Su etena egiteko eskarien eta genozidio salaketen artean aurrera jarraitzen du Israelek

Tel Avivek ez dio erantzun NBEko Segurtasun Kontseiluaren menia eskariari. AEBek ez beste guztiek diote bete beharrekoa dela. Nazioarteko erakundearen kontalari batek «genozidioa» leporatu dio Israelgo armadari.

Rafahko eremuan, familia bat bonbardaketa batek eragindako kalteak miatzen. HAITHAM IMAD / EFE
Rafahko eremuan (Gaza), familia bat bonbardaketa batek eragindako kalteak miatzen. HAITHAM IMAD / EFE
mikel p ansa
2024ko martxoaren 26a
15:50
Entzun

Israelek ez dio erantzun NBE Nazio Batuen Erakundearen atzoko menia aginduari —Khan Yunisko Al-Amal ospitaleari (Gaza) eraso egin, eta zerbitzurik gabe utzi du—; AEB Amerikako Estatu Batuekin duen harremana tenkatu zaio —goizaldean elkarrekin egindako bileran Washingtonek iradoki diolako badaudela Rafahri erasotzeaz bestelako aukerak, eta NBEren Segurtasun Kontseiluan AEBek ez diotelako betoa jarri menia eskariari—, eta, txosten batean, NBEko errelatore batek Israelgo soldaduei leporatu die «genozidioa» egitea; hala, olatu horiek negoziazioetara iritsi dira, eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak erretiratu egin du bere ordezkaritzaren parte bat.

Azken orduak tentsioz beteak izan dira arlo diplomatikoan. NBEk Israeli agindu dio su eten bat egiteko ramadanak iraun artean —apirilaren 9an bukatuko da—, eta, kide gehienen esanetan, bete beharrekoa da agindu hori, baina ez Israelen ustez. Lehenago ere uxatu izan ditu NBEren aginduak. Rafahri eraso egiteko asmotan jarraitzen du, baina ez du lortzen AEBen sostengua horretarako.

Nolanahi ere, ez du etsitzeko asmorik agertu. Isaac Herzog Israelgo presidenteak iradoki du zein izan litekeen Gazako erasoa bukatzeko azken gakoa: «Yahya Sinwarrekin hasi zen, eta harekin bukatuko da». Hamasen Gazako burua da Sinwar, eta hari egozten diote Palestinako milizia armatuek urriaren 7an Israelen egindako erasoak planifikatzea.

Ekiteko marjina estutuz doakio Tel Avivi, ordea. NBEko ordezkari batek ondorioztatu du pisuzko arrazoiak daudela esateko Israel «genozidioa» egiten ari dela Gazako zerrendan. Francesca Albanese NBEren Palestinarako kontalariak idatzi du txostena, eta atzo gauean eman zuten edukiaren berri. Israelek ez dio NBEren menia eskariari erantzun, baina bai Albaneseren txostenari: «Errealitatearen bertsio lizun bat da».

NBEk genozidiotzat jotzeko ezarriak dituen bost ekintzetatik hiru betetzen ari da Israel, Albaneseren arabera. «Aintzat hartuta Israel Gazan egiten ari den erasoa ikaragarria dela eta ezarri dituen bizi baldintzak suntsitzaileak direla, palestinarrak talde gisa fisikoki suntsitzeko ahalegin bat ikusten da». Izendatu ere halaxe egin du txostena Albanesek: Genozidio baten anatomia.

Anatomia horretan zerrendatu du Israelgo armadaren zer ekintza izan litezkeen genozidioaren parte: «Taldeko kideak hiltzea; taldeko kideei kalte fisiko edota mental larriak eragitea; taldeari bizi baldintza kalkulatu batzuk ezartzea fisikoki suntsitzeko, osorik edo partez».

Lehen ekintza: Israelek 32.400 palestinar baino gehiago hil ditu urriaren 7tik, eta gutxi gorabehera 12.000 lagun desagertuta daude. Hildakoen %70 emakumeak edota adingabeak ziren. Baina Israelek ez du frogatu gainerako hildakoak (%30) —gizon helduak izan arren— Hamaseko borrokalariak zirenik.

Bigarrena: Israelek 70.000 palestinar baino gehiago zauritu eta milaka atxilotu ditu, hala gizonak nola mutikoak, eta torturak egin zein tratu txarrak eman dizkie.

Hirugarrena: Israelek erabat suntsitu edota izugarri kaltetuta utzi ditu Gazan bizirik eusteko ezinbestekoak diren azpiegiturak; tartean, ospitaleak eta laborantza lurrak.

NBEren Giza Eskubideen Batzordeari atxikita dago Albanese, baina ez da instituzioaren bozeramaile ofiziala. Israelgo Gobernuak ez dio urrunago joaten utzi nahi izan, halere: estatu horrek Genevan duen ordezkari diplomatikoak salatu du «Estatu Juduaren ezarpenari kontra egiteko kanpainaren» parte dela Albaneseren txostena: «Israelen gerra Hamasen kontrakoa da, ez palestinar zibilen kontrakoa».

«Inoiz ez dut ikusi horrelako suntsipenik»

Eztabaida diplomatikoek dirauten artean, Gazara sartzeko zain daude oraindik jakiz eta laguntzaz betetako ehunka kamioi. Egiptotik muga pasatzeko Israelen baimena ez da iristen, Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtseko kide James Elderrek gogorarazi duenez. Kezkaz mintzatu da, Rafahn pilatuta dagoen jende kopuruarengatik: «Giza larrialdietako estandarrek esaten dute komun bat behar dela hogei pertsonako; eta hemen, 850 pertsonarentzat da komun bakoitza». 3.600 pertsonako dutxa bakarra dago, bestalde.

Israelen erasoak hegoaldera bultzatu ditu milaka eta milaka gazatar, herritarrik gehien-gehienak, eta 1,5 milioi pertsona inguru daude Rafahn orain. Baldintzak oso gogorrak dira. Jakirik ia ez dute, eta egunean litro bete ur besterik ez, batez beste, pertsonako. Giza krisietan gutxienez hamabost litro behar direla irizten diote. «Hogei urte daramatzat NBEn, eta inoiz ez dut ikusi horrelako suntsipenik», deitoratu du Elderrek.

Laguntza humanitarioak ere eragiten ditu arazoak, bestalde: Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi du azkeneko egunetan hamabi lagun hil direla itota, atzerriko herrialdeek airez botatako laguntza itsasoko uretatik atera nahian ari zirela. Zanpatuta hil dira beste sei. «Laguntza airez bidaltzea arrisku bilakatu da».

Negoziazio mahaiak, bitartean, aurrerabiderik gabe jarraitzen du. Israelgo ordezkaritzaren parte batek mahaia utzi zuen atzo, NBEren Segurtasun Kontseiluaren erabakiaren ostean. Israelek salatu du adierazpen horrekin Hamas harrotu egin dela eta baldintza onartezinak eskatzen ari dela. Armada erretiratzeko eta su etena iraunkorra izateko eskatzen ari dira palestinarrak. Negoziazioak ez dira eten, halere.

Ismail Haniyeh Hamaseko burua, berriz, Teheranera heldu da gaur, eta prentsaren aurrean mintzatu da. NBEren menia eskariak erakusten du Israel babes politikoa galtzen ari dela, haren hitzetan. «Agerian uzten du erregimen sionistaren bakardadea, eta AEBek ez dutela botererik beren nahiak nazioarteko komunitateari inposatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.