«Su-etena gauerdian jarriko da indarrean». Hamaseko eta Jihad Islamikoko ordezkariek egin zuten iragarpena, atzo arratsaldean, Kairoko hotel batean, Egiptoko zerbitzu sekretuekin egindako bileratik irten berritan. Turkiako Atzerri ministroak gauza bera esan zuen handik gutxira. Mohamed Mursi Egiptoko presidenteak eguerdirako esana zeukana baieztatu zuten guztiek: akordioa lotuta zegoen Israelekin, adio Segurtasunerako oinarria operazioari.
Hamasen baieztapen ofiziala ez zen inondik ageri, ordea. Are gehiago: buru militar berriak «aukera guztietarako prest» egotera deituak zituen atzo arratsaldeko lehen orduetan milizianoak. Su-eten iragarpenari ur hotza bota zion azkenik Israelgo Gobernuaren eledunak ere, «pilota oraindik jokoan dago» esanez erantzun baitzuen lehen mementoan, eta ezer sinatu gabe zeudela erantsi. Tel Avivek milaka soldadu eta tanke Gazako mugetan pilatuta zeuzkan artean, argi uzteko oraindik ez zituela baztertu lurreko erasoari ekiteko asmoak. Eta Gazaren aurkako bonbardaketa latza hasi zuen ilunabarrean. Ikusteko zegoen su-eten aurreko azken erasoaldia ala su-etena ukatzeko mezua ote zen. Hamaseko Ezzat Rishkek, azkenik, iragarritakoa ukatu zuen: «Oraindik ezdugu akordiorik lortu, eta baliteke gaur gauean ez lortzea; aukera guztiak irekita daude, eta gure herria eta erresistentzia aukera guztietarako prest daude».
Zurrunbilo diplomatikoaren eta ekintza militarraren txirikorda inoiz baino estuago lotuta ikusi zen atzo Ekialde Hurbilean. Arabiar Ligak ordezkaritza zabala bidali zuen Gazara, Nabil al-Arabi idazkari nagusia buru zuela. Israelek ez zuen bonbardaketarik eten bisitak iraun zuen bitartean: hamahiru palestinar hil ziren bi ordu horietan. Al-Arabik, gainera, NBE Nazio Batuetako Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moonekin bilera egin zuen atzo bertan, Kairon. AEB Ameriketako Estatu Batuetako estatu idazkari Hillary Clintonek ere bisita ofiziala hasizuen eremuan. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahurekin bildu zen gauean, Jerusalemen; Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasekin egotekoa da gaur goizean Ramallahen; eta Egiptoko presidente Mohamed Mursirekin segidan, Kairon. Ban Ki-moonek ere antzeko ibilbidea egin zuen, geltokien hurrenkera aldatuta bada ere: Kairon hasi zen, eta Jerusalemera segitu zuen, Ramallahera ailegatzeko azkenik.
Egiptoren rola
Batzuek eta besteek nabarmendu dute joan den asteazkenean hasitako krisian Egiptok jokatutako rola.Segurtasunerako oinarria operazioa hasi zuenetik, Gazatik heldutako eraso guztiak geldiaraztea eta Hamasi armak lortzeko bideak ixtea eskatu du Israelek. Hamasek, berriz,Gazaren aurkako blokeoa eta Israelek egindako hilketak geldiarazteko. Bi lerro horien artean ari da Egiptok bitartekari lanetan.
Akordioak akordio, atzoko gerra parteak 28 hildako utzi zituen gutxienez. Hitz hauek idazterakoan, Israelek 27 palestinar hilak zituen. Horietako bi, Hamasen Al-Aksa telebista kateko kameralariak, hegazkin telegidatu batekin egindako «hilketa selektiboaren» biktima izan ziren. Segurtasunerako oinarria operazioa hasi zuenetik, Israelgo armadak hainbatetan jo ditu kazetariak.
Gazatik, berriz, etxean egindako dozenaka misil jaurti zituzten, eta horietako batek soldadu israeldar bat hil zuen, mugatik gertu. Gazatik botatako misil batek, gainera, Tel-Aviveko etxe bat jo zuen lehen aldiz, eta lau lagun arin zauritu. BBC kateak atzo bertan zabaldu zuenez, Gazako milizianoek sei gizonezko palestinar hil zituzten, Israelekin kolaboratzen zuten traidoreak izatea egotzita .
NBEk, berriz, adierazi zuen Israelgo armadak Gazan «zuzenean» jotako hainbat eraikin zibilen aurkako erasoen berri jaso dutela. «31 etxebizitza eta bi komunikabide egoitza jo dituzte zuzenean. Zeharka, gainera, 30etik gora eskolari eta gutxienez hamar erlijio egoitzari kalte egin diete», jakinarazi zuen NBEren Giza Eskubideetarako goi mandatariaren eledunak. Ez omen da erraza, hala ere, zehaztea eraso horiek guztiak nahita egindakoak diren ala ez. NBEkoak mezu bat igorri zion Tel Avivi: Israel derrigortuta dago helburu militarrak eta zibilak bereiztera eta tentuz eta neurriz jokatzera, biktima zibilak saihestearren. «Gazaren aurkako eraso indiskriminatuak» bukatzeko eskatu zion Navi Pillay goi mandatariak Israeli, eta «kezkatuta» agertu zen Gazan egiten ari direnarekin nazioarteko legedia betetzen ari ote diren ala ez.
Lege urraketak
Nazioarteko Legelarien Batzordeak ez du zalantzarik: Israel ez da betetzen ari nazioarteko legedia, ez baita ari zibilen bizitzak babesten. «Nazioarteko zuzenbidearen halako urraketen erantzuleek justiziaren aurrean erantzun beharko dute», erakunde horretako idazkari nagusi Wilder Taylerren esanetan. Amnesty International erakundeak, berriz, NBEri eskatu dio alde biei arma bahimenduaezartzeko eta eremura begiraleak bidaltzeko.
Israelek gaur zortzi Segurtasunerako oinarria operazioa hasi zuenetik, 130 palestinar hil eta 1.000 inguru zauritu dira gutxienez. Horietako asko, zibilak. Hildako israeldarrak, berriz, lau dira. Zenbakiok su-etenetako hitzaurrea luzatu ahala puzten ari dira.
Ekialde Hurbila. Gazaren aurkako erasoa
Su-etenaren hitzaurrea
Egiptoko presidenteak eta Turkiako Atzerri ministroak hala iragarri arren, Gazan ez da oraindik su-etenik indarrean sartuIsraelek Gazaren aurkako bonbardaketa gogorrak hasi zituen atzo ilunabarrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu