Boli Kostako Gobernuaren aldeko manifestarien eta herrialde hartan zabaldutako soldadu frantziarren arteko borrokak areagotu ziren atzo Abidjanen.Larunbat gauean hasi ziren borrokak, milaka manifestarik presentzia frantziarra islatzen duten hainbat lekuri eta egoitzari eraso eta kalte egin ondoren. Boli hotelean, egoerari irtenbidea bilatzeko bilera egin zuten atzo, eta eraikinaren inguruetan piztu ziren borrokak. Frantziak, bestalde, ebazpen proiektu bat aurkeztu zuen herenegun NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan. Bertan Boli Kostako Gobernuari zigorrak jartzeko eskatu zuten, 2003ko urtarrileko bake akordioak hautsi egin dituelakoan.
Laurent Gbabgo Boli Kostako presidentea sostengatzen duten Abertzale Gazteakindar politikoak egindako deiari erantzunda, milaka manifestarik aurre egin zieten atzo Abidjango Boli hotelaren inguruan zabaldutako soldadu frantziarrei. Militar frantsesek airera tiro egin zuten, euren hesia hautsi nahi zuten protesta egileei atzera eginarazteko. Parisko gobernuaren aginduetara dauden indarrak Abidjan erdialdeko auzune horretan zabaldu ziren, berrogeita hamar bat ibilgailu blindatu zeuzkatelarik eskuko, «frantses herrikideak babesteko» aitzakiarekin. Laurent Gbagbo presidentearen egoitza Frantziako enbaxada dagoen auzoan bertan dago, Cocody auzoan. Boli Kostako irrati publikoak zabaldu zuen zurrumurru baten arabera, soldadu frantsesen asmoa Gbagboren aurka indarrez jokatzea zen, agintetik kentzeko.
Jacques Chirac Frantziako presidenteak, berriz, erabat gezurtatu zuen atzo asmo horiek dituela, eta Parisek Boli Kostan dauzkan helburu bakarrak «bertako frantziarren segurtasuna bermatzea eta bakearen aldeko bere lana jarraitzea» direla aldarrikatu zuen: «Frantzia Boli Kostaren adiskidea da eta bere xedea herrialde horrek berradiskidetzeko bideak berriro aurkitzea da». Presidentearen arabera, Segurtasun Kontseiluak babesa eman dio Frantziaren «jarduerari» eta Boli Kostako agintariei su-eten akordioa errespetatzeko exijitu die. Boli Kostako indar armatuen bi hegazkin eta bost helikoptero desegiteko agindua eman zuen joan den larunbatean nazioarteko erakundeak, egun hartan bertan bederatzi soldadu frantziar eta zibil estatubatuar batek bizia galdu ostean. Erasoan hildako 9 militarren gorpuak Parisera iritsi ziren atzo eta haien hileta ofizialak bihar egitekoak dira.
Bien bitartean, Frantziak nazioarteko erakundean aurkeztutako ebazpenean, alde batetik,arma esportazioen gaineko bahimendua jartzeko eskatu du eta, bestetik, «bake prozesuarentzako oztopotzat» jotzen duten agintari andanaren ondasunak blokeatzeko. Halaber, pertsona horiei atzerrian ibiltzea debekatzeko eskatu du.
Gbagbok lasaitzeko deia egin die bere jarraitzaileei
Frantziaren ekimen honek Laurent Gbagboren jarraitzaileen haserrea areagotu dezake, nahiz eta Boli Kostako presidenteak irrati eta telebistaren bidez zabaldutako hitzaldi batean lasaitzeko deia egin zuen igandean.
Boliko Kosta defentsa eta segurtasun indarrek azaroaren 4a eta 6a bitartean matxinoek kontrolatzen dituzten lurraldean egindako aire erasoak egin ostean, Gbabgok bere jarraitzaileei etxeratzeko eta frantses interesen eta bizilagunen aurkako erasoak gelditzeko eskatu zien. «Ez dugu probokazioaren zepoan erori behar», esan zuen, besteak beste, presidente bolikostarrak. Su-eten eta bake akordioak indar matxinatuek beraiek dituztela hautsi argudiatu zuen Gbagbok, euren armak uzteko iragan urriaren 15erako finkatutako epea ez errespetatuz. Liberia, Sierra Leona eta Burkina Faso herrialde auzoetatikBoli Kostan matxinoak laguntzeko mertzenarioak sartzen direla eta herriaren lurralde batasuna berregin behar dela esan zuen, halaber, Gbagbok bere manupeko indarrek erasoari ekitea azaltzeko. Frantzia eta Boli Kostako agintarien artean giroa gori-gori jarri duen azken egunotako gaitzaldia baretzeko xedez, bilera bat egin zen atzo manifestariek zenbait ordu lehenago inguratutako Abidjango Boli hotelean. Elkartze horretan Boli Kostako indar armatuen buruzagi goren Mathias Doue jeneralak eta herrialdeko agintari andanak parte hartu zuten, tartean legebiltzarreko presidente Mamadu Kulibali. Anartean, Boli Kostan bizi diren 16.500 frantses herritarretatik gehienak Licorne operazioko soldaduek gerizatutako auzune edo kokalekuetan bilduta daude. Hala, haietatik 1.200 inguru BIMA erregimenduaren kuartel batean elkartuak ziren Abidjanen. Larunbateta igandeko istiluetan, soldadu frantziarrek 30 bat manifestaritik gora hil zituzten, eta Gurutze Gorriak dioenez, berriz, 500 lagun baino gehiago zauritu ziren, haietatik gehienak militar frantziarrek egindako tiroketen ondorioz. Egoeraren sumintze honek eraginik izan du kakaoaren esportazioan ere: Boli Kosta da mozkin horren munduko ekoizle handiena, baina kakao esportazioak atzo etenda zeuden.
BOLI KOSTA
Soldadu frantziarren eta manifestarien arteko borrokak areagotu dira
Frantziako presidenteak ukatu du Gbagbo agintetik kentzeko asmoa duela; zigorrak jartzeko eskatu dio Parisek NBEko Segurtasun Kontseiluari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu