Eskozia

Sturgeonek Londresen kooperazioa eskatu du erreferendum berri bat egiteko

Eskoziako lehen ministroak 2023a amaitu aurretik egin nahi du independentziaren inguruko galdeketa. SNPk onartu du «osasun publikoko krisiaren amaierak» baldintzatuko duela data.

Nicola Sturgeon, maiatzeko bozak irabazi berritan, Glasgowen. ROBERT PERRY / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko irailaren 13a
18:41
Entzun

Eskoziako eta Erresuma Batuko gobernuek COVID-19ari aurre egiteko martxan jarritako kooperazioak bide eman beharko lioke bigarren independentzia erreferendum bati, Eskoziako lehen ministro Nicola Sturgeonen esanetan. SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren 21. batzarrean eginiko hitzaldian azaldu duenez, galdeketa berria 2023. urtea amaitu aurretik egin beharko litzateke, «osasun egoerak hala baimentzen badu». Baietza gailenduz gero, berriz, 2026rako gauzatu nahi du irteera.Londresek, baina, bizkor eta labur erantzun du: «Sinpleki, ez da unea».

Pasa den maiatzeko bozetan gehiengo osoa eskuratu zuten indar independentistek; 129 eserlekuetatik 64 bereganatu zituen SNPk, eta zortzi Alderdi Berdeak. Horrek, Sturgeonen arabera, independentzia erreferendum berri bat gauzatzeko mandatua berretsi zuen: «Garaipenak gure hauteskunde programa martxan jartzeko mandatua ordezkatzen du, eta hala egingo dugu». Beraz, lehenengoz gobernuan bat eginda, bi alderdiak galdeketa berri bat prestatzeko lanak hasi dituzte. «Baieztatu dezaket Eskoziako Gobernua bide orri xehatu batean lan egiten hasiko dela», azaldu zuen aurreko astean Sturgeonek, Holyrooden eginiko hitzaldian.

Eskoziako gobernukideen arteko elkarlana Edinburgoren eta Londresen arteko harremanetara ere luzatu nahi du Sturgeonek, SNPren kongresuan azaldu duenez. Hala, 2014ko galdaketa ahalbidetu zuten akordioen «kooperazio espiritura» itzultzeko eskatu dio Erresuma Batuko Gobernuari, bete daitezen «entzunak eta errespetatuak izateko Eskoziako herritarren nahi demokratikoak». Izan ere, SNPko liderrak argi du, Londresen laguntzarekin edo gabe, «demokrazia gailenduko» dela; hau da, erreferenduma egin egingo dela. Halere, nahiago du «konfrontazioa» saihestu.

Orain arte, Boris Johnson lehen ministroaren gobernuak uko egin dio Eskoziako Parlamentuari bigarren erreferendum bat prestatzeko baimena emateari. Haren argudio nagusietako bat da indarrak COVID-19ak eragindako pandemiari aurre egiteko erabili beharra. Bide horretatik jo du Downing Streeteko bozeramaileak ere: «Eskoziarrek argi utzi dute Erresuma Batuko Gobernauk eta gobernu deszentralizatuek pandemia garaitzeko batera lan egitea nahi dutela». Sturgeonentzat, baina, Londresen «kontrola areagotzeko» aitzakiak dira Westminsterretik iristen direnak.

Eskoziako lehen ministroak adierazi du SNPk aurrez ere adierazi duela «pandemiari aurre egitea» dela Edinburgoren lehentasun nagusia, eta horretarako lanean ari direla; besteak beste, herrialdeko osasun sistema berritzeko «inoiz aurkeztutako programarik handienarekin». Hala, erreferendumaren kanpaina herritarrak murrizketei begira egongo ez diren egoera batean egin beharko litzatekeela nabarmendu du: «Herrialde batek bere etorkizunarentzat garrantzitsua den erabaki bati aurre egiten dion heinean, helburua da bermatzea hura gai izango dela hartan egoki kontzentratzeko».

Bide beretik jarraitu dute Sturgeonen alderdikideek SNPren kongresuan. Igandean eginiko bozketan, erreferendumerako lege proiektua «ahalik eta azkarren» osatzearen alde egin zuten delegatuek. Bigarren bozketa batean, ordea, baldintza bat jarri zioten. Galdeketaren data «osasun publikoko krisiaren amaieraren arabera» ezartzea onartu zuten: «Eskoziak ez ditu osasuna, ongizatea eta ekonomia arriskuan jarri behar segurua izan baino lehen erreferendum bat eginez».

Bide orririk ez, oraingoz

Ondo bidean, pandemiak ez luke arazo izan beharko 2023. urtea amaitu aurretik egiteko erreferenduma; ezta, baietzak irabaziz gero, legealdia amaitzerako balizko irteera bat gauzatzeko. Arazo nagusia Londresek bere jarrera ez aldatzea litzateke. Orain arte, Eskoziarako ministro Alister Jacken adierazpenak izan dira balizko aldaketa hori iradoki duten bakarrak. Haren hitzetan, Londres galdeketa babesteko prest legoke, eskoziarren gutxienez %60k «epe luze batean» erreferendumaren aldeko babesa adieraziz gero. Londresek bereari eutsiz gero, berriz, Eskoziako Parlamentuak bere kabuz ekingo lioke lege proiektua onartzeari, Sturgeonen esanetan. SNPko buruak, baina, ez du argitu zein izango litzatekeen independentistek jarraituko luketen bide orria.

Aurrera begira, Sturgeonek adierazi du independentziara bidea ez dela erraza izango: «Inork ez du esan ez denik erronkarik gainditu beharko». Halere, gakoa beste bat da harentzat; ea zerk prestatzen dituen egokiago haiei aurre egiteko, «independenteak izateak edo Westminsterrek gobernatuak egoteak». Balizko Eskozia independente batek Erresuma Batuko «gainerako lagunekin» kooperatzen jarraituko lukeela ere adierazi du. Harreman horretan, baina, Eskozia «maila bereko bazkidea» izango litzatekeela nabarmenduta.

Eskoziarrek 2014an bozkatu zuten lehen aldiz herrialdearen balizko independentziaren inguruan. Kasu hartan, hautesleen %55,3k Erresuma Batuan mantentzearen alde egin zuten. Orduan, estatua EB Europako Batasuneko kide zen, eta erakunde hartan mantentzearen aldeko mezua izan zen unionisten argudio nagusietako bat. Erresuma Batuak, ordea, EBtik ateratzearen alde bozkatu zuen 2016an. Kasu hartan, kontrako botoak nagusitu ziren Eskozian, bigarren independentzia erreferendum baten aldeko jarrera indartuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.