Sobiet Batasunak bereiztu zituenetik

Errusia eta Georgiaren arteko harremana oso gatazkatsua izan da. Sobiet Batasunaren azken urteetatik gaur arte bi herrialdeen arteko ezin emana eta tirabirak handituz joan dira.

2007ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Abuztuaren 8an ustez Errusiak misil bat bota zuen Georgiako lurretan, Hego Osetiako eskualdetik gertu. Errusiako armadak eta Hego Osetiak -Georgiaren menpean egon arren independentzia nahi duen herrialdea- ukatu egin zuten, ordea, bertsio hori: misila Georgiak berak bidali zuen, bere lurretan leherrarazi eta gertatutakoa Errusiari leporatzeko. Finean, bi herrialdeen arteko harremanak gaiztotzeaizango luke xede erasoak, Errusia edo Georgiarena izan errua, bien arteko ezin emana aski ezaguna baita.

SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna behera etorri zenean, 1991. urtean, Georgiaren eta Errusiaren arteko harremana okertu egin zen. Bien arteko liskarren isla eta kokagune nagusia dira Abkhazia, Hego Osetia eta Txetxenia. Mugako hiru herrialdeak, harreman gatazkatsuaren frente bilakatu dituzte.

Abkhaziak eta Hego Osetiak, Georgiatik bereizteko nahiak bultzatuta, Errusiak emandako eskuari heldu zioten berehala. Errusiak bake indarrak ezarri zituen bi eskualdeetan eta herritarrei pasaporte errusiarrak banatu zizkien, egunen batean legezko bihurtzeko itxaropenarekin batera. Txanponaren beste aldean, berriz, Txetxenia dago. Han Errusiatik bereizteko borrokan diraute gerrillariek. Haatik, Kremlinek behin baino gehiagotan salatu duenez, gerrillari independentistek Georgiaren laguntza jasotzen dute.



SHEVARDNADZE ETA SAAKASHVILI. Sobiet Batasunaren azken urteetan Georgia gune arriskutsu bihurtu zen, izan ere, nazionalismoaren hautu politikoa gero eta indartsuagoa zen han. 1989ko apirilean, independentziaren aldeko aldarria egiteko bilduta zeudenen kontra egin zuen SESBko armadak. 19 lagun hil ziren, eta beren asmoetan indartu zituen nazionalistak.

Sobiet Batasuna desagertu ostean, 1992an, Eduard Shevardnadzek hartu zuen Georgiaren agintaritza. Ia hamarkada batez Errusiarekiko hartu-emanak lasaitu egin ziren orduan. Hala ere, izan ziren itxurazko bake egoera hura ilundu zuten hainbat eraso. Besteak beste, Errusiari orduko presidente Shevardnaden eta Igor Giorgadze segurtasun arduradunaren kontrako atentatuak egitea egotzi zioten. Giorgadzek 1990eko hamarkada erdi aldera Errusiara egin zuen, eta 2003an Errusiaren aldeko alderdi politiko bateko kide egin zen. 2006an alderdi horretako hainbat kide atxilotu zituzten, ustez Mikhail Saakashvili Georgiako egungo presidentearen aurkako erasoak egiteagatik.

Iraultza Arrosak garai gatazkatsuagori eman zion hasiera. Bi herrialdeen arteko harremanak asko tenkatu ziren. Izan ere, Saakhasvilik 2003an presidentzia bere gain hartu eta handik hiru urtera krisia larriagotu egin zen. Errusiak Georgian ekoitzitako ardoa, ura eta laranjen inportazioa debekatu zituen lehendabizi, eta gero, edozelako komunikazio bide guztiak apurtu zituen. Airez, itsasoz eta lurrez Errusiatik Georgiara edo alderantziz egitea ezinezko bihurtu da ordutik. NBEk eta AEBek Errusiari tentsioa arintzeko eskatu diote, baina eskaerek ez dute gaurdaino fruiturik eman.

 

Hego Osetia, krisi ekonomiko eta politiko larrian



I.Z.

1991 eta 1992 bitartean armak hartu eta independentzia aldarrikatu bazuten ere, Hego Osetia 1922tik da Georgiaren parte. Eskualdeko egoera ekonomiko larria dela-eta, gazte askok atzerrira egin dute, lan bila. Hego Osetia soldaten batez bestekoa 70 eurokoa da. Errusiak banatu dizkien pasaporteak erabiltzen dituzte Errusiara igarotzeko, batez ere Ipar Osetiara, Kaukaso mendietatik bestaldera. Han familiartekoak izan ohi dituzte, eta lana bilatzea errazago zaie. Errusiako erretiratuen pentsioak 58 eta 68 euroren artekoak dira; Hego Osetian, berriz, 8 eurokoak. Ipar Osetian dauden senitartekoek igorritako diruari esker bizi dira familia asko hegoaldean.

Politikoki oso ezegonkorra da, eta Tbilisekin dituen harremanak oso gatazkatsuak dira. Hego Osetia oso anitza da, alabaina, georgiarrez eta osetiarrez osatuta baitago. Hainbat eskolatan Georgiako hizkuntza debekatu badute ere, eguneroko bizitzan osetiera, errusiera eta georgiera hitz egiten dute.



 

Abkhaziarren nortasuna Georgiaren mehatxupean



I.Z.

Georgiak 1921ean bereganatu zuen Abkhazia. Georgiako batasun adimistratiboaren menpe egin zituen lehen urte haiek. 1930ean autonomia estatusa lortu zuen. Abkhziarrek Georgiako herritarren artean talde murritza osatzen dute, eta horregatik, Tbilisek beren nortasuna eta kultura mehatxatzen dituela uste dute.

Eduard Shevardnadzen agintari zela, 1992an, Georgiako soldaduak Abkhazian sartu ziren, Sujumi hiriburuan. Tokiko gobernua osatzen zuten kideak kanporatu zituzten orduan. Gertaera hark urte beteko gerra piztu zuen. Halere, Abkhaziarrak irten ziren garaile eta eskualdean bizi ziren georgiarrak Abkhazia utzi eta Georgiara egin behar izan zuten ihes.

1994tik Inguri ibaiak zeharkatzen dituen lurraldeetan su-etena dago indarrean. Georgiaren eta Abkhaziaren arteko liskarrak areagotu ez daitezen, NBE Nazio Batuen Erakundeko eta Errusiako soldaduak daude eskualdean, bake misioan. Giro politikoa nahaspilatsua da oraindik, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.