Subiranotasunaz herri galdeketa proposatuko du gaur Masek

Erabakitzeko eskubidean oinarrituta, «trantsizio nazionala hastea» proposatuko du CiUk Kataluniako ParlamentuanPolitika orokorrari buruzko eztabaidatik «erabaki garrantzitsuak» aterako dira etzi

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Gutxitan sortu du politika orokorrari buruzko eztabaida batek Kataluniakoak bezainbesteko interesa, berezko estatua eraikitzeko proposamenak aurrez behar duen katalanen eztabaida sakon eta lasaia agertoki horretan ezarri baitzuen Artur Mas Generalitateko presidenteak joan den astean. Ildo horretan jorratu du CiUk gaur parlamentura eramango duen zirriborroa. Herri galdeketa egitea proposatzen du. Erabakitzeko eskubidean oinarritutako «trantsizio nazionala hasteko» eskatzen du, Katalunia Espainiako Estatuan egokitzeko ahalegin guztiak eginda daudela iritzita.

El País egunkarira filtratutako zirriborroan estatu hitza ez da aipatzen, ez eta galdeketari buruzko eperik zehazten ere. Bost puntu ditu zirriborroak, eta estatu eskaerari egiten zaion aipamen bakarra lehenengo puntuan dago, irailaren 11n Bartzelonan egin zen manifestazioaren harira, ekitaldi hura txalotzeko.

Bigarren puntuan, «trantsizio nazionala» hasi behar dela aipatzen du, erabakitzeko eskubidea oinarri izango duena, ez delako biderik aurkitu Katalunia Espainiako Estatuan egokitzeko.

Kataluniak bere bidea egiteko beharra duela uste du, eta hori ahalbidetzeko eskatzen dio parlamentuari, etorkizun kolektiboa libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea izan dezan. «Hori da bide bakarra garapen sozialerako, ekonomikorako, demokrazia indartzeko eta kultura eta hizkuntza propioa indartzeko».

CiUk proposatzen du parlamentuak eska diezaiola gobernuari, indar politikoei, gizarte eragileei eta eragile ekonomikoei ahalik eta adostasun handiena lortzeko «prozesu demokratikoan». Eta nazioartearekin, Europako erakundeekin eta Espainiako Gobernuarekin elkarrizketa hasteko deia egiten du, «askatasun osoz Kataluniako herritarrek erabaki ahal izan dezaten, inolako hertsatzerik gabe».

Azkeneko puntuan, etorkizun kolektiboa libre eta demokratikoki erabakitzeko beharra azpimarratzen du, eta gobernuari horri buruz galdetzeko eskatzen dio.

Zirriborro hori gaur eramango dute parlamentura, eta alderdiekin adosten ahaleginduko dira. Subiranotasunaren aldeko indarrak ados jarri dira eztabaidarako txosteneko gai nagusietan. «Erabaki garrantzitsuak» hartuko dituzte etzi, Oriol Pujol CiUren idazkari nagusiak iragarri duenez.

Egutegia

CiUren proposamena ezagututa alderdiak negoziazioan sartuko dira, beraz. CiUk ez du zehaztu egutegirik. Ildo horretan, indar nazionalista katalanek egutegi bat ezar lezakete erreferendumera deitzeko. Espainiako Gobernuak du zeregin horren eskumena, baina Generalitatea, ERCren laguntzaz, kontsultetarako lege bat prestatzen ari da katalanen iritzia jakin ahal izateko Madrilek onartu behar izan gabe. Hasiera batean, hauteskunde erroldarik ez lukete erabiliko, udaletako erroldak baizik. Emaitzak balio sinbolikoa izango luke, baina Espainiako Gobernua estu hartzeko balioko luke, prozesuak aurrera egiteko. Quebecen egindakoa bezala, edo Eskozian 2014an egingo dutena.

ICVk ere Eskozian egiten ari diren prozesuaren antzekoa nahi du Kataluniarentzat. Ekosozialistek argi daukate «katalanek hitz egin behar» dutela eta gaur egun ez dagoela horretarako bitartekorik, Dolors Camatsen arabera. ERCk CiUrekin bat egingo du gai garrantzitsuenetan, baina nahiago du ez iragarri zer jarrera hartuko duen, uste baitu legebiltzarraren izenean hartutako erabakiak garrantzitsuagoak direla bakarkakoak baino. Solidaritatalderdiarentzat ere lau alderdiek adostasuna lortzea izan behar du lehentasunak, horrek emango baitie indarra Espainiari aurre egiteko.

PPCren jarrera da argiena, Kataluniatik bideratu nahi den guztietan kontra, eta Kataluniako Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdien artean PSC da isilen egon dena, atzo bere jarreraren lagin batzuk eman zituen arte. Pere Navarro sozialista katalanen idazkari nagusiak esan du subiranotasunaren aldeko kontsulta bat ez litzaiokeela gaizki irudituko, baina ez orain, baldintza batzuk betez gero baizik, «datozen hauteskundeen ondoren independentismoaren alde agertutako alderdiek gehiengo argia eskuratzen badute. Kataluniarrek hitz egin dezaten sistema demokratikoren bat jarri beharko da orduan». Haren ustez, federalismoa defendatu edo independentismoa, guztientzat balioko lukeen formula bat bilatu behar da.

Hain zuzen, bi joera horiek daude PSCren barruan. Eta hori gutxi balitz bezala, gertaera politikoek hartu duten abiadurari ezin jarraitu dabiltza. Nazionalista katalanak euren bidea egiten ari dira, eta nahikoa lan daukate PPCrekin argazki berean ez agertzeko ahaleginak egiten. Horregatik, argi utzi dute ez dutela parte hartuko subiranotasunaren kontrako frontean.

Horregatik, Alfredo Perez Rubalcabak federalismoaren alde egindako adierazpenekin PSOEk izandako jarrera aldaketa eskertu du Navarrok. Federalismoaren aldarria aspaldi dute eramana katalanek alderdiaren batzorde federalera.

Hauteskundeak

Ostegunean hartuko duten erabakia subiranotasunaren aldekoa izango da, baina horrek, etorkizunerako izango duen garrantziaz gain, esan nahi du CiU PPCren babesik gabe geratuko dela datorren urteko aurrekontuak onartzeko. ERCk, berriz, ez luke CiUren alde egingo aurrekontuetan, ez duelako bat egiten hark orain arte egindako murrizketekin. Governek aurrekontuak luzatu edota hauteskundeetara deitzea proposatu beharko du, eta bozak aurreratuko dituela inor gutxik jartzen du zalantzan, batez ere kontuan hartuta legealdi honetan Masen apusturik handiena itun fiskala izan dela, eta bere bidea amaitutzat jo zuela joan den astean, Raxoik esan zionean ez zegoela prest ezer negoziatzeko.

CiUk Bartzelonako Sant Jordi jauregia erreserbatu du azaroaren 23rako —Kataluniako hauteskundeetako agertoki handia—, eta azaroaren 25a da egun posibleen artean indar handiena hartu duena. Dena den, egunotan argituko dira xehetasun horiek guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.