarekin martiriei azken agurra ematera. Damaskon, Izraan eta Duman gutxienez hamabi lagun hil zituzten segurtasun indarrek —protestak hasi zirenetik 300 pertsona hil dituzte—.
1963. urtetik indarrean egon den salbuespen egoera bertan behera utzita ere protestak ez direla isildu ikusita, erantzun ankerra eman du presidenteak, ezen demokrazian sakontzea aldarrikatzen zutenek honez gero diktaduraren amaiera eskatzen dute; erreformak, beraz, berandu etorri dira.
Ostirala egun giltzarria izango zela aurreikus zitekeen, protestek zer-nolako norabidea hartuko zuten neurtzeko, baina agerian gelditu da herria ez dela isilduko demokrazia ezarri artean. Eta demokrazia ezarriko bada, diktadoreak amore eman beharko du.
Abdel Halim Jadam garai batean erregimen baathistaren gizona izandakoak —orain erbestean bizi da— argi dauka gatazka erreformak egitetik haratago doala: «Iraultza ez da salbuespen egoera dagoelako; ez da lege hori manifestariak atxilotu eta kartzelatzen dituena edo protestalarien kontra tiro egiten duena». Oposizioak ere salatu du presidenteak sinatuta dekretuak ez duela zentzurik, ez bada indarkeria ere bertan behera uzteko.
Teherani erreferentzia
Protesta herrialde osora zabaldu den honetan erregimena une kritikoan dago. Oposizioko mugimendua inoiz baino irmoago dago, eta ikusteko dago esku batekin eman eta bestearekin tiro egiten jarraituko duen.
Nazioartearen presioa ere gero eta handiagoa da, eta orain artean isilen egon direnak ere hasi dira hitz egiten. Washington izan da orain arte kritikoena Damaskorekin. Barack Obamak, alde horretatik, herria entzuteko eskatu dio Al Assadi: «Segituan amaitu behar da protestak isilarazteko baliatzen ari den neurriz kanpoko indarkeria». Iranen babesa bilatzea ere leporatu dio.
Obama, baina, ez da izan indarkeria salatu duen agintari bakarra. Europatik ere gogor hitz egin dute jazarpenaren kontra. Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, berriz, ikerketa independente bat agindu du. AI Amnesty Internationalek ere deitoratu du «aldaketarako aldarrikapen baketsuen aurka» agintariek «balekin eta makilekin» erantzun izana. Erakundeak erantzuleak zigortzeko eskatu du. Malcolm Smart AIko Ekialde Hurbilerako zuzendariaren arabera, ikerketa independentea egin behar da, eta erantzuleak justiziaren aurrean jarri.
Protestak herrialde arabiarretan
Sirian sarraskia eragin du erregimenak, orain arteko indarkeria bortitzena erabiliz
Bezperan hildako dozenaka lagunen omenez egindako hiletetan ere jazarpena baliatu du erregimenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu