Emakume arabiarren askapen mugimenduak aztertu ondotik, politikarako jauzia egin du Aida Tuma-Suleiman psikologoak (Nazaret, 1964). Hain zuzen, Zerrenda Arabiar Batuko bosgarren hautagaia da gaurko bozetan, eta lehen emakumea. Hamabost eserleku ematen dizkiote inkestek koalizio berriari, eta, beraz, ezustekorik ezean, Tuma-Suleiman parlamentaria izango da datorren legealdian. Hadash, juduek eta palestinarrek osaturiko alderdi komunista ohia ordezkatzen du psikologoak zerrenda bateratuan, eta Israelgo palestinarren ilusioa berreskuratzeko prest agertu da. Edonola ere, ez du argitu Zerrenda Arabiar Batuak zentro-ezkerreko sionisten gobernu bat babestuko lukeen ala ez.
Arabiarrok zerrenda bateratua osatu duzue lehenengo aldiz. Zergatik orain?
Askotan saiatu izan gara indar guztiak batzen, baina gaur arte ezinezkoa izan zaigu. Oraingoan, berriz, komunitate bateratu gisa erantzun diogu Israelen azken erasoari. Knessetak ordezkaritza lortzeko portzentajea %3,25era igo ondotik konturatu ginen Israelgo alderdi nagusiek parlamentutik kanpo nahi gintuztela. Neurri arrazista horri aurre egiteko batu gara.
Gure erantzukizuna da Israelgo palestinarrak eta indar demokratiko guztiak babestea. Egia da alderdi zeharo desberdinek osaturiko koalizio bat garela. Ni neu mugimendu komunistatik nator, eta zerrenda berean Ta'al alderdi islamistako kide bat daukat. Baina arduratsu jokatu behar dugu: Israelgo Legebiltzarrean ordezkaritzarik gabe geratzeko zorian geunden palestinarrak.
Zein aldarrikapen eramango dituzue parlamentura?
Okupazioaren ondorio bat besterik ez da Israelgo palestinarrok pairatzen dugun egoera. Beraz, okupazioak irauten duen bitartean Israelgo juduek etsaitzat joko gaituzte. Arrazakeria eta gorroto hori begi bistakoa da gure eguneroko bizimoduan.
Guk argi daukagu Israelgo gutxiengo nagusia garela eta gure eskubide zibil eta nazionalak onartu behar zaizkigula. Israelgo juduek dituzten aukera berdinak nahi ditugu, osasun eta hezkuntza sistema duin bat, udalerri arabiar guztien onarpen ofiziala eta lurren konfiskatzeak amaitzea. Bestalde, gure hizkuntza eta kultura babestu nahi ditugu. Israelgo komunitaterik txiroena gara. Gure haurren %60 pobrezia mailatik behera bizi dira, eta hori ezin da onartu.
Israelgo palestinar askok boikota babesten dute oraindik ere. Beldur al diozue abstentzioari?
Gure komunitatean oso txikia izan ohi da parte hartzea, baina alderdi guztien batasunak esperantza piztu du herritarren artean. Izan ere, oraingo honetan beso luzeko alderdia izan gaitezke parlamentuan.
Abstentzioa, etsipenaren isla da. Herritar askok konfiantza galdu dute azken urteetan haien eskubideak gutxitu egin direlako. Israelgo sistema politikoa zapaltzailea eta arrazista da palestinarrekin; horregatik, haren kontra borrokatzera gatoz. Guk zabaldu nahi dugun ideia da gai garela joko politikoaren arauak aldatzeko. Garrantzitsua da gure komunitatean botoa mobilizatzea. Aukera daukagu Israelgo eskuin muturreko alderdi txikiak parlamentutik kanpo uzteko.
Gobernu aldaketa zuen esku egon daitekeela diote inkestek. Zein izango da koalizioaren estrategia?
Gauza bakarra da erabaki dugu: eskuin muturreko gobernu berri bati ateak itxiko dizkiogula. Netanyahu argazkitik kanpo nahi dugu. Edonola ere, erabakiak denon artean hartu behar ditugu, eta, horretarako, bozak amaitu arte itxaron beharko dugu. Emaitzak jakiten ditugunean erabakiko dugu gure indarra nola erabili. Argi dago oraingoan eragin handia izan dezakeela gure erabakiak.
Posible al da Zerrenda Batuak Tzipi Livni ministro duen gobernu bat babestea?
Inolaz ere ez. Aukera hori ez dago mahai gainean. Oso ondo ezagutzen dugu Batasun Sionistako politikarien curriculuma, eta oraindik ez digute erakutsi benetako alternatiba bat direla. Hauteskundeak amaitu arte itxaron beharko dugu norantz joko duten ikusteko. Zentro-ezkerreko alderdi bat direla diote, baina niri ez zait hain burugabea iruditzen azkenean Herzoghek Netanyahuri eskua luzatzea. Edonola ere, ziurra da guri ez digutela inoiz kolaborazio serio bat eskainiko. Eta eskainita ere, nola izan gaitezke Gazaren aurka gerra bat hasteko gai den edo koloniak eraikitzeari utzi ez dion gobernu bateko kide?
Mahmud Abbasek zuzendutako PAN Palestinako Aginte Nazionalak txalotu egin du zuen koalizioa. Zer iritzi duzu Fatah eta Hamasen artean nagusi den banaketa politikoaz?
Oro har, babes handia eman digute lurralde okupatuetako gure neba-arrebek. Zisjordaniako, Gazako eta Jerusalem Ekialdeko herritarrak harro daude zerrenda bateratu bat osatzeko gai izan garelako.
Banaketa politikoari dagokionez, Fatah eta Hamasi behin eta berriz eskatu izan diegu aro beltz honi amaiera emateko eta okupazioaren aurrean agenda bakar bat ezartzeko. Nik uste dut gure batasun berri honek mezu polit bat zabaldu duela: batzen gaituena handiagoa da, banatzen gaituenaren aldean.
Israelgo hauteskundeak. Zerrenda Arabiar Batua. Aida Tuma-Suleiman. Zerrenda Arabiar Batuko hautagaia
«Sistema arrazista bat borrokatzeko batu gara»
Aro berri baten hasiera dela uste du Tuma-Suleimanek. Alderdi arabiar guztiek osaturiko koalizioak parlamentutik kanpo utz ditzake Israelgo eskuin muturreko talde txikiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu