Su piztailearen aspergarren erronka

Shintaro Ishiharak piztua da Senkaku/Diaoyu uharteen gaineko su berria, Japoniaren eta Txinaren artean. Itzaltzeko dago, Ishiharak hauspotutako beste asko lez. Alderdi berria sortuko duela iragarri du.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2012ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Tokioko gobernadore kargua utzi eta Japonia gobernatzeko asmoa daukala. Alderdi bat sortuko duela, datozen hauteskunde orokorretan lehiatzeko —2013ko udarako iragarriak zeuden, baina lehen ministroak esana dauka aurreratu egingo dituztela—. «Japoniako indar kontserbadoreak biltzea espero dut», zioen atzo Shintaro Ishiharak. 80 urte bete berriak izateak ez ditu haren nahiak kamustu. Kontserbadore izateko bere modua ulertzen lagun dezaketen ekintza ugariren protagonista izana da.

Azken adibide garbia, apiril erdialdekoa: Senkaku uharteetako —txinatarrek Diaoyu deitzen diete— hiru erosteko, diru bilketakanpaina jarri zuen abian Ishiharak. Txinako Gobernuaren berehalako protesta eta 14 milioi euro jaso zituen bueltan. Ez alferrik, guztira 7 kilometro koadroko eremua duten uharte horiek beretzat dituzte txinatarrek, baina Japoniak kudeatzen ditu. Irailaren 11n, Japoniako Gobernuak erosi zituen hiru uharteok. Txinan japoniarren interesen aurkako sua piztu zen, boikoterako deiak eta txikizioak ugaldu egin ziren.

Ordutik, herrialde bien agindupeko ontziak ugaldu egin dira uharte inguruetan. Uharteen ur eremura sartu ere egin izan dira zenbaitetan Pekinek bidalitako ontziak, Tokiok intrusiotzat jo izan ditu halakoak. Joan den astean, Txinako armadak ariketa militarrak egin zituen Txinako Itsaso ekialdean. Han daude polemika iturri bihurtu diren uharteak.«Uharteok erosi izan ez bagenitu, askoz okerragoa izan zitekeen egoera», adierazi zuen larunbatean Japoniako Atzerri ministro Koichiro Gembak, BBC katean. Ishihara gobernadoreak erosi izan balitu, zehaztu zuenez, are su indartsuagoa pitz zitekeen bi herrialdeen artean.

Idazle eta politikaria

Japoniako Gobernua eskuratu nahi du Shintaro Ishiharak, baina Tokioko gobernadore izan da 1999tik, eta hiri horretan herrialde osoko hautesleen%10etik gora bizi dira. Tokio Japoniako ekonomia eta administrazio hiriburua da, eta hango agintariek aukera dute Japonia osoko agintarien jarduna markatzeko. Ishiharak hiriburuko hautesleen babes zabala izan du lau legealditan. Zabalena, 2003ko hauteskundeetan, bozen %70 jaso baitzituen. Iazko apirilaren 10eko hauteskundeetan aginteari eutsi zion, hilabete lehenago Japonia astindu zuen lurrikarari eta ondorengo tsunamiari buruz adierazpen oso polemikoak eginak zituen arren: «Japoniako politika berekoikeriaz eta populismoz betea dago. Tsunamia berekoikeria ezabatzeko erabili behar dugu. Sentitzen dut biktimengatik, baina uste dut [tsunamia] zeruaren zigor bat dela».

Halako esaldiak ez dira berriak oso gaztetatik idazle ospetsu izandakoaren ahotan. II. Mundu Gerran zauritua izan zen, 1966an Japoniako literatura saririk ospetsuena irabazi zuen, eta, Yukio Mishima lagunak harakiria egin zuela jakin bezain pronto, haren gorpua gurtzera joan zen. Ezetz esan dezakeen Japonia liburua argitaratu zuen 1989an, AEBen menpekotasuna arbuiatuz. «Japoniak arma nuklearrak behar ditu», esana du. Alberto Fujimoriren goratzaile sutsua eta Japoniaren gerra krimenen errebisionismoaren aldekoa da: «II. Mundu Gerran japoniarrei zerbitzu sexualak eskaini zizkieten emakume korearrak dirua nahi zuten prostitutak ziren». Eta sexista: «Umeak edukitzeko gaitasuna galdu duten emakume helduek ez dute ezertarako balio». Eta homofoboa: «Homosexualek pena ematen didate».

Atzo, Ishiharak Tokioko gobernadore kargutik dimisioa emango zuelako iragarpen eguna, Txinako banderapeko hiru ontzi Senkaku uharteetako uretara sartu ziren. Berak hauspotutako sua itzaltzetik urrun dago. Hauteskunde lehiarako ikurretako bat izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.