Sozialismoari eutsiz, aldaketak iragarri ditu Hu Jintaok Txinan

Txinako Alderdi Komunistak bost urtean behin egin ohi duen kongresua abian jarri du Pekinen

arantxa iraola
2007ko urriaren 16a
00:00
Entzun
«Sozialismoan aurrera egin ahala, demokrazia ere garatu egingo da». Marxismoaren muina oinarri hartuta segi nahi du agintean Hu Jintao, Txinako presidenteak. Txinako Alderdi Komunistaren XVII. Kongresua martxan jarri zuen, atzo, Pekinen, hitzaldi batekin. Arrunt hitzordu garrantzitsua da. Izan ere, bost urtean behin egiten den biltzar honetan hautatzen da Txinako aginte gorena, Alderdi Komunistako Batzorde Iraunkorra. Halaber, etorkizunerako egitasmoak zehazten dira.

Ekonomiaren alorrean, asmo handiak dituztela nabarmendu du Hu Jintaok. 2020. urtean herritar bakoitzeko BPGd Barne Produktu Gordina lau aldiz handitzea dute xede, eta gizartean oparotasuna zabaltzea, oparotasun moderatua. Enpresei gero eta autonomia handiagoa eman nahi diete administrazioarekiko, eta mikroekonomia ere sustatu egin nahi dute.

Horiek lortzeko, giltza bakarra dagoela azaldu die Hu Jintaok herritarrei: «Txinako ezaugarriak bere egiten dituen sozialismoa». Bide horretan aurrera jarraituz,etorkizuna hobea izango dela aurreikusi du. «Hori da, oparotasuna, nazioarentzako arnas berria, eta herriaren ongizatea lortzeko bide zuzen bakarra». Prozesuan, herritarren hitza entzuteko bideak eraikitzeko prest daudela adierazi du. «Izan ere, masen interesekin lotutako legeak, araudiak eta politikak gauzatu ahal izateko, ezinbestekoa da iritziak entzutea».

Bost urte daramatza Hu Jintaok Txinako Alderdi Komunistako presidentetzan, eta, ondorioz Txinako presidente karguan. Oraindik Txinako Alderdi Komunistan luzea da, hala ere, aurreko presidente Jiang Zeminen itzala. Atzo ere, Jintaok, Kongresuan ondoan izan zuen, ohorezko lekuan. Azken urte hauetan Txinan aginte postuetan sartzen ari den teknokraten ildokoa da, baina ez ditu aurreko agintarien lan ildoak eta irizpideak albora lagatzen.

65 urte ditu egun Hu Jintaok, eta beste bost urtean agintea izan ostean, uztea egokituko zaio. Konferentzia honetan, ordezkoa nor izango den argitzea espero da, edo izen batzuk behintzat nabarmentzea. Zurrunbilo handia sortu da horren inguruan. Pronostiko gehienek aipatzen dituzten izenak, Li Keqiang eta Xi Jinping dira. Hu Jintaok lehenaren alde egiten duela diote analistek, baina, egun ez duela behar adinako botererik aukera horren alde behar adinako indarrak batzeko.



AUTOKRITIKA. Demokraziaren aldeko keinuak egitearekin batera, Jintaok, lekuegin nahi izan dio kongresu honetan, autokritikari. «Ulertu behar dugu, oraindik alde nabarmena dagoela gure lanaren eta herritarren nahien artean. Oraindik arazo eta ezintasun handiak ditugu», onartu du.

Ustelkeriaren kontrako irmo dihardu Hu Jintaok, eta sarri askotan hartzen du gaia hizpide bere hitzaldietan. Biltzar handiaren harira ere, alderdi barruko miseriak onartzeko beldurrik ez du izan. Bilkuran parte hartzen ari diren alderdiko 2.200ordezkariei argi mintzatu zaie. «Alderdiko zenbait ordezkari, kopuru txiki bat, ez dira ondraduak eta zintzoak». Bereziki, «nabarmenkeria eta handizaletasuna» ikur gisa hartu dituzten ordezkari politikoen jarduna kritikatu du: «Arazo larria dira oraindik ere».



«TXINA BAKARBATEN» ALDE. Taiwani buruz ere mintzatu da Hu Jintao. Elkarrizketarako prest daudela esan du, baina edozer ez dutela onartuko. «Inondik inora ere ez dugu onartuko Taiwan aberritik bereiztea», eman du aditzera. «Kontinenteko 1.300 miloi txinatarrek eta 23 milioi taiwandarrek, odolak batuta, etorkizun bat bera izango duen komunitatea osatzen dugu».

«Txina bakar bat» defendatu behar dela azaldu du, eta bide horretan, Taiwanen independentziaren aldeko mugimenduak baztertu egin behar direla. «Txinaren subiranotasuna eta lurralde osotasuna, ezin kenduzko eskubideak dira, eta horien gainean sortzen den auzi orori, gainera, herri txinatar osoak erantzun behar dio», ohartarazi du.

Aste osoko biltzarra egingo dute Txinako Alderdi Komunistako ordezkariek. Gai zerrendan, etorkizuneko politikak zehazte aldera, gizarte oreka, zientziaren bilakaera, eta gizarte ongizatea izango dituzte hizpide. Hu Jintaok aukera baliatu beharko du, bere lidergoa sendotzeko. Nolanahi ere, hainbat adituren aburuz, bukatu da profil politiko oso markatua zuten buruzagien aroa Txinan ere. Teknokraten aroa da, eta itunena. «Amaitu da, Mao Zedong edo Deng Xiaoping bezalako figura historikoen garaia. Txina hitzarmenen sistema batera doa, eta alderdia demokratizatzen ari dela esaten du».



«Alderdiko zenbait ordezkari, kopuru txiki bat, ez dira ondraduak eta zintzoak»

«Masentzako legeak, araudiak etapolitikak egiteko, ezinbestekoa da entzutea»

hu jintao
txinako presidentea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.