SUDAN. HAUTESKUNDEAK. Hauteskundeak oposiziorik gabe

Agintearen aurkari nagusiek boikota egingo dute; prozesua ustelduta dagoela arrazoitu dute, eta bozak atzeratzeko eskatu

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Sudango oposizioko talde nagusiek ez dute parte hartuko igandeko hauteskundeetan, eta bidea oraindik ere libreago utzi diote Omar al Bashir teniente jeneralari presidente kargua berritzeko. Estatu kolpea eman zuenetik hogei urtera, lehen hauteskunde itxuraz demokratikoak iruzurra alde guztietara utzi du agerian. Presidentea da prozesuan sinesten duen bakarretakoa: «Bozak askeak eta garbiak» izango dira, «betebehar erlijiosoa» direlako, «gure proiektu guztiak diren bezalaxe».

Al Bashirrek bozak berak irabazteko modura diseinatutako sistema jarrita, gutxik sinesten dute hauteskundeak demokraziaren adierazpen argia izango direla. Umma oposizioko alderdi nagusiak, beste hainbat taldek bezala, boikotaren alde egin du, prozesua ustelduta dagoelako eta Gobernuak muzin egin diolako hauteskundeak atzeratzeko eskaerari; ezinbestekoa da hori, Gobernuarekin bozak baino lehen hitzartu zituzten baldintzak betetzeko. Prozesu demokratikoa ziurtatzeko, gatazka guneetan bideak jartzea izan da eskaeretako bat. Alderdi Komunistak eta Erreformarako Ummak ere arrazoi berengatik egin dute atzera.

Era berean, SPLA Sudan Askatzeko Herritarren Mugimenduak boikot partziala iragarri du: iparraldeko probintzia gehienetan ez du parte hartuko. Hegoaldeko alderdi nagusia da bera, hegoaldearen independentziaren bultzatzailea, eta auzi hori dago, hain zuzen, jokoan hauteskundeotan, eta, ondorioz, herrialde osoaren egonkortasuna.

Erreferenduma, kili-kolo

Datorren urtean egingo dute erreferenduma independentziaz galdetzeko, eta Al Bashirrek agindu du erreferenduma hondoratuko duela SPLAk hauteskundeoi boikota egiten badie. Erreferenduma hondatzen badute Sudan osora berriz gerra zabal daitekeela uste dute adituek.

Galdeketa egingo balitz, petrolio asko duen lurraldea Al Bashirren kontrolpetik kanpo geratuko litzateke. 2005ean akordioak sinatu zituztenetik, prozesua trabatzen aritu da Gobernua etengabe. Hegoaldea banatzea onartzen badute independentziaren aldeko botoek %75era iritsi behar dutela esatera heldu da, eta independentziari uko egiteko galdera ere sartzea da presidentearen beste exijentzietako bat. Bozak irabazten baditu 2005eko akordioaren baldintzak aldatzen ahaleginduko dela ere esaten ari dira, batez ere petrolioaren ustiapenaren eta mugen inguruan hitzartutakoa.

Iparraldea musulmana da, eta hegoaldeko gehienak, kristauak eta animistak. Khartum luxuzko hotel eta dendaz josita dago, eta hegoaldean, berriz, errepideak bat-batean amaitu egiten dira, eta hiri handienek lohizko bulebarrak dituzte. Iparraldeak bilioika euro gal ditzake hegoaldeak independentzia lortuz gero.

Gerra endemikoa

Sudangoa barne gatazka iraunkorra izan da garai kolonialaren osteko historia osoan, 1956tik. Talde erlijioso eta etniko nagusien arteko borroka etengabea da gizarte erabat militarizatu horretan, eta politikan konfiantza ezak agintzen du. Dozenaka talde armatu daude herrian, mehatxu erreala, gatazka berritzeko. 2005ean, oposizioko alderdiek Afrikako gerra zibil luzeenari amaiera emateko bake akordioa sinatu zuten -Darfur kanpoan geratu zen-. 2,2 milioi pertsona hil ditu gerrak.

Betiko galdera da Niloko iparraldean bizi diren arabiarrak, historikoki Sudan gobernatu dutenak, prest dauden boterea eta ugaritasuna partekatzeko. Hegoaldeko lurralde ia autonomoa politikoki baztertu izanak eragin ditu matxinoen borrokak, eta 2005eko akordioak parte-hartze hori jasotzen du. Gobernutik baztertzeagatik ere ekin zioten borrokari mendebaldean 2003an, Darfurren, munduko giza krisi okerrenetakoa gertatzen ari den lekuan. 300.000 pertsona hil dituzte ordutik, eta 2,7 milioik ihes egin behar izan dute etxetik.

Aurten Darfurko Justizia eta Berdintasuna Mugimenduak Sudango Gobernuarekin egindakobake akordioaren ostean sinatu zuen martxoan hiru hilabeteko su-etena LJM Askatasuna eta Justizia Mugimenduak; hamar gerrilla txiki batzen dituen talde horrek. SLA Sudan Askatzeko Armadak, ordea, orain arte uko egin dio akordioari. Hitzarmeneko puntu nagusia da Darfurko herritarrek etxera itzuli eta bozetan parte hartzeko aukera izatea. Oraingoz, bozetan, kanpoan geratu dira Darfurko herritarrak.

EB Europako Batasuneko behatzaileen misioak dagoeneko alde egin du handik, «herritarrei erabateko oztopoak ezartzen ari zaizkielako botoa ematera joateko», Veronique de Keyser EBren ordezkariak azaldu duenez. Agintariek EBren ordezkariak leku mugatu batera baztertu zituztela esan du, eta «alferrikakoa» dela han egotea «ezer ez ikusteko». Segurtasun eza eta indarkeria eguneroko kontuak dira.

Sistema nahasiegia

Presidentea hautatzeaz gain, herrialdeko Legebiltzarra eta probintzietakoak berritu behar dituzte, eta sudandarrak botoa ematera joaten direnean, zortzi hautestontzi topatuko dituzte. Presidentea aukeratzeko bat; bestea, probintziako gobernadorea aukeratzeko; hiru Batzar Nazionalerako, eta beste hiru Batzar Probintzialerako. Egoera hori oraindik konplexuagoa izango da hegoaldean, beste lau hautestontzi izango dituztelako, hango Gobernua eta Legebiltzarra aldatzeko. Hegoaldeko presidentea hautatzeko, eta beste hiru emakumeen eta herri eta eskualdeetako ordezkariei botoa emateko.

Sudandarrek ez dute erraza izango botoa ematera joatea. Horrelako prozesuetara ohiturik ez dauden herritarren artean, gizonetan %30,8 dira eskolagabeak, eta emakumeetan, %50,1.



Gosea arazo larria bilakatu da hegoaldean

Giza laguntzarako agentziek ohartarazi dute malnutrizio arazoak dituztenen kopuruak nabarmen egin duela gora. Datu ofizialen arabera, adingabeen %46k dituzte malnutrizioak eragindako arazoak, horietatik %15 oso larri daude. Horiek hala, diru laguntza eskatu diote nazioarteari.





3.000

Emakumeak. Sudanen ez da erraza emakume izatea, batez ere iparraldean. Han xaria edo lege islamikoa indarrean dago. Hala ere, eta oposizioko alderdi nagusiek bozei boikota egitea erabaki aurretik, hiru bat mila emakume ziren hauteskundeetan parte hartzekoak.







Hogei urte luzeko amesgaiztoa

1989ko ekainaren 30a. Omar al Bashir, armadako teniente jeneralak estatu kolpea eman zuen Fronte Nazional Islamikoaren laguntzarekin.

1996ko martxoaren 6a. Botoen %75 lortu zituen Al Bashirrek Legebiltzarrerako hauteskundeetan.

2000ko abenduaren 29a. Presidente aukeratu zuten Al Bashir botoen %86,8rekin

2003ko otsaila. Darfur iparraldeko hiriburuan, Al Fasherren, borrokak piztu ziren. Sudan Askatzeko Mugimendua eta Justizia eta Berdintasuna Mugimendua Gobernuaren aurka matxinatu ziren.

2005eko urtarrila. Sudan hegoaldeko eta iparraldeko agintariek bake akordioa egin zuten. Gerran bi milioi lagun baino gehiago hil ziren.

2006ko maiatza. Bi urteko negoziazioen ondoren, Sudan Askatzeko Mugimenduko adarretako batek su-etena hitzartu zuen Gobernuarekin.

2009ko martxoa. Al Bashirren aurkako atxilotze agindua eman zuen Nazioarteko Zigor Auzitegiak, gerra eta gizateriaren aurkako krimenengatik. Horri erantzunez, Gobernuak atzerriko giza laguntzarako erakundeak kanporatu zituen

2009ko apirila. Bozak 2010eko apirilean egingo zituztela iragarri zuten.





Soslaia

Omar al Bashir

Jainkoaren graziaz betea

Hagako nazioarteko epaitegiak berak ere ez du kikiltzen Omar al Bashir Sudango presidentea. Haren aginduari iseka eginez egon da oraintsu Egipton, Eritrean, Libian, Qatarren eta Saudi Arabian. Darfurko herritarren aurkako erasoak zuzentzen dituela-eta Hagak hartutako erabakia «oinarririk gabea» eta «atzerritarren konspirazioa» dela esan izan du.Sudango armadak eta janjauid Gobernuaren aldeko miliziak milaka herritarren bortxaketa eta hilketak eragin dituztela ukatzen du, eta gerra eta gizadiaren aurkako krimenen erantzulea dela ezeztatzeaz gainera, «gezurtiak» dira, haren ustez, NBE Nazio Batuen Erakundeko ordezkariak.

NBEren arabera, Sudango presidentea Darfurko 35.000 pertsonaren hilketaren erantzule da, baita gosez eta gaixotasunez hil diren beste 300.000rena ere. Sudango Gobernuak datu horiek ezeztatu egiten ditu, eta hildakoen kopurua 10.000koa dela dio.

Ez du beldurrik presidenteak. «Nire herrian erabat seguru sentitzen naiz, eta, gainera, mesede egiten ari zait Haga, nire kontrako agindua eman zuenetik herritarren nireganako sostengua asko hazi baita». Oso seguru dago boterean jarraitzen duen bitartean ez dutela atxilotuko.

Boterean daramatzan hogei urteetan izan dituen oztopoak gainditzen badakiela erakutsi du. Gerra zibil luzea, AEBen bonbardaketak, nazioarteko zigorrak eta Darfurko sarraskia ditu bere atzean. 68 urterekin, jardun gogorra du, bere nortasuna bezalakoxea. Umoretsua dela ere esaten dute gertukoek. Diskurtso biziak hasi aurretik dantza pausoak emateko ohitura dauka, eta jaietan ere herritarrekin nahasteko eta dantzatzeko joera izaten du, txantxak egiten dituen bitartean.

Al Bashir harroa eta burugogorra dela ere esaten dute. «Iraunkortasuna, zuhurtzia, baina batez ere Jainkoaren laguntza» izan ditu iritsi den lekuraino iristeko. «Nire herria gidatzeko betebeharra Jainkoak jarri dit». Betebehar horrek gidatuta eman zuen estatu kolpea, 1989an, eta ordutik dago boterean.

Ikasketak akademia militarrean egin zituen; txikitatik miretsi izan du armada, eta horrez gainera, aukera gutxi zituen bestela, familia txiro batean jaio baitzen. Aire indarretako pilotu titulua jaso zuen lehenik, eta, ondoren, ofizial egin zuten Khartumgo akademian, 1966an.

Yom Kippurren gerran parte hartu zuen, Egiptoko armadaren ondoan, eta Sudanera itzulita, hegoaldeko matxinoen kontra aritu zen. Jeneral egin zutenean eman zuen estatu kolpea, 1989an, eta Legebiltzarra desegin eta botere guztiak bere gain hartuta, herrialdearen islamizazioari ekin zion. Erreformen ondorioz, SPLA Sudan Askatzeko Herritarren Armadarekin enfrentamendu gogorrak hasi ziren, bi estatu kolpe izateraino, 1990ean eta 1991n, baina haietatik indarberrituta atera zen.1996an, bere boterea legitimatzeko bozak antolatu zituen, eta oposizioaren erabateko boikotari esker, botoen %70 lortu zituen. 2000ko bozetan,%80eskuratu zituen.

Bi emazte dauzka, eta seme-alabarik, ez. A. MUJIKA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.