Ideologia anitzeko zazpi alderdik lortu dute ordezkaritza Greziako Parlamenturako bozetan, eta ez dago erraza gobernua eratzea. ND Demokrazia Berria kontserbadoreak irabazi ditu bozak, %18,8ko babesarekin, Karolos Papulias Greziako presidenteak atzo hiru eguneko epea eman zion gobernua eratzeko, baina ordu batzuen buruan amore eman zuen NDk, eta bozetako bigarren indar Sirizak ezkerreko alderdiak hartu du ardura hori, Alexis Tsipras buru dela. Papuliasek gaur hartu du bere egoitzan Tsipras.
Siriza izan da bozen garaile nagusia, botoen ia %17 irabazi baitu; 52 jarleku lortu ditu —2009an baino 38 gehiago—. Tsipras atzo Antonis Samaras NBko buruarekin elkartu zen, eta aurrez aurre erran zion ez dagoela harekin gobernua osatzeko prest, NDk erreskate plana onartu zuelako. Tsiprasek esan du Sirizaren helburua "nagusiki" ezkerreko gobernua eratzea dela, erreskate plana eta murrizketa politikak alde batera utzi eta "garapenerako politikak" aplikatzeko.
Ezkerreko bertze bi indarrek ere, KKE Greziako Alderdi Komunistak eta Dimarrek, jakinarazi dute ez dutela NDrekin gobernua eratzeko asmorik. KKE espero baino gutxiago hazi da —puntu bat igo da eta bortz jarleku irabazi ditu, 21etik 26ra pasatu da—. Dimarrek, berriz, lehenbiziko aldiz lortu du ordezkaritza parlamentuan. Azken alderdia izan da, botoen %6rekin (hemeretzi jarleku). Sirizatik banatutako indarra da Dimar, koalizioak EBrekin duen jarrera gogorregitzat baitu.