Sri Lankako gerra zibilaren garaian ustez agintariek egin zituzten giza eskubideen urraketak eta gerra krimenak argitu nahian, nazioartean ikertzeko eskatu du NBE Nazio Batuen Erakundeak txosten batean. Gobernua, baina, ez dator bat NBEren ondorioekin, eta gerrillari tamilen interesen arabera eginiko dokumentua dela salatu du.
2009an amaitu zen Sri Lankako gerra zibila. Urte hartako urtarriletik maiatzera bitartean armadak bortizki eraso zien tamil tigreei, eta, hala, amaitutzat jo zuen 30 urte iraun zuen gatazka. Tarte horretan, ordea, 7.000 eta 20.000 lagun artean hil zirela ohartarazi zuten nazioarteko erakundeek; gehienak zibil tamilak ziren. Hilketa horietan gobernuak izan dezakeen erantzukizuna argitzeko exijitu du orain NBEk.
Gobernuak, ordea, gerra zibilaren inguruko txostenean ezkutuko interesak daudela dio. «30 urtez gerrillari tamilek eginiko sarraskiak, bahiketak, erasoak eta bestelako krudelkeriak kontuan hartu gabe egin dute txostena», adierazi du Keheliya Rambukwella Informazio ministroak. Are gehiago, dokumentuaren atzean LTTE Tamil Eelam-eko Askatasun Tigreak daudela gaineratu du. Gizateriaren aurkako krimenak ikertzeko eskaeraren atzean Sri Lankaren izen ona zikitzenko asmoa ere badela uste du gobernuak, eta herritarrei horren aurka bat egiteko eskatu die.
Horrez gain, gobernuak gaineratu du tamilen hainbat erakunde ere ez daudela ados gerra zibilari buruzko dokumentuarekin. Baina LTTEren gertukoek sarean salatu dute inteligentzia zerbitzuak tamil etniako jendea behartzen ari direla NBEren txostenaren aurkako eskutitz bat sinatzera.
Bi bandoak erantzule
Txostenean, gobernuaren bonba hegazkinek ehunka zibil hil zituztela aipatzen da. Era berean, tamil tigreen gerrillariek giza ezkutuak erabili zituztela dio. Izan ere, azken horiei ere zibilak hil izana leporatzen die NBEk.
Gertakariak argitzeko, txostenean Ban Ki-moon NBEren idazkari nagusiari eskatu diote berehala nazioarteko ikerketa bat abiarazteko. Baina horretarako eskumenik ez duela gogorarazi du Banek. Izan ere, ikerketa abiarazteko Sri Lankak baiezkoa eman beharko lukeela gogorarazi du, eta erakundearen partaide diren herrialdeek horrela adostu beharko luketela.
Gobernuak NBEren lana oztopatu nahi izan du hasieratik. Iazko ekainean krimenak ikertzeko nazioarteko lan taldeari ez zion herrialdean sartzen utzi. Talde hark gobernua giza eskubideen aurkako krimenak eta gerra krimenak ikertzen ari ote zen ziurtatzeko betebeharra zuen. «Ez ditugu gure herrian nahi, gu jada nahiko argiak bagara eta», erantzun zuen gobernuak.
Sri Lankako Gobernuak ustez egindako gerra krimenak ikertzeko exijitu du NBEk
Gobernua ez dator bat NBErekin; txostena funtsik gabea dela dio, eta ezkutuko interesen arabera eginikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu