Bakarrik edo Alderdi Laboristaren laguntzarekin, baina Irlandako Gobernua zuzentzeko prest dago Fine Gael. Izan ere, iritzi azterketa guztien arabera, Fianna Failen lekukoa hartu eta Enda Kenny buru duen alderdi eskuindarra izanen da garaile ostiralean eginen dituzten hauteskundeetan. Brian Cowen lehen ministroaren kabineteak osatutako aurrekontuak harago eramatea izanen da agintari berrien asmoa; alegia, gastu soziala eta sektore publikoa are gehiago murriztuko dituzte. Halako azalpena eman du alderdiko parlamentari eta finantza azpibozeramaile Brian Hayesek: «Nazioarteko Diru Funtsak eta Europako Batasunak defizita txikitzeko agindu digute».
Finantza erreskatearen ondoren Fianna Failen gobernua erabat birrinduta geratu dela kontuan hartuta, laboristak dituzue aurkari hauteskunde kanpainan.
Zerga politika eta diru publikoa zertan gastatu behar den eztabaidatzen dugu laboristekin. Krisi garaian sozialdemokraziarendako tokirik ez dagoela uste dugu guk, gutxiago gastatzeko garaia baita. Hori da NDFren eta EBren agindua. Agindu hori betetzeko eta ekonomiari bultzada emateko, zerbitzu publikoak murriztu behar ditugu. Halaber, gure erronka nagusia enplegua sortzea denez, zergak ez igotzea da beste gakoetako bat. Laboristek —sozialdemokratak diren heinean— ez dute bide hori jorratu nahi. Hori izaten ari da kanpainaren eztabaidaren mamia, azken batean, krisiari aurre egiteko moduei buruz hitz egiten ari baikara.
Baina litekeena da Fine Gaelek Alderdi Laboristarekin gobernu koalizioa egitea.
Ez litzateke izanen koalizioa osatzen dugun lehen aldia. Jakina, gure helburua bakarkako gobenua osatzea da, baina laboristekin koalizioa egitekotan, agintaritza indartsua izanen dela ziurta dezaket.
Laboristekin beharrean, independenteekin akordioa egitea pentsatu duzue?
Bi alderdi indartsuren arteko akordioak beti dira sendoagoak. Egoera ekonomiko zail honetan, gainera, inoiz baino garrantzitsuagoa da botere indartsu eta egonkorra edukitzea.
Besteak beste, zuen programan aipatzen duzue 30.000 lanpostu kendu nahi dituzuela sektore publikoan. Neurri horrek langabezia gutxitzen lagunduko al du?
Sektore publikoa txikiago eta eraginkorrago bilakatu nahi dugu. Gainera, Nazioarteko Diru Funtsarekin eta Europako Batasunarekin egindako akordioaren arabera, ezinbestekoa dugu defizita txikitzea. Eta hori kontuan hartu behar da. Era berean, ekonomia pizteko ezin ditugu zergak igo; beraz, defizita gutxitzeko bidea gastua gutxitzea da. Sektore publikorako proposatutako murrizketek, dena den, ez dute lehen beharren zerbitzuetan eraginik izanen.
Nazioarteko Diru Funtsarekin eta Europarekin Brian Cowen oraingo lehen ministroak egin zuen akordioren baldintzak ere aldatu nahi dituzue. Zehazki, zer nahi duzue?
Premiazkoena finantza laguntza paketea [erreskatea] ordaintzeko interes tasa berriz ere negoziatzea da. Interesa jaistea da helburua. Nazioarteko erakundeekin negoziatzea ez da batere erraza izanen, baina ezinbesteko kontua da Irlandak konfiantza berreskuratu ahal izateko eta gure ekonomia berriz ere hazten hasteko.
Bankuen sistemaren porrota eta ondorengo erreskatea izan dira Irlandako krisiaren gakoak. Zer proposatzen du Fine Gaelek finantza sistemaren inguruan?
Lehendabiziko gauza bankuen nazionalizazioan atzera egitea da; entitateak sektore pribatura eraman behar ditugu berriro. Ezinbestekoa da bankuak txikiago bilakatzeko neurriak hartzea eta nazioarteko kapitala erakartzea. Maileguak emateko baldintzak ere hobetu nahi ditugu.
Zuen programak biltzen dituen proposamenen artean, gaelikoari buruzko atala izan da eztabaidatuena. Unibertsitate aurretiko hezkuntzan gaelikoa ikasteko derrigortasuna kendu nahi duen alderdi bakarra zarete.
Gazteek, 16 urtetik aurrera, zein hizkuntza ikasi nahi duten hautatzeko modua eduki beharko lukete. Gaur egun, zoritxarrez, askok ez dute gaelikoa ikasi nahi. Gure proposamenaren bitartez, ikasle horiei beste hizkuntza bat ikasteko aukera eman nahi diegu, besterik ez. Hizkuntza hautatzeko aukera edukitzea oso gauza garrantzitsua da. Hala eta guztiz ere, proposamen horrek botoak kendu beharrean, gehiago ematen dizkigula uste dugu.
Neurri horrek gaelikoak hiztun gutxiago izatea eraginen duela uste duzu?
Orain arteko hizkuntza politika tamalgarria izan da, eta arazo konpondu egin nahi dugu arazo hori. Fine Gaelek gure hizkuntza babesten du, jakina, baina babes hori emateko bidea ez da jendea gauza jakin bat egitera behartzea.
Aurreko abenduan Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Irlanda zigortu zuen gaixo zegoen emakume bati abortatzen ez uzteagatik. Horren inguruan neurriren bat hartuko duzue?
Emakumeak laguntzeko helburuari jarraikiz, alderdi guztien arteko eztabaida sakona egin beharko genukeela uste dut. Edonola ere, ez dut uste gaur egun Irlandan daukagun legea aldatuko denik Fine Gael gobernura ailegatuta ere.
Irlanda. Hauteskunde orokorrak (I). Brian Hayes. Fine Gael alderdiko parlamentaria
«Sozialdemokraziak ez du tokirik krisian; garaia da gutxiago gastatzeko»
Fianna Failen gobernuak azken bizpahiru urteotan gastuan egindako politika murriztailea areagotzeko asmoa azaldu du Hayesek, NDFk eta Europak Irlanda horretara behartzen dutela argudiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu