Hiru urte eman zituen Ameriketako Estatu Batuetako espetxe federal batean. Hiru urte kartzelan, webgune batetik animalien eskubideen alde lan egiteagatik. Andy Stepanianek eta bertze bost pertsonak zigor hori jaso zuten, animaliak erabiltzen dituen Huntingdon Life Sciences (HLS) laborategien aurkako boikota bultzatzeagatik. "Ez genuen animaliak salbatzeko ekintza zuzenik egin; gure kanpainaren helburua, legezko hainbat ekinaldiren bidez, enpresa horren jarduera ekonomikoari kalte egitea izan zen", azaldu dio Stepanianek Igandea -ri.
Bai eta lortu ere. Enpresa diruz eta bertze hainbat moduz laguntzen zuten konpainientzako kanpaina egin zuten, laborategiek babesa gal zezaten. Arrakasta handia lortu zuen kanpainak: HLS enpresako akzioek gehienez 35 dolar balio izan zuten, eta, kanpaina haren ondorioz, berriz, 0,01 dolar, bertzerik ez, bakoitzak. Hainbat aldiz egon zen konpainia porrot egiteko zorian.
Enpresarien negozioak behera egin izana ez zitzaien doan atera Stepaniani eta Huntingdon enpresaren aurkako kanpaina antolatu zuten bertze bost aktibistei. Sistema jo zuten min gehien egiten zion arloan. Poltsikoan. Eta ordainarazi egin zien. Garesti, gainera.
"Munduko enpresarik handienen interesak zalantzan jartzen dituzte. Eta horrek haien arerio bilakatzen ditu". Will Potter kazetari estatubatuarrarenak dira hitzak. Ekologistei eta animalien eskubideen aldeko mugimenduko taldeei buruz ari da. Potterrek ez du zalantzarik, eta idatziz ere, liburu batean erran du: Green is The New Red. Berdea da oraingo gorria. Komunisten kontrako borroka zena ekologisten eta animalien aldeko aktibisten aurkako borroka bilakatu da. Berdeak dira, orain, orduko gorriak. Hori dio Will Potterrek. Laster gaztelaniaz emanen dute haren liburua Animalien Berdintasuna taldeak eta Plaza y Valdes Editores argitaletxeak. "Garai batean komunismo hitza erabili zen protesta egiten zuena kriminalizatzeko; egun, terrorismo hitza erabiltzen dute", azaldu du kazetari eta idazleak.
Stepanianen eta haren taldekideen kontrako operazioa da Potterrek aipatutako estrategiaren adibide, kazetariaren hitzetan. Hori ez zen izan, hala ere, animalien eskubideen aldeko mugimenduaren aurkako lehendabiziko operazioa; ezta azkena ere. Esparru horretan ari diren aktibisten kontrako operazioak mundu zabalean gertatu dira azken urteotan. Euskal Herria ere jo du animalien askapenerako mugimenduaren aurkako jazarpenak. Euskal Herriko, Espainiako eta Galiziako hogei pertsona baino gehiago auzipetuta daude 2011. urteko udan hasitako prozesu batean.
"Ekoterrorismoa"
Galizian jarri zen martxan operazio hori. Ustez bisoi amerikarrak askatzeko hainbat ekintza antolatu izana egotzi zien epaileak Equanimal eta Animalien Berdintasuna taldeetako aktibistei. Hasieratik, "poliziaren azpijokotzat" jo zuten atxilotuek haien kontrako operazioa. "Animaliak zapaltzen dituzten etxaldeen barruan gertatzen dena zabaltzea da gure delitu bakarra". Eta hori etxalde horietako jabeei, industriari, finean, ez zaiela komeni argi dute. Industria horren interesak defendatzea du helburu aktibisten kontrako operazioak; hala salatu izan dute.
Animalien eskubideen aldeko aktibista horien lana, gainera, inoiz ez da isilekoa izan. Onartu dute egindakoaren ardura. Ezagutarazi dituzte beti beren ikerketen emaitzak, eta hedabideen bitartez zabaldu dituzte etxaldeetan eta gisakoetan filmatu dituzten irudiak. Kazetariekin batera ere egin izan dituzte ikerketa horietako hainbat.
Instrukzio fasean da prozesua, oraindik ere. Baina hainbat urteko espetxe zigor eskaera jasotzeko arriskuan dira auzipetuak, aurrera egiten badu. Instrukzio fase horretako epaileak berak ekoterrorismo hitza erabili du auzipetutako aktibisten jarduera definitzeko. Arlo juridikoan existitzen ez den kategoria da hori. Auzipetuen ustez, hala ere, hitz hori erabili izana ez da bertzerik gabe egindako hautua. Aipatzekoa da Euskal Herrian Guardia Zibilaren GAR taldeko kideek egin zituztela atxiloketak, eta, hain zuzen ere, horien irudiak zabaldu ziren gehien hedabideetan. Bilbon atxilotutako aktibistetako batek, Eneko Perezek, behin baino gehiagotan salatu du mugimendu osoa kriminalizatzeko saioa izan zela hori.
Ekoterrorismo hitzak zama astuna du atzean. AEBetako Merkatu Askearen Defentsarako Zentroko presidenteorde Ron Arnoldek asmatu zuen, 1982. urtean. 1991. urtean, argi utzi zuen Arnoldek bere asmoa zein zen, The New York Times- en argitaratutako adierazpenetan: "Gu ailegatu arte inork ez zuen uste ekologistak arazo bat zirela. Gure helburua da mugimendu hori suntsitzea eta desagerraraztea". Argi utzi zuen ingurumenaren eta animalien aldeko aktibistek arlo horretako industriari kalte egiten ziotela. Eta bazter utzi behar zituztela.
Hori zen, hain zuzen ere, ekoterrorismo hitzaren asmoa. Andy Stepanianek ederki daki, terrorismoa egotzi baitzioten atxilotu zutenean. "Surrealista izan zen; eta iraingarria; hala ere, jendeak argi zuen guk egin genuena ez zela terrorismoa; ez dut uste inork sinetsi zuenik benetan terrorista ginenik".
Gizarte mugimenduen esparruan goiz murgildu zen Stepanian; egun, The Sparrow Project ekinaldiko bultzatzaileetako bat da. Ingurumenaren aldeko kanpainetan aritu zen hasieran, bertzeak bertze, eta hamalau urterekin barazkijale bilakatu zen. "Unibertsitatean animaliak askatzeko mugimenduan aritzen ziren aktibistak ezagutu nituen, eta haien balioek eragin handia izan zuten nigan". Eragin horrek begano bilakatu zuen Stepanian, eta animalien errealitatea azaltzeko ikerketak egitera eraman zuen. "Animaliak salbatzeko ekintza zuzenaren alde egin nuen".
Bertzelako lan mota batek eraman zuen espetxera, ordea, nahiz eta haren helburua bera izan. Animaliak askatzea. Enpresaren negozioak ukitu zituenean, hala ere, zuzenean jaso zuen animaliak erabiltzen dituen industriaren erantzuna. "Kapitalismoa da arazoaren erroa", erran du, argi eta garbi, Stepanianek. "Sistema ekonomiko horrek animaliei egiten die kalte. Enpresa handiek agintzen dute munduan. Enpresa horietako anitzek animaliak esplotatzen dituzte, eta ez daude negozioa bazter uzteko prest. Bide beretik jarraitu ahal izateko egiten dituzte haien legeak. Animalien eskubideen aldeko mugimenduak irabazteko anitz du irakurketa antikapitalista bati eusten badio".
Kartzelan hiru urte egon eta gero, ez du zalantzarik: "Errepresioaren aurkako armarik onena da garbi izatea guk dugula errepresio hori eraginkorra izanen den edo ez erabakitzeko kontrola". Beldurrarekin lotu du kontrol hori: "Aktibistak argi izan behar du egiten duenak zer ondorio izan dezakeen; ezin du pentsatu gabe jokatu; hori argi badu, errepresioari goitik egiten badio so, errepresioa bera desagerrarazi eginen du".
Gizartearen, hedabideen, elkarteen babesa jasotzeak duen garrantzia nabarmendu du Andy Stepanianek; babes horrek aktibisten aurkako errepresio hori mugatzeko edo hutsean uzteko izan dezakeen indarra. Sistemaren tresnen aurkako borroka, hala ere, ez da erraza izaten. Anitz eta boteretsuak izaten direlako, Stepanianen hitzetan. AEBetan, hain zuzen ere, lege itxura hartu dute.
Legeak, "neurrira"
AEPA, AETA, Ag-Gag. Helburu zehatza duten legeak daude sigla horien atzean: animaliak hazi, saldu eta hiltzen dituzten etxaldeetan gertatzen dena handik kanpora ez zabaltzea. "Aktibisten kontra neurrira egindako legeak dira", zehaztu du Potterrek. Ameriketako Estatu Batuetako legeak dira guztiak, eta "animalien eskubideen alde ari diren taldeen eta pertsonen aurka" onartu dituzte, hain zuzen ere, azken urteotan. Haien lanaren oihartzuna hutsean uztea dute xede.
1992koa da AEPA, Animal Enterprise Protection Act. Haren bidez epaitu eta zigortu zituzten Andy Stepanian eta haren taldekideak. Lege horren tokia hartu zuen 2006an AETAk. Lehendabizikoa gogortu egin zuen bigarren horrek, eta terrorismo hitza jarri zuen mahai gainean, ezkutatu gabe: Animal Enterprise Terrorism Act. Izen hori du. Enpresen jarduera oztopatzen duen oro bilaka daiteke delitu, legeoi esker.
Ag-Gag legeak izan dira onartzen azkenak. Haien eskutik, animaliak esplotatzen dituen etxaldean sartu gabe ere han gertatzen dena filmatzea lortzen duenak jaso dezake espetxe zigorra. Animalien eskubideen aldeko mugimendua izan dute jomugan lege horiek guztiek, eta, hainbat kasutan, kartzelara eraman dituzte aktibistak.
Ag-Gag legeen kasuan, epaitegietara ailegatu diren lehendabiziko auziek bide motza egin dute. Bertan behera gelditu dira prozesuak. AEBetako hainbat estatutan, gainera, argi eta garbi agertu dira haien aurka. Will Potter kazetariak ere kanpaina egin du Ag-Gag legeen kontra. Bertzeak bertze, kazetarien adierazpen eta informazio askatasunaren aurkako eraso ere badirelako, bere hitzetan. Halako legeak onartzeak, haren ustez, helburu zehatza du: "Estrategia da animalien eskubideen alde ari diren taldeak eta aktibistak terrorista gisa aurkeztea, eta kriminalizatzea. Tamalez, anitzetan estrategia eraginkorra da hori. Hedabide handietan terroristatzat jotzen dena, zuzenean, errudun izaten da", nabarmendu du.
Estrategia horren bidez, Stepanianek errandakoaren ildotik, "sistemaren helburua herritarrak beldurtzea" dela azaldu du kazetariak. "Boterean direnek kontrolari eusteko erabiltzen dute beldur hori", gaineratu du Potterrek.
Hori dela eta, estrategia horri aurre egiteko beharra nabarmendu du idazleak. "Herritar anitzek barre egiten dute ekologistak edo animalien aldeko aktibistak terroristatzat jotzen dituztenean; edozein modutan, botereari eta kontrolari aurre egiteko, hezkuntza funtsezkoa da".
"Ag-Gag eta gisako legeak existitzen dira animaliak erabiltzen dituzten enpresek gizarte ongi informatuari beldurra diotelako; hori da egin behar duguna, herritarren esku jarri behar dugu informazioa", erran du kazetari estatubatuarrak.
Bertze hainbat operazio
Ameriketako Estatu Batuak, Euskal Herria, Espainia, Galizia. Ez dira animalien eskubideen aldeko mugimenduaren aurkako operazioak egin dituzten herri bakarrak izan. Ingalaterran, Austrian, Belgikan edo Herbeheretan ere egin dituzte. 2007an, Europako animalien aldeko mugimenduak kolpe handia hartu zuen: 30 aktibista atxilotu zituzten Belgikan eta Herbeheretan, 700 polizia erabili zituen operazioan.
Ingalaterran, hamasei aktibista auzipetu zituzten "konspirazioagatik", HLS konpainiaren aurka egindako kanpainen harira. 2009an, haietako zazpik 11 urteko espetxe zigorra jaso zuten. Atxilotutako zenbait aktibistari Tony Blairrek onartu ASBO legeak ezarri zizkieten. Jokabide Antisozialaren Aurkako Aginduak dira horiek, eta animalien aldeko aktibisten jarduera mugatzeko balio izan dute, anitzetan, aktibista horiek salatu izan dutenez.
Animalien eskubideen aldeko mugimenduaren aurkako errepresioak 2008. urtean jo zuen Austria. Hamar aktibista atxilotu zituzten, erakunde kriminaleko kide izatea egotzita. Hiru hilabetez egon ziren espetxean, eta 90 egun iraun zuen epaiketaren ondotik, guztiak absolbitu egin zituzten. Auziak oihartzun handia izan zuen, eta babes sare sendoa osatu zuen aktibisten inguruan. Elkartasun mugimendu zabala jarri zen martxan haien alde.
Austriako prozesua itxi zen, baina bertze hainbat dira zabalik. Tartean, Euskal Herriko aktibistak auzipetu dituena. Animalien eskubideen aldeko mugimenduaren aurkako errepresioak gora egin du, neurri handi batean, animaliak erabiltzen dituen industriaren interesak arriskuan jarri dituelako mugimendu horrek. Andy Stepanian espetxean sartu zuten. Baina lanean jarraitzen du, animalien alde.