SUDAN. DARFURKO GATAZKA. Justizia bila Sudanen

Darfurrerako auzitegi berezi bat sortzea onartu du Afrikako Batasunak; Sudango Gobernuak gogo txarrez hartu du erabakia

2009ko urriaren 31
00:00
Entzun
Sudanen asko dira gerra besterik ezagutu ez duten herritarrak. 1956tik, herrialdeak independentzia eskuratu zuenetik, ia etengabeko borrokan bizi dira han. Egun eskualde gatazkatsu bat geratzen da: Darfur. Duela sei urte, hango herritarrak armak hartu zituzten Gobernuaren aurka; argudiatzen zuten Khartumek baztertu egiten zituela komunitate arabiarren mesedetan. Geroztik 300.000 lagun hil dira eta ia hiru milioi lekualdatu. Milaka pertsonaren amesgaiztoa amaitu nahi du nazioarteak, nola edo hala. Helburu horrekin AB Afrikako Batasunak Darfurko krimenak ikertu eta epaitzeko auzitegi berezi bat sortzea proposatu zuen atzo. Hala, bakerako bideak zabalduko dituela uste du erakundeak.

Irtenbidea ez da Sudanen gustukoa izan, ordea. Ulertzekoa da bai Gobernua eta bai gerrillariak beldurra izatea epaitegi berezi horretan azalpenak eman behar izateari. «Justizia mekanismo berriak ezarri aurretik egoera aztertu behar dugu. Konstituzioarekin bat datorrela bermatu behar da», ohartarazi du Ali Osman Mohamed presidenteordeak. Ezezko argiagoa izan da SLA Sudan Askatzeko Armadaren adar bateko buru Abdel Wahid Mohamedena: «Sudanen ez dago legerik. Afrikako Batasunak ezingo du epaitegi askerik sortu Darfurren. Nazioarteko Zigor Auzitegia da bide bakarra». Behingoagatik, harekin bat etorri da Justizia eta Berdintasunerako Mugimendua gerrilla.

Aldiz, herrialde hartan lanean ari diren gobernuz kanpoko erakundeek txalotu egin dute proposamena. «Darfurko biktimei justizia egiteko bidea da. Gehiegi dira sufritzen ari direnak, eta gehiegi gerra kriminalak», salatu du Human Rights Watch erakundeko kide Georgette Gaignonek. Baina ohartarazi du ezertan hasi aurretik epaiketak askeak eta justuak izango direla bermatu behar dela. «Ezin dute Nazioarteko Zigor Auzitegiaren lana trabatu».

Bake elkarrizketak

Gatazka amaitzeko ahalegin asko egin dituzte Darfurren hura piztu zenetik. Baina, batean bateko, bestean besteko, Darfurko milizien eta Sudango Gobernuaren artean egindako akordioek ez dute inoiz aurrera egin. 2006ko maiatzeko saioak izango dira, beharbada, gatazka konpontzetik gertuen ibili direnak. Orduko hartan SLMko buruak, Minni Minnawik, bake akordioa sinatu zuen Khartumekin. Nazioartearen eta herritarren itxaropenak, alabaina, berehalakoan uxatu ziren. Soilik Minnawiren jarraitzaileek egin zuten bat akordioarekin, eta SLM banatu egin zen. Gainerako taldeek ere ez zuten hitzarmena babestu.

Akordioak akordio, ez da adostasunik Darfurko lurralde idorretan. Alta, azaroaren 16an Dohan (Qatar) abiatzekoak dituzten elkarrizketek beste aukera bat emango die. Esperantzaz begiratzen diote NBE Nazio Batuen Erakundeak eta AB Afrikako Batasunak egun horri; badirudi talde armatuetako kideak ere han izango direla. Orain arteko negoziazioetan oso urria izan da Gobernuaren aurka daudenen presentzia.

Etnien arteko ezinikusia

Gatazka etnikoa da Darfurkoa. Dozenaka etnia, erlijio, enda nahasten dira Sudanen, baita Darfurren ere, eta euren arteko desadostasunak eragiten ditu borrokak. Rubatabak, manasirrak, furrak, zaghawak, shaikijak, bagarak... bakoitza bere usadioen jabe, bakoitza bere bizimoldeekin. Darfurko miliziek salatu dute horien arteko aldea handiagoa dela, Sudango Gobernuaren balantzak hauetako batzuen alde egiten duelako, besteen miseria handituz. Darfurko matxinoek bi eskakizun nagusi dituzte, oro har: herrialdearen aberastasunak banatzea, eta erreforma politikoa gauzatzea, eskualdeari autonomia eta protagonismo handiagoa emanez.

Liskarrak hasi zirenetik, Gobernua eskualdean garbiketa etnikoa egiteko aprobetxatzen ari den tesiak indarra hartu du azken urteetan. Omar al Bashir presidenteak ukatu du halakorik, eta gerrillariei egotzi die erantzukizun guztia. Mendebaldeak, ordea, ez dio sinetsi, eta Nazioarteko Zigor Auzitegiak Al Bashir atxilotzeko agindu zuen martxoan, gizateriaren kontrako krimenak eta gerra krimenak egotzita. Afrikako hainbat estatuburu, baina, eszeptiko agertu dira. Sudango presidentea auzipetzeak gatazka okerragotuko duela uste dute horiek.



Hegoaldeko bake prozesua, oraindik ere kolokan

2005ean amaitu zen hegoaldearen eta iparraldearen arteko gerra. Gatazkan bi milioi lagun inguru hil ziren, eta beste milaka lekuz aldatu. Urte hartan, ordea, Bakerako Hitzarmen Globala sinatu zuten. Horren arabera, 2011ko urtarrilaren 9an independentzia erreferenduma egingo dute hegoaldean. Arazoa da, baina, galdeketa egin aurretik hainbat kontu adostu behar dituztela eta azken egunetan Gobernuan liskarrak direla nagusi. SPLM Sudan Askatzeko Herri Mugimenduak (hegoaldekoa) leporatzen dio Kongresu Nazionaleko Alderdiari -bera da nagusi Gobernuan- erabakiak bere kabuz hartzea. Hark, berriz, bake akordioan jaso gabeko kontzesioak lortu nahi izatea egozten dio SPLMri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.