SRI LANKA

Sri Lankako presidenteak dimisio gutuna bidali du Singapurretik

Rajapaksak posta elektronikoa baliatu du ukoa helarazteko, eta, hura onartu aurretik, formatuaren egokitasunaz, «kontuz teknikoez» eztabaidatzen ari dira. Manifestariek adierazi dute gobernuaren zenbait eraikinetatik ateratzen hasi direla. Berrogei lagun zauritu zituzten atzoko protestetan.

Manifestariak, atzo, lehen ministroaren bulegoaren parean. EFE
Igor Susaeta.
2022ko uztailaren 14a
14:06
Entzun

Gotabaya Rajapaksa Sri Lankako presidentea Singapurrera heldu da, eta handik dimisio gutuna bidali dio Mahinda Yapa Abeywardene parlamentuko presidenteari. Posta elektronikoa baliatu du horretarako, eta Daily Mirror egunkariak nabarmendu du fiskal nagusia eta ganberako burua eztabaidatzen ari direla Rajapaksak dimisioa emateko erabilitako formatuaren egokitasunaz, «kontu teknikoez», ukoa onartu aurretik. Dokumentuak «lege eskakizunak» betetzen baditu, Abeywardenek dimisioaren iragarpen formala egingo du bihar, parlamentuko presidentearen bozeramaileak jakinarazi duenez.

Bere kontrako protesten eraginez dimititu du Rajapaksak, pausoa emango zuela iragarri eta bost egunera. 1948an independentzia lortu zuenez geroztik izandako krisi sozioekonomiko larriena pairatzen ari da herrialdea, eta Rajapaksak atzo ihes egin zuen, Maldivetara. Gaur Singapurrera iritsi da eta ez du asilo eskaerarik egin. Saudi Arabiako aire konpainia baten hegaldi batean ailegatu da hara, emaztearekin eta bi bizkartzainekin batera, eta, AP Associated Press berri agentziak Maldivetako Gobernuko iturriak aipatuz kaleratutako informazioaren arabera, Saudi Arabiara heltzea du helburu.

Kontra dituen herritarrek ustelkeria egozten diote Rajapaksari, baita kudeaketa eskasa egitea eta herrialdea porrotera eramatea ere. Presidente den bitartean, ordea, immunitatea du, eta ezin dute atxilotu. Zenbait iturriren arabera, ez zuen dimititzeko asmorik harik eta epaitua izateko arriskurik ez zuela ikusi arte.

Sri Lankan larrialdi egoera ezarria dago atzotik, eta Ranil Wickremesinghe lehen ministro eta Rajapaksak jarduneko estatuburu izendatutakoak etxeratze agindua ezarri du gaurko ere. Atzo gauean, manifestari batzuk ahalegindu ziren parlamentuaren egoitzara sartzen, eta, Polizia indarrekin izandako istiluetan, 40 bat lagun zauritu ziren. Poliziek negar gasa jaurti zuten, eta protestari bat ospitaleratu behar izan zuten, arnasa hartzeko zailtasunak zituelako. Ordu batzuk geroago hil zen.

Manifestariek zenbait eraikin hartu dituzte azken egunetan: hala nola Rajapaksaren eta Wickremesingheren etxeak —azken horri su eman zioten—, presidentetzaren eraikina eta telebista publikoaren egoitza. Baina, manifestazio masiboen bozeramaileetako batek hainbat hedabideri adierazi dienez, hasi dira eraikin horietako batzuetatik ateratzen. «Okupazio bakezale hau gorabehera, gaur, borroka egiten duen herri gisa, erabaki dugu jabetza horietatik alde egitea», nabarmendu du gaur Swasthika Arulingamek. Ohartarazi du, hori bai, presidentetzaren eraikinean eta haren pareko zabalgunean jarraituko dutela.

Krisi ekonomikoa eta, ondorioz, elikagaien, sendagaien eta erregaiaren gabezia dela eta, martxoan hasi ziren gobernuaren aurkako protestak, eta horiek handitu egin dira azken egunetan. Horiek horrela, Wickremesinghek atzo agindu zien estatuaren indar armatuei «beharrezkoa den guztia» egiteko «ordena berriz ezartzeko». Sri Lankako armadak ohar bat plazaratu du gaur, eta azpimarratu indarra erabiliko duela «jabetza publikoak, instalazio nagusiak, bizitzak eta leku zaurgarriak babesteko».

Kaosa nagusi

Nolanahi ere, ez dago oso argi nor dagoen agintean. Oposizioak planteatzen du behin-behinean kontzentrazio gobernu bat osatzea, baina manifestariek adierazi dute Rajapaksa familiak kontrolpean duen alderdiak ezin duela horren parte izan, bestela protestekin jarraituko dutela. Joan den larunbatean alderdi politikoek adostutakoaren arabera, parlamentua datorren asteazkenean, hilaren 20an da presidente berria aukeratzekoa. Dena den, ez dago argi Wickremesinghek jarduneko presidentetzari uko egingo ote dion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.