Libanoko hauteskunde orokorretako prozesua igandean bukatuta, Siriaren eraginaren kontrakoak nagusitu dira Legebiltzarrerako ordezkari kopuruan. Igandean iparraldeko barrutian egin zuten bozketarekin bukatu da lau igandetan banatuta egin den Libanoko hauteskunde prozesua. Hala, orain arteko oposizioak izango du Gobernua eratzeko giltza eta bilatzen zituen erreformak tartean hauteskunde sistemarena gauzatzeko posibilitatea.
Rafik Hariri zenaren seme Saad Haririren Adiskidetze eta Erreformaren Zerrenda nagusitu zen herenegun Libanoko iparraldeko barrutian, lehian zeuden 28 eserlekuak eskuratuta. Parte hartzea handia izan zen (%50 ingurukoa eta herri batzuetan %90ekoa). 28 aulki horietatik 11 musulman sunitek, bederatzi kristau maronitek, sei kristau greziar ortodoxoek eta bi musulman alauitek beteko dituzte. Horrenbestez, gehiengo absolutua lortu du buruzagi sunitaren zerrendak (beste komunitateetako hautagaiak ere baditu, gainerako zerrendek bezala). «Emaitzek erakusten dute herriak aldaketa nahi duela eta hori da geuk ere eskatzen duguna», adierazi zuen Haririk, emaitzak jakin ahala. Legebiltzarra honela geratuko da osatuta: Adiskidetze eta Erreformaren Zerrendak 72 diputatu lortu ditu. Saad Haririren FM Etorkizunaren Mugimendua, Ualid Jumblatten PSP Alderdi Sozialista Aurrerakoia, Kornet Shehuan Elkarretaratzea, LF Indar Libanoarrak eta bestelakoak sartzen dira zerrenda horretan, zeina Siriaren esku sartzearen eta eraginaren kontrakoa den. Erresistentzia eta Garapenaren Zerrendak (Hezbola eta Amal alderdi xiitek osatua) 35 ordezkari bereganatu ditu. Hau Siriaren eraginaren aldekoa da.Horiez gain, Jendearen Nahiaren Zerrendak 21 diputatu eskuratu ditu. Michel Aun jeneral ohia du buru, berriki 14 urteko erbestealditik itzulia. Berez Siriaren aurkakoa izan zen arren, hauteskundeetan Siriaren aldeko hainbat alderdi eta hautagai independenterekin osatu du zerrenda, Haririrekin eta Jumblattekin tirabirak izan ondoren. Hala, bere FPM Mugimendu Patriotiko Askeaz gain, PNSS Alderdi Sozial Nazional Siriarra, Baath Alderdi Sozialista, NPM Herri Mugimendu Nasserista eta independenteak elkartu ditu. Atzo Aunek baztertu zuen Haririren eta Jumblatten koalizioarekin aliantzarik egiteko posibilitatea: «Konfiantza arazoa dago haien eta nire artean, eta herri libanoarraren eta haien arta. Baloreen gaineko funtsezko ezberdintasunak daude». Gainera, kanpainaren bukaeran «botoak erosi» izana egotzi zien.
Irabazleen lehentasunak
Haririren zerrendak lortutako ordezkaritza aski izango da lehen ministroa eta Legebiltzarreko presidentea legez musulman sunita eta xiita behar dute, hurrenez hurren izendatzeko eta ekinbide politikoa datozen lau urteotan bideratzeko. Lehentasunen artean, askok eskatu duten hauteskunde sistema erreformatzearena dago. Alabaina, ez da 86 diputatuetara iritsi. Kopuru hori beharrezkoa da Konstituzioa erreformatu eta presidentearen (Emile Lahud, kristau maronita eta Siriaren aldekoa) dimisioa behartu ahal izateko.
Sistema konfesionala 1943ko Itun Nazionalaren ondorioa da eta bi gerra zibil (1958koa eta 1975 eta1990 artekoa) pizteko arrazoietako bat izan zen. Azkena bukatzeko sinatutako Taifeko Akordioak sartu zituen aldaketa bakarrak Parlamentuko ordezkaritza kristauen eta musulmanen artean berdintasunean banatzea 64na diputatu eskainita; lehen kristauen aldekoa zen banaketa eta presidentearen botereak murriztea izan zen. Herritarren gehiengoa osatzen duten xiitak (%40) kexu dira maronitak eta sunitak baino gehiago izan arren, baztertuak daudela.Ordezkaritza biztanleen, eta ez komunitateen, arabera finkatzea izango da zereginetako bat.
LIBANO
Siriaren aurkakoek gehiengoa lortu dute, bozen prozesua bukatu ondoren
Saad Haririren zerrendak 72 diputatu bereganatu ditu orotara, iparraldeko bozketan 28 eskuratuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu