Oroimen Historikoa

Sorgin izateagatik zigorturiko emakumeak indultatu ditu Kataluniako Parlamentuak

Sorginen ehiza «jazarpen misoginoa» izan zela erabaki du ganberak, gehiengo handiz, eta udalei eskatu diete biktima haien izena kale izendegian sartzeko.

Sorgikeriaz akusaturiko emakumeen inguruko eztabaida, gaur, Kataluniako Parlamentuan. KATALUNIAKO PARLAMENTUA
Edu Lartzanguren.
2022ko urtarrilaren 26a
16:02
Entzun 00:00:0000:00:00

Oroimen historikoaren inguruko erabaki historikoa hartu du Kataluniako Parlamentuak. Sorginen ehizan zigorturiko emakumeak indultatu eta haren izen ona berreskuratu du, gehiengo handiz onarturiko erresulozio baten bidez.

ERC, JxCat, CUP eta EnComun Podem taldeek aurkeztu dute erresoluzioa, eta PSCek ere horren alde bozkatu du. Ciutadans taldeak abstentziora jo du, eta kontra bakarrik PPk eta Voxek bozkatu dute.

Onarturiko testuaren arabera, emakumeok pairatutakoa «jazarpen misoginoa» izan zen. Legebiltzarrak dei egin die udalei kaleak izendatzerakoan kontuan har ditzaten emakume haien izenak.

Sorginkeriaren aurkako Europako lehenengo legea Katalunian ezarri zuten, Vall d'Aneun, 1424. urtean. XV. eta XVI. mendeetan torturatu, zigortu eta hil zituzten emakume gehien herrialdean.

No eren bruixes, eren dones (Ez ziren sorginak, emakumeak ziren) kanpainaren harira heldu da erresoluzioa Parlamentura. Azaroan erregistratu zuten. Bultzatzaileen arabera, testuaren helburua oroimen historikoaren erreparazioa, eta zigorturiko ia mila emakumeei «duintasuna eman eta haiek erreibindikatzea» da. Testuak «politika publikoak bultzatu nahi ditu oinarririk gabeko zigorrengatik exekutatu dituzten emakumeen memoria berreskuratzeko, eta oroimen historikoa indartzeko, beste hainbat lekutan sorturiko ekimenetan bezala, kasu Eskozian, Suitzan, Norvegian eta Nafarroan».

Astelehenean emakume haien inguruko dokumental baten estreinaldian egon zen Pere Aragones Kataluniako presidentea, eta aukeraz baliatu zen esateko sorginen ehiza «feminizidio instituzionalizatua» izan zela, eta Parlamentuaren erabakiak «iraganarekin justizia egiten lagunduko» duela.

ERCko Jenn Diazek esan du egunotan erresoluzioa «barkamen eske publikoa» izango zela. «Agian gauza hauek ez dute beharrezkoak ematen 2022an, baina inork ez ditu lehenago egin».

Parlamentuaren erresoluzioak adierazpen politikoak dira, eta ez dute, berez, eragin juridikorik.

Nuria Morello historialaria eta antropologoak gaia ikertu du, eta ikasitakoa azaldu zuen Iruñean, 2019an eginiko Sorgin-ehizaren historiari buruzko I. topaketa feministan. «Katalunian 400 kasu zenbatu dituzte historialariek, baina zantzuak daude milaka izan zirela jazarritakoak». Haren arabera, instituzioek kontrol sozialeko mekanismoak ezarri beharra zuten, eta horri gutxiengoaren jazarpena gehitu zitzaion. Azaldu zuenez, Kataluniakoak epaiketa sekularrak izan ziren, eta inkisizioak «eginkizun anbiguoa» eduki zuen horietan. Katalunia «deszentralizatutako herria izanik, inkisizioak ez zuen esku hartzeko aukerarik izan».

Euskal Herrian, «kataklismoa»

Euskal Herrian, hainbat auzi egin zituzten sorginkeriaren aitzakiarekin. Lehenetako bat 1525. urtean hasi zuten, Iruñean eta Pirinioetako hainbat bailaratan. Horretan 43 herritar hil zituzten, eta gutxienez beste 100 pertsona auzipetu zituzten. Ondotik Erronkari eta Zaraitzuko sorgin ehiza aipatzen dute historialariek, 1539. eta 1540. urteen artean eginikoa, Anotzibar eta Odieta haranekoa 1575 eta 1577 artean, eta Lapurdikoa, 1609an. «Sorgin ehiza kataklismoa izan da», esan dio BERRIAri Beñat Zintzo Garmendia historialariak azken prozesu horren inguruan.

Ezagunena, ostera, azkena izan zen: Zugarramurdiko prozesua, 1610. urtekoa. Horretan bakarrik, 300 herritar inguru salatu zituzten, eta horietako 11 erre egin zituzten, eta beste bost kartzelan hil ziren.

Edonola ere, Euskal Herriko sorginkeria epaiketa bat xehe agertzen duten agiririk zaharrenak 1370ekoak dira, Ander Berrojalbiz historialariak aurkitu duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.