Ehunka mortero granada eta kohete jaurti dituzte Gazatik Israelera, atzo, "operazio berezi" batean, Israelek zazpi palestinar hil ostean —soldadu israel bat ere hil zen operazio horretan—. 2014ko Gazako gerraz geroztik izan den enfrentamendu militarrik bortitzena izaten ari da. Gaur, Egiptoren eta NBEren bitartekaritzaren ondorioz, su-eten akordio bat lortu dutela jakinarazi dute Gazako talde armatu palestinarrek. "Erresistentzia palestinarrak konpromisoa hartuko du akordio honekin, etsai sionistak hala egiten duen heinean", esan dute ohar batean. Israelek ez du erantzun ofizialik eman. Egiptoko Kanpo Ministerioak, berriz, "erabateko kezka" agertu du, eta Israeli eskatu dio "berehala gelditzeko ekintza militar oro".
Akordio horren berri izan baino lehen, palestinarren aurkako erasoari erantzunez, Gazako milizianoek eta ehunka kohete eta granada jaurti dituzte Israelera azken orduetan. Horietako batek, militarren garraiorako autobus bat jo du eta soldadu israeldar bat larri zauritu du. Israelgo Ashkelonen, berriz, palestinar bat hil du jaurtigailu batek.
Israelgo armadak adierazi duenez, Gazako hainbat azpiegitura militar suntsitu dituzte azken orduetan aireko indarrek. Horien artean aipatu dituzte entrenamenduetarako lau gune, arma fabrika bat, gudarako ontzi bat eta misil jaurtigailu bat.
Israelek Gazan eginiko "operazio berezi" batek leherrarazi du tentsioa. Hamasek salatu duenez, Israelgo indarrak Gazako lurretan sartu ziren eta Ezedin Al Qasam Brigadetako komandante bat hil zuten. Israelek ukatu egin du hilketa selektiborako operazioa egin duenik. Israelgo agenteek informazioa biltzeko helburua zutela ziurtatu du. Milizianoek erasori erantzun zioten eta Israelgo operazio berezietarako teniente koronela hil zuten. Indar israeldarrek, berriz, hainbat misil jaurti eta zazpi palestinak hil zituzten.