Somalian hemeretzi lagun hil dituzte atentatu suizida batean, tartean hiru ministro

Muqdishoko hotel batean izan da leherketa, medikuntza ikasleei tituluak banatzeko ekitaldian

Kristina Berasain Tristan.
2009ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Muqdishok aspaldian dauka egoera kaotikoa, eta agerian gelditu da hori beste behin. Somaliako hiriburuan gutxienez hemeretzi pertsona hil zituen atzo ekintzaile suizida batek -hainbat iturriren arabera, emakumez jantzita zegoen ekintzailea-. Shamo hotelean egiten ari ziren ekitaldi batean leherrarazi zuen ekintzaileak soinean zeraman bonba. Osasun, Hezkuntza eta Goi Hezkuntza ministroak daude hildakoen artean; Kamar Aden Ali, Ahmed Abdulahi Uaaiel eta Ibrahim Hassan Addou, hurrenez hurren. Saleban Olad Roble Kirol ministroa, berriz, larri zauritta dago -orotara 40 lagun zauritu ziren atentatuan-.

Benadir Unibertsitateko Medikuntzako ikasleei tituluak banatzeko ekitaldia baliatu zuen ekintzaileak erasoa egiteko, hoteleko aretoa mukuru zegoenean. Mohamed Abdulkadir zen titulua jaso behar zuen ikasleetako bat, eta ikusitakoaren berri eman dio BBCri. «Nire lagun asko hil dira; tartean, ekitaldian irakurtzen ari zena, haren ondoan nengoen eserita leherketa izan zenean; hitz egiten ari zen eta handik minutu gutxira, akabo!».

Hildakoen artean bi kazetari ere badaude -Hassan Subeir eta Mohamed Amin-. Aideed Abdi kazetaria ekitaldiaren berri ematen ari zen atentatuaren unean: «Ikaragarria izan zen; ezin dut azaldu zer ikusi nuen eta zer nolako zirrara sentitu nuen. Eserita nengoen, medikuen eta ministroen hitzak entzuten, eta halako batean dena odoletan zegoen».

Estaturik gabeko herrialdea

Al Shabaab miliziak atentatuaren erantzukizuna zuzenean bere gain hartu ez badu ere, taldeko goi agintari batek aldarrikatu du erasoa: «Gu izan gara, eta helburua ministroak hiltzea zen; izan ere, inbaditzaile kristauen esanetara daude». Al Shabaab (Gaztetasuna, arabieraz) miliziak estatu islamikoa sortzea du helburu xaria legea ezarrita, eta azkenaldian atentatu mordoa egin ditu Somalian -Eritreatik eta Yemendik jasotzen ditu armak, eta gero eta indar militar handiagoa du-. Atzokoa, baina, ekainetik izandako bortitzena izan da; Baladauaine herrian 30 lagun hil zituzten orduan, tartean beste ministro bat.

Somalia estaturik gabeko herrialdea da, aginpiderik gabekoa, eta horrek, segurtasun eta kontrol falta horrek, miliziei eta gerra jauntxoei bere gogara aritzea baimentzen die. Mohamed Said Barre diktadorea 1991n kargutik kendu zutenetik, gerra jauntxoen eskuetan dago herrialdea, gerra zibilean, etnia askoren arteko kideen arteko borroka etengabean. Somalia, izan ere, etnikoki zatituta dagoen herrialdea da, eta indarkeria ekintzak gero eta maizago izaten dira. Al Kaedari lotutako taldeak ere gero eta indar gehiago ari dira hartzen, eta azken bi urteetan egoera jasanezina egin dute; 20.000 lagun hil dira borroketan, eta beste dozenaka mila euren etxeak utzi behar izan dituzte. Hiru milioi lagunek premiazko laguntzan behar dutela-eta, 689 milioi dolar eskatu ditu Nazio Batuen Erakundeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.