Alemania

SPDren primarioek kolokan jarri dute Merkelen gobernua

Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren buruzagitza berriak “berriz aztertu” nahi du CDUrekin osatu zuten koalizioa; gobernua hausteko prest ere agertu da.

Norbert Walter-Borjans eta Saskia Esken, gaur, garaipena ospatzen. OMER MESSINGER / EFE
ander perez zala
2019ko azaroaren 30a
18:58
Entzun

Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren (SPD) 420.000 militanteek herrialdeko gobernu koalizioarekin kritiko agertu diren bi alderdikide aukeratu dituzte buruzagitzarako: Norbert Walter-Borjans ministro ohiak eta Saskia Eskene diputatuak osaturiko hautagaitzak jaso du boto gehien (%53), eta, hortaz, alderdiaren sektore kritikoa gailendu da primarioetan. Alderdiaren egoeraz haratago, herrialdearen etorkizun politikoan eragina izango duen erabaki bat hartu dute militanteek.

Izan ere, emaitza horiek kolokan jarri dute Europako lehen indar politiko eta ekonomikoaren gobernua, egun Angela Merkelen Batasun Kristau-Demokratak (CDU) eta SPDk koalizioan osatzen dutena; 2017an sinatu zuten elkarrekin gobernatzeko akordioa —zatituta agertu zen alderdia erabakia hartzerakoan—, eta legealdiaren erdian —datorren hilabetean— hori errepasatzeko konpromisoa hartu zuten.

Bada, Walter-Borjansek eta Eskenek hitzemandakoa betetzeko asmoa agertu dute, ituna "berriz aztertu" behar dutela argudiatuta; jarrera aldaketa bat da, SPDren orain arteko buruzagitza pozik baitzegoen koalizioarekin. Hau da, ez zuen azterketarik egiteko beharrik ikusten.

Lehen aldia da alderdiak bi buruzagiz osaturiko presidentetza bat aukeratu duela, eta oraindik azken langa du gainditzeko, SPDren ordezkariek datorren astean egitekoak diren kongresuan berretsi beharko baitute militanteen hautua; gaurko bozketa ezusteko handia izan da, beste hautagaitza baitzen faboritoa, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerordeak eta Klara Geywitz diputatuak osatu dutena.

Sei hilabeteko trantsizioa egin du alderdiak, iragan ekainean Andrea Nahlesek presidentetza utzi zuenetik, eta buruzagitza berriari alderdiaren krisi existentziala bideratzea egokitu zaio. Inkestetan behera egin du, eta, horien arabera, botoen %15 besterik ez luke jasoko bozak gaur egingo balituzte; goia 1998an jo zuen, Gerhard Schroder botoen %40rekin kantziler aukeratu zutenean.

Eskuin muturrak ere buruzagitza berritu du

Alemaniarentzako Alternatiba (AFD) ultraeskuindarrak ere buruzagitza aukeratzeko kongresua egin du gaur, barne tentsio nabarien artean. Militanteek orain arteko bidea berretsi dute, eta 2015etik alderdiaren buruzagitzan dagoen Jorg Meuthenek jaso du boto babesik handiena; harekin batera, AFDren buruzagitzan izango da Tino Chrupalla, zeinak emaitza onak izan dituen Alemania ekialdean.

Alemaniako Parlamentuan, CDUk eta SPDk osaturiko koalizioaren aurrean, alderdi ultraeskuindarra da oposizioko indar nagusia, diputatu kopuruei erreparatuz gero. CDU eta CSU bere Bavariako aliatuek 246 eserleku dituzte; sozialdemokratek, 152; eta AFDk, 91.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.