Sudan hegoaldean 140 lagun hil dira dinka eta nuer etnien artean izandako borroketan

Gobernuz kanpoko erakundeek ohartarazi dute bakea sinatu eta bost urtera berriz ere has daitekeela gerra

Erredakzioa
2010eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Sudan hegoaldean bakea sinatu zutela bihar bost urte beteko badira ere, utopia izaten jarraitzen du bakeak. Tonj hiriaren inguruan, dinka eta nuer etniako kideen artean, 140 lagun hil dira gutxienez larunbataz geroztik izandako borroketan. Antza denez, nuer etniakoek dinka etniakoen abereak -bost mila abelburu inguru- lapurtu zituzten, eta horrek eragin zuen etnien arteko borroka-Sudan hegoaldean etnia nagusia da dinka-.

Abereentzako edateko urik eta bazkarik ez dutelako etnien arteko borrokak areagotu egin zitezkeela ohartarazi zuen aste honetan bertan NBE Nazio Batuen Erakundeak. PAM Munduko Elikadura Programak astelehenean ekin zion airetik janaria banatzeari. Michelle Iseminger erakundeak eskualdean duen arduradunak jakinarazi du urrun eta isolatuta dauden eremuetara janaria eramateko azken bitartekoa direla hegazkinak, baina, gosetea atarian denean, ezinbestekoa dela horiek baliatzea: «Une honetan 1,2 milioi lagun dira gose». Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtseko Hilde Johnsonek ere larrialdi egoeran daudela adierazi du: «Aurki premiazko neurriak hartu ezean, gosetea izango da, eta egunetik egunera ari da okertzen egoera». Eskualdeetako agintariek ere egoeraren larriaz ohartarazi dute. Kuol Manyang eta Gutlauk Deng Garang gobernadoreek azaldu dute baliabideak agortzen ari direla eta artzainek etengabe lekuz mugitu behar dutela, abereei jaten emate aldera. «Bakea zegoenean ez zuen euririk egiten, eta euria egiten zuenean segurtasun eza ikaragarria zen».

Sudan hegoaldean 22 urte iraun zuen gerra zibilak. Khartumgo gobernuak xaria lege islamiarra indarrean jarri zuenean, 1983. urtean, hasi zen gerra; hegoaldean nagusi diren kristauek eta animistek neurri horren aurka armak hartu zituztenean. Bi milioi lagun hil ziren, eta beste lau milioi desplazatu eragin zituen gerrak.

Apirilean, hauteskundeak

Bakea duela bost urte hitzartu zuten. 2005eko urtarrilaren 9an sinatu zuten agintariek eta matxinoek bake ituna, baina egoera ez da bereziki aldatu. Urtebetean 2.500 hildako eta 350.000 desplazatu eragin ditu indarkeriak. Eta gobernuz kanpoko hamar erakundek ohartarazi dute berez «ahula» izan zen akordioa kolokan dagoela eta berriz ere has daitekeela gerra: «Indarkeria areagotzeak, pobrezia kronikoak eta tentsio politikoak amildegira eraman lezake bakea». Oxfam eta Save the Children daude ohartarazpena egin duten taldeen artean.

Sudan erronka berri baten aurrean dago orain; izan ere, apirilean bozak egingo dituzte, eta heldu den urtean autonomiarako erreferenduma hegoaldean. Independentzia eskuratu nahi duten edo ez erabaki beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.