Kataluniako aurtengo Diadak izango duen osagai nagusia Via Catalana cap a la independencia deituriko giza katea izango da, ANC Kataluniako Biltzar Nagusiak antolatuta herrialdea iparraldetik hegoaldera zeharkatuko duena. Soviet Batasunarekiko independentzia lortzeko asmoz herrialde baltikoetan eginiko giza katea izan du erreferente ANCk Via Catalana prestatzeko.
Iraultza Abestua deitu zitzaion Estonia, Letonia eta Lituaniako prozesu hari. 1987an, independentziaren aldeko protestetan, sarri debekatuak zeuden abesti nazionalak kantatzen zituzten estoniarrek, eta, kanta zaharrez gain, pop eta rock estiloko abestiak sortu zituzten garaiko artistek. Hedatu egin zen aldarri eredu hori Letonian eta Lituanian.
Katalunian ere, musikagintza herrialdeak bizi duen prozesu politikoaren isla eta akuilu da. Izan ere, bertan kutsu politiko eta, zehazki, subiranista edo independentistako kantak abestea berria ez bada ere, loratu egin da azken urteetan gai horiek hizpide dituen musika.
Erreparatu besterik ez dago azken urteetan hainbat kantarik edo musika taldek idatzitako abestien izenburuei: Kataluniaren sumisioa eta pazientziaren agortzea aipatzen ditu Ara toca independencia kantak (Quim Vila, 2012), eta azken urteetako egoera politikoaren garapen ironikoa egiten du El cami del referendum-ek (Gonçal, 2011), esaterako. Audioa: Ara toca independencia.
Udaberrian, ironiaz beteriko kanta independentista batek aztoratu zituen sare sozialak. Jofre Borras eta Miquel Malirach abeslariek Espanya, carinyo, lo nostre no funciona abestia sareratu eta ordu gutxira, milaka ziren bideoak Youtube-n izandako bisitak. Gaur-gaurkoz, 267.000 bisita baino gehiago izan ditu hiru hilabete eta erdian (bideoa, hemen).
Prozesu politiko orori lotu izan zaio ereserki bihurtzen den kanta bat. Iraultza bakoitzak, bere abestia izeneko artikulua idatzi zuen Salvador Cardus soziologoak Ara egunkarian 2011ko otsailean; "oraindik abesti bat ez badugu, behar dugu", zioen artikulu hartan. Lluis Llachen L'Estaca izan da luzaroan Frankismoaren eta zapalkuntza nazionalaren aurkako ereserki, eta Llachek berak 2006an eginikoTossudament alçats baliatu zuen ANCk iragan aurtengo ekainaren 29an eginiko Askatasunaren Kontzertua amaitzeko. Emanaldiaren ikur bilakatu nahi izan zuen ANCk kanta hura.
Askatasun nazionalari buruzko abesti ugari sortu ditu, halaber, Obrint Pas talde valentziarrak; "kaleak beteko ditugu zorion uholdez, haietatik jaiotzen baita gure askatasuna irabazteko kuraia", diote Coratge abestian, izen bereko disko-liburuan (2011). Disko horren arrakastak adierazten du zenbaterainoko garrantzia duten gai politikoak jorratzen dituzten abestiek; Espainiako Estatuan gehien saldutako diskoen artean hamabigarrena izan zen. Nolanahi ere, taldearen La Flama abestiak izan du oihartzunik handiena: kanta hori oinarri zuen independentziaren aldeko lipdub bat egin zuten Vicen, eta bideoak bi milioi bisita baino gehiago izan ditu Youtube-n. Bideoa: Viceko lipdub-a.
[Youtube]http://youtu.be/muTMLuGWrp8[/Youtube]
Dozenaka dira, beraz, egungo prozesu politikoari doinua jartzen dioten abestiak. Enderrock.cat atari kataluniarrak iazko Diadaren ostean eginiko erreportaje batean, ehun kanta independentista zerrendatu zituen, eta horiekin bilduma bat osatu zuen Spotify aplikazioan. Hemen daude entzungai.