Eskozia

Sturgeonek bigarren independentzia erreferenduma egiteko eskumenak eskatu dizkio Johnsoni

Eskoziako lehen ministroaren arabera, beste bozketa bat egiteko aukera «eztabaidaezina» da. Erresuma Batukoak erantzun dio datorren urteak «hazkundearen eta batasunaren» urtea izan behar duela Eskoziarentzat.

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa. ANDREW COWAN / EFE
ander perez zala
2019ko abenduaren 19a
19:38
Entzun

Nicola Sturgeonek uste du 2014ko independentzia erreferendumetik hona «egiazko aldaketa esanguratsuak» izan direla, eta, hortaz, Eskoziak berriz ere bere etorkizunaz gogoeta egiteko aukera izan behar duela. Brexit-ak eragindako aldaketetan, eta Eskoziako Alderdi Nazionalak (SNP) 2016ko Eskoziako Parlamenturako eta hil honetako Erresuma Batuko Parlamenturako bozetan «jaso duen aginduetan» oinarrituta, Sturgeonek uste du datorren urtean bigarren independentzia galdeketa egiteko beharra dagoela; horregatik, gaur eguerdian era ofizialean eta formalean eskatu dizkio Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroari erreferenduma egiteko eskumenak.

«Eskumenak eskualdatzeko negoziazioak hasteko eskatu diogu gaur Erresuma Batuko Gobernuari; era horretan, Eskoziako Parlamentuak izango du independentziari buruzko erreferenduma egiteko eskubidea», azaldu du Eskoziako lehen ministroak prentsaren aurrean egindako agerraldian, eta Johnsoni helarazi dio negoziazioak hasteko garaia dela. Horrekin batera, ohartarazpen bat: ezezko batek ez duela auzia amaituko.

Baina, hain justu, hori izan da Erresuma Batuko lehen ministroaren erantzuna. Gaur eman du bere gobernuak agintaldian izango dituen lehentasunen berri, eta, Eskoziari begira, aurreikusi du 2020ak «hazkundearen eta batasunaren» urtea izan behar duela: «Datorren urtean bigarren independentzia erreferenduma egitea distrakzio kaltegarria izango da, eta 2014ko erreferendumaren emaitzari azpijana egitea litzateke».

Eskumenak emateko, Londresek 30 Sekzioa delakoa aktibatu behar du; gobernuaren legezko tresna bat da Eskoziako Parlamentuari baimena emateko erreferendum bat antola dezan, eta horren bidez jaso zuen Edinburgok 2014ko galdeketa antolatzeko baimena. Oraingoan ere, Sturgeonek galdeketa adostu bat egin nahi du: «Prozesu adostu eta legal batekin konprometituta gaude».

Eskaria egitearekin batera, Eskoziako lehen ministroak legezko aldaketa batzuk proposatu dizkio Johnsoni, autodeterminazio eskubidearekin eta balizko galdeketa horrekin zerikusia dutenak. Besteak beste, Sturgeonek proposatu dio Eskoziako autonomia estatutua aldatzea eskubide hori jaso dezan, eta Holyroodek izan dezan independentzia erreferendum bat antolatzeko eskumena: «Xedapen horiekin, ez da zalantzarik izango Eskoziako Parlamentuak izango duela Eskoziaren independentziaz legeak egiteko eskumena».

Eskozian 2014an egin zuten independentziari buruzko lehen erreferenduma, eta hautesleen %55ek Erresuma Batuan jarraitzearen alde egin zuten. Bi urte geroago, herritarren %62k brexit-aren aurka bozkatu zuten, eta SNP bera Europako Batasunetik (EB) irtetearen aurka agertu da. Hori dela eta, Sturgeonek iragarri zuen kontserbadoreek irabazi eta akordioak aurrera egiten bazuen, beste erreferendum bat egingo zutela 2020an.

2016tik hona, Eskoziako lehen ministroa bere alderdiak hauteskundeetan jaso dituen emaitzetan oinarritu da beste galdeketa bat egiteko beharra dagoela argudiatzeko. 2016ko Eskoziako Parlamenturako bozetan, SNPk 129tik 63 eserleku lortu zituen —2011n baino bat gutxiago—; 2017ko Erresuma Batuko Parlamenturakoetan, SNPrenak izan ziren Eskoziatik bidaltzen dituzten 59 diputatuetatik 35, 2015ean eskuratu zituenak baino 21 gutxiago.

Duela bi urteko galerari buruz, Sturgeonek adierazi zuen bigarren independentzia galdeketa egiteko asmoak eragina izan zuela bere alderdiaren emaitzetan, eta orduan erabaki zuen erreferenduma egiteko proiektua etetea. Baina Westminsterren izandako kaos politikoak eta independentziaren aldeko mugimendutik jasan dituen presioek behartu egin dute bide berera itzultzea, eta SNP beste independentzia galdeketa bat egiteko asmoarekin aurkeztu zen hil honetako hauteskundeetara. Nabarmen egin du gora, 35etik 47ra.

'Brexit'-aren akordioaren bozketa, bihar

Erresuma Batuko Gobernuak bihar bozkaraziko du brexit-erako akordioa, eta, iragan asteko hauteskundeetan lorturiko gehiengo osoari esker, oraingoan bai, Johnsonek lortuko du Komunen Ganberaren baiezkoa. Hortaz, Erresuma Batua urtarrilaren 31n aterako da EBtik, eta otsailetik aurrera bi aldeak etorkizunean izan nahi duten harremana negoziatzen hasiko dira, urte amaierara arte iraungo duen trantsizio epean.

Nahi izanez gero, bi aldeek epemuga hori luza dezakete —uztailaren 1a baino lehen jakinarazi behar dute asmoa—, baina Erresuma Batuko lehen ministroak hainbatetan adierazi du ez duela hori egin nahi, 11 hilabetean merkataritza akordio bat adosteko gai izango direla argudiatuta. Bruselan, ordea, ez dira hain baikorrak egutegi horren inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.