Azken erasoaldian Vellupillai Prabhakaran liderra, haren bigarrena, semea eta gainontzeko buruzagiak ez ezik, milaka zibil ere hil dituztela salatu dute tamilen aldeko iturriek. Halakoak argitze aldera, Sri Lankako Gobernuak giza legedia urratu duen edo ez ondorioztatzeko, nazioarteko ikerketa abiatuko duela jakinarazi du EB Europako Batasunak. Horren haritik, NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moon Sri Lankan izango da asteburuan. Erakundearen arabera, gutxienez 6.500 zibil hil ditu armadak urtarrilaz geroztik.
Iragarritako heriotzaren kronika egin zuen atzo Sarath Fonseka armadaburuak: «Ipar-ekialdea oso-osorik kontrolpean hartuta, herrialdea terroristen eskuetatik askatu dugu». Izan ere, tamil tigreen gaineko garaipena larunbatean aldarrikatu zuen Sri Lankako presidenteak, Mahinda Rajapaksak. «Erabat aske den naziora itzuliko naiz», adierazi zuen, Jordaniatik. Kostalde osoa kontrolatua zuen armadak ordurako, eta gerrillariak itsasorako irteerarik gabe laga zituzten; inolako irtenbiderik gabe, beraz.
Horren inguruan, porrota aitortu zuten gerrillariek, herenegun. «Amaiera mikatza da hau», onartu zuen Selvarajah Pathmanathan LTTEko atzerri harremanetarako zuzendariak. Militarrek 24 orduan 3.000 zibil hil eta beste 25.000 zauritu zituztela ere salatu zuen. Eta halakoak ekiditeko elkarrizketarako prest agertu zen: «Sarraskia gelditzeko gure esku dagoen guztia egingo dugu; baita armak utzi eta bake negoziazioei ekin ere. Horretarako prest agertu gara jada».
Adierazitakoari men eginez, atzo goizaldeko hirurak aldera Europan dituzten kontaktuekin harremanetan jarri zen Seevaratnam Puleedevan, LTTEren Bake Idazkaritzako burua. Nazioarteko Gurutze Gorriari helarazi beharreko mezu bat eman zien, Tamilnet webgunearen arabera. Presazko dei bat zen: gatazka gunean zaurituta zeudenak lehenbailehen ateratzeko eskatu nahi zion LTTEk nazioarteko agentziari. Gobernuak ziurtzat jotzen zuen eremuan -han ez zuela erasorik egingo agindu zuen- mila tamil zeuden zaurituta; tartean, zibilak. Eta haiek atera ahal izateko su egiteari utzi ziotela jakinarazi zuen Puleedevanek.
Giza operazioa
Beranduegi zen, ordea. Ordurako azken erasoaldiari ekin zion armadak. Eta ordu gutxira aldarrikatu zuen garaipena, 250 tamil tigre hil ondoren. Gorpuen artean buruzagi gorenarena zegoen. Anbulantzia batean ezkutatuta ihes egitekotan zenean tirokatu zuten. Hark bezalaxe amaitu zuten seme zaharrenak, Charles Anthony Prabhakaranek, Kapil Amman gerrillako buruzagitzako bigarrenak, eta Ilango Tamil Eelameko poliziaburuak ere.
Haiek hiltzearekin batera, gerrillariek «harrapatuta» zeuzkaten zibil guztiak «erreskatatu» dituztela jakinarazi du armadak. Hala, «terrorismoaren kontrako gerra» bezala hasi zutena, «giza operazio» gisa amaitu dute.
Defentsa Ministerioaren webguneko datuen arabera, 247.908 zibil Vavuniya, Pulmoaddai, Mannaar eta Jaffnako kanpalekuetan daude egun. Gobernuak «herrixka lasaigarriak» izendatu baditu ere, tamilen aldeko iturriek kontzentrazio esparrutzat dauzkate. Haietan bildurikoentzat laguntza eskatu dio nazioarteari Palitha Kohona Atzerri idazkariak.
Gobernuak ez du zehaztu noiz arte edukiko dituen tamilak iheslarientzako guneetan. Haiei etxera itzultzen utzi aurretik zeregina badutela azaldu du Kohonak. «Minak kendu behar ditugu lehenik, eta azpiegitura osatu». Era berean, Sri Lankako bi etniak-tamilak, gutxiengoa, eta zingalesak, gehiengoa- elkarrekin bizi ahal izateko baldintza politikoak ere bermatu nahi dituztela jakinarazi du. «Neurri batean tamilei boterea itzuliko dien sistema bat martxan jartzeko konpromisoa daukagu».
Sistema berria dena delakoa ere, ez du 2006an irlako ipar-ekialdean zutenaren antzik izango. De facto-ko gobernua zuten orduan tamilek, 15.000 kilometro koadroko eremuan. Norvegia bitartekari zela ekindako bake negoziazioak bertan behera laga, eta erasoei ekin zion berriro armadak. Eta aurtengo urtarrilean gogortu du oldarraldia. LTTEren esku zegoen lurraldea inguratu eta pixkanaka-pixkanaka irabazi die gerrillariei, gatazka gunean gertatzen ari zenaren lekuko izan zitezkeenei -kazetariak eta giza laguntzaileak-sarrera debekatuz. Nazioartearen deiari entzungor eginda, Tamil Eelam -tamilen aberria- guztiz suntsitu arte ez du bakerik izan Sri Lankak.
Vellupillai Prabhakaran
ERRESISTENTZIAREN BURU
Buruzagi ausartaren eta errukigabearen ospea zuen Vellupillai Prabhakaranek, LTTE Tamil Eelam-eko Askatasun Tigreen liderrak. Prabhakaranek ezarritako diziplinari esker lortu dute hainbeste urtez armadari aurre egitea. Azkenean, ordea, armadak berak hil du.Asiako gatazka luzeenaren kronologia
1983ko uztaila. LTTEk hamabost soldadu hil zituen, eta Gobernuak gerra deklaratu zion.1987ko uztaila. Gobernuak eta Indiak akordioa egin zuten. Soldadu indiarrek zainduko zuten uharteko ipar-ekialdea.
1991ko maiatzaren 21a. Gerrillari suizida batek Rajiv Gandhi Indiako lehen ministroa hil zuen.
1993ko maiatzaren 1a. LTTEk Ranasinghe Premadasa Sri Lankako presidentea hil zuten.
1996ko uztaila. Mullaitivu hiria bere esku hartu zuen gerrillak, eta hedatzen jarraitu zuen.
2002ko otsailaren 22a. Gobernuak eta gerrillak su-etena aldarrikatu zuten.
2008ko urtarrilaren 2a. Su-etena hautsi zuen Sri Lankako Gobernuak.
2009ko urtarrilaren 2a. Oldarraldia gogortu zuen armadak, Kilinochi hiriburua hartuz.
2009ko urtarrilaren 25a. Mullaitivu hiria kontrolpean hartu zuen armadak.
2009ko maiatzaren 18a. Gatazka amaitutzat eman zuten.
Britainiarrek Indiako Tamil Nadu eskualdetik eramandako esklaboen ondorengoak diraSri Lankako tamil gehienak. Garai hartanpiztu zen, baita ere, zingalesekiko etsaigoa.
Kolono britainiarren ondare iluna
Arantxa Elizegi.Sri Lankako armadaren eta LTTE Tamil Eelam-eko Askatasun Tigreen arteko gatazka duela 26 urte hasi zen. Baina zingales eta tamilen arteko etsaigoa askoz ere zaharragoa da. Historia liburuen arabera, K.a. V. mendean, egungo zingalesen arbasoak uhartera ailegatu zirenean, hasi ziren lurraldearen kontrolatzeko borrokak. Baina etsaigoa nabarmen okertu zen britainiarrek irla okupatu zutenean.
Britainiarrak XIX. mendean heldu ziren uhartera. Ez zuten denbora asko behar izan ohartzeko erdialdeko lurrak oso egokiak zirela kafea eta tea landatzeko. Arazo bakarra zuten, lur horien jabeak zingalesak zirela eta ez zutela okupatzaileen esklabo bilakatu nahi. Horiek hala, bide azkarra aukeratu zuten. Zingalesei beren lurrak indarrez kendu, eta lehendik beren kontrolpean zegoen Indiatik eskulan merkea -tamilak- eraman zuten. 1840 eta 1850. urteetan milioika tamil -kasta baxuetakoak gehienak- iritsi ziren irlara, derrigortuta batzuk, bizimodu hobearen bila besteak. Milaka bidean hil ziren, besteak, berriz, kafe eta te sailetan lanean.
Britainiarrek ez zuten begirunerik izan dirua egiteko garaian. Esklabotzat zituzten tamilak. Haur, zahar eta gazteek orduak eta orduak egiten zituzten lanean egunero, ezer gutxiren truke. Beste herritarrekin harremanik izan ez zezaten, berriz, komunitate txikitan, ghettoetan, banatu zituzten. Hala, are nabarmenagoa egin zen zingales eta tamilen arteko banaketa.
Nazionalismoak
Tamilak esklabo gisa erabiltzearekin nahikoa ez, eta kasta sistemaren eredua jarraitu zuten britainiarrek. Zenbait tamil beren hezkuntza sistemaren arabera hezi zituzten. Etorkizuneko buruzagi gisa hazi zituzten, eta koloniaren kudeaketan parte-hartzera bultzatu. Asko kristau bihurtu izanak, txaubinismoa indartu zuen zingalesen artean. «Zingalesen handitasuna» defendatzen zuten ahotsak ugarituz joan ziren. «Etnologikoki zingalesak arraza berdingabe bateko kideak dira, harro egon daitezke esklabo odolik ez dutelako, eta inoiz amore eman ez dutelako hiru mendez lurra suntsitu, tenpluak hondatu eta arraza historikoa ia desagerrarazi duten tamil eta britainiarren aurrean», idatzi zuen Anagarika Dharmapala buruzagi budistak Antzinako Zibilizazioaren Historia liburuan.
Tamil eta zingalesen arteko ezin-ikusia okertu egin zen Sri Lankak independentzia lortu ostean. 1948an, Batasun Nazionala Alderdi eskuindarrak eskuratu zuen agintea, eta boterea bermatu asmoz, bozkatzeko eskubidea ukatu zien indiar jatorriko tamilei -ezkertiarrak gehienak-. Legebiltzarrean ordezkorik gabe tamilek ez zuten beren oinarrizko eskubideak defendatuko zituen inor. Askok atzerrira egin zuten ihes: AEBetara edo Europara. Legeak indarrean jarraitu zuen 1964 arte. Urte batzuk lehenago, 1956an, zingalesak ingelesa ordezkatu zuen hizkuntza ofizial gisa -gerora tamilera bigarren hizkuntza bilakatuko zen-.
Tamilak, ordea, hankapean egoteaz aspertzen hasiak ziren, eta hala, 1965ean, Militante Txaubinista Tamilen Mugimendua sortu zuten Trincomaleen. Urteek aurrera egin ahala ugaritzen joan ziren zingalesen aurkako erasoak tamilen kontrolpeko lurretan. Hala, 1975ean, Jaffnako alkatea hil ostean, tamilek independentzia aldarrikatu zuten, eta euren gobernua eta arauak ezarri Tamil Eelamen, tamilen kontrolpeko eremuan. Garai hartan sortu zuten LTTE Tamil Eelam-eko Askatasun Tigreak talde armatua ere. Tamilen askatasuna lortzea izan da azken horren helburua azken 26 urteetan.
1977ko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, Sri Lankako bozetako bigarren indar bilakatu zen Tamilak Askatzeko Fronte Batua, botoen %40rekin. Gatazka sei urte geroago piztu zen, 1983ko uztailean, tamil tigreek hamahiru soldadu hil zituzten atentatuan. Hurrengo asteetan borrokak gogortu egin ziren. Gobernuaren datuen arabera, 400 izan ziren hildakoak; erakundeen esanetan, 3.000. Ordutik biktima kopurua etengabe igo da.