Mohamed Abdulahi Farmajo Somaliako presidentea gogor mintzatu zen erasoa kritikatzean: «Argi dago terroristek ez dutela inor lasai utziko herrialde honetan. Gure etsaiak dira, eta horiek deuseztatzean jarri behar dugu arreta».
Nasra Ali Medina ospitaleko medikuaren eta gobernuaren arabera, hilen kopurua behin-behinekoa da, zaurituetako asko oso larri baitaude. Hortaz, Abdirizak Mohamed diputatuak Twitter sare sozialean iradoki zuen bezala, baliteke hilak gehiago izatea; haren arabera, gutxienez 94 dira zendu direnak.
Horien artean 73 zibil daude, Omar Mohamud Mohamed hiriburuko alkateak jakinarazi zuenez: «Hildako gehienak unibertsitateko ikasle eta bestelako zibil errugabeak dira».

Erdogan ospitaleko mediku Yahye Ismailek Efe berri agentziari adierazi zionez, egoera «txarra» zen: «Beste eriei, senideei, medikuei, erizainei eta ospitaleko gainontzeko langileei eskatu diegu odola premiaz emateko».
Al Shabaabek atzokoaren antzeko erasoak egin ditu Somaliako hiriburuan, nahiz eta duela hamar bat urte hiri horren kontrol osoa galdu zuen: esaterako, iragan uztailean 29 pertsona hil zituen hotel bati eraso egin zionean. Politikariak, armadako ofizialak eta diplomazialariak zeuden han.
Nazioartean oihartzun handiena izan duen erasoa ere talde horri egotzi zion gobernuak: 2017ko urriaren 14an, hiriburuko merkataritza gune bati eraso egin, eta seiehun bat lagun hil zituzten.
Al-Shabaab duela hamar urte baino gehiago sortu zuten, eta Al-Qaedaren nazioarteko aliatu sarearen parte da. Somalian, herrialdearen erdialdearen eta hegoaldearen parte handi baten kontrola du, eta, Nazio Batuen Erakundeak urte hasieran ohartarazi zuenez, taldea lehergailuak egiteko gai da; aurrez, horrelakoak lapurtu egiten zituen.
Atzoko erasoak agerian utzi du Somaliako armadak gaitasuna falta duela taldeari aurre egiteko. Afrikako Batasunak, gainera, gero eta soldadu gutxiago bidaltzen ditu herrialde horretara.
Hamarkada gatazkatsuak
Somalian gatazka egoera da nagusi 1991. urteaz geroztik. Mohamed Siad Barre estatuburua kargutik bota zuten, eta herrialdeko agintea kolokan egon da ordutik. 2000. urtean, batasun gobernu bat osatzen saiatu ziren, baina asmoak ez zuen arrakastarik izan.
Talde islamisten koalizio batek hartu zituen hiriburua eta herrialdearen hegoaldeko zati bat, eta egoerak korapilatzen jarraitu zuen, talde islamista matxino hori kanporatzeko saiakerak hasi baitziren.
Azkenean, Mendebaldeak babestutako trantsizio gobernu bat osatu zuten , 2004. eta 2012. urteen artean. Herrialdeak gobernu zentral bat du harrezkeroztik, baina desegonkortasuna da nagusi.