Huts egin du Siriako Gobernuaren eta milizia drusoen arteko su etenak; oraingoan ere, ordu batzuez baino ez da egon indarrean. Igandean istiluak hasi ziren Siria hegoaldeko komunitate beduinoen eta milizia drusoen artean, eta ordutik egunero izan dira borrokak eremu horretako As-Suwayda hiriaren inguruan. Siriako Gobernuak hara bidali zituen tropak, aste hasieran, «segurtasuna bermatzeko», baina liskarrak izan ziren tropen eta milizia drusoen artean; Israelek, berriz, beduinoen eta Siriako hainbat eremuren aurkako zenbait eraso egin ditu, argudiatuta drusoen komunitatea babestea duela helburu. Menia indarrean sartu eta ordu gutxira, Israelek miliziano beduino batzuen ibilgailuari egin zien eraso atzo gauean, Palmira eta Homs hirien arteko errepidean, eta As-Suwaydaren inguruak bonbardatu zituen. Horiek horrela, abiapuntura itzuli da gatazka.
Tel Aviven erasoaldiaren ondoren, tribu beduinoek jakinarazi dute «beste ofentsiba bat» hasi dutela drusoen aurka. Are, laguntzarako deia egin dute. Abdul Moneim al-Naseef tribu beduinoetako liderrak bideo bat zabaldu du gaur goizaldean, sare sozialetan, eta horren bidez egin du eskaera: «Siriako eskualde guztietako tribuei dei egiten diegu As-Suwaydara etorri daitezen, gure jendearen aurkako masakreen eta garbiketa etnikoaren kontra borrokatzeko». Halere, ñabardura bat gehitu du mezuan, eta esan erasoak egiten dituzten horien aurka egiteko soilik.
Egoera ezegonkorra da Siria hegoaldean, eta ziurgabetasuna da nagusi. Horren erakusle da, besteak beste, ez dagoela argi Siriako Gobernuak zer pauso emango duen hurrena. Al-Jazeera hedabidearen arabera, Siriako Barne Ministerioak atzo gauean iragarri zuen tropak berriro zabaltzekoak direla As-Suwaydan; gaur, baina, ministerio horretako bozeramaile Nureddine al-Babak informazio hori gezurtatu du, eta adierazi oraindik ez dutela hartu horren inguruko «erabaki ofizialik».
Hiru helbururekin zabaldu zituen tropak Siriako Gobernuak: «Gatazka amaitzeko, segurtasuna bermatzeko eta gertakarien erantzuleak epaitzeko». Operazio horrek, baina, are gehiago areagotu zuen drusoen haserrea, baita Israelgo Gobernuarena ere. Hango lehen ministro Benjamin Netanyahuk «onartezintzat» jo zuen tropak hara zabaltzea, eta Siriako Defentsa Ministerioaren egoitzari egin zion eraso, herenegun, argudiatuta «drusoak babesteko eta Siria hegoaldetik tropak erretirarazteko» esku hartu zuela. Tel Aviven presioari men egin, eta tropak handik erretiratzea erabaki zuen herenegun gauean Siriako behin-behineko gobernuburu Ahmed Al-Xaraak.
Dena den, Israelek ez dio eraso egiteari utzi; are, ofentsibarekin jarraitzeko asmoa adierazi du, eta tribu beduinoak ez ezik, «miliziano jihadistak» ere izango ditu jopuntuan. Hala jakinarazi zuen, atzo gauean, Israelek NBE Nazio Batuen Erakunderako duen ordezkari Brett Jonathan Millerrek; haren arabera, egunotan Tel Avivek egin dituen erasoak «betebehar moral eta erlijiosoak» dira. NBEren egoitza nagusian (New Yorken) egin zituen adierazpen horiek, hain justu, Ekialde Hurbileko egoera aztertzeko segurtasun batzordeak propio antolatutako saio batean. Agerraldian, halere, agerian utzi zuen Israelek baduela «betebehar erlijiosotik» harago doan interes bat: Siria hego-mendebaldeko eremua desmilitarizatuta mantentzea. Eremu horrek muga egiten du Israelekin.
Kalte handiak jendeari
Egunez egun gehiago ari da korapilatzen tribu beduinoen eta drusoen arteko gatazka, eta istiluak ondorio kaltegarriak uzten ari dira. Atzo, NBEk salatu zuen gutxienez 2.000 familiak etxea utzi behar izan dutela borroken ondorioz. Are, SANA Siriako albiste agentzia ofizialaren arabera, talde kriminalak ere esku hartzen ari dira liskarretan, eta, besteak beste, eremu horietako zibilak bortxatu dituzte, eta haien etxeak kiskali. Akusazio horiekin lotuta, gaur kaleratutako ohar baten bidez, Siriako Gobernuak leporatu die agintari drusoei «krimen ikaragarriak» egitea tribu beduinoetako zibilen aurka, eta atzo hitzemandako menia urratzea.
Gainera, istiluek zaildu egin dute herrialdeko eremu horretan laguntza humanitarioa banatzea. Horren jakitun, Israelgo Atzerri ministro Gideon Saarrek adierazi du hara laguntza humanitarioa bidaltzeko baimena eman duela; besteak beste, elikagaiak eta osasun baliabideak emango dituzte. Hori bai, drusoen komunitateari soilik.
Liskarrek eragin dituzten hildakoen eta zaurituen kopuruei dagokienez, Siriako Gobernuak ez du, oraingoz, datu ofizialik eman. Londresen egoitza duen Giza Eskubideen Siriako Behatzailearen arabera, berriz, 370 pertsona baino gehiago hil dituzte asteon.
%44Zenbat israeldarrek uste duten ez direla beteko Gazako gerran lortu nahi diren helburuak. Israelgo Maariv hedabideak Gazaren aurkako ofentsibaren inguruko inkesta bat egin du, eta horretan parte hartu duten herritarren %44k uste dute erasoekin jarraitu arren ez direla beteko Israelgo Gobernuak zehaztutako helburuak. Bestalde, herritarren %27k uste dute Israelek ez lukeela Sirian militarki esku hartu beharko.