Hego Sudanek independentzia lortu zuela zazpi hilabete igaro diren arren, Sudanekin dituen liskarrak ez dira konpondu, eta petrolio ustiategiak bereganatzeko borrokan jarraitzen dute bi herrialdeek. Azken asteetan egindako negoziaketek porrot egin duten arren, igandean elkarri ez erasotzeko ituna egin zuten. Itun horren arabera, bi herrialdeek elkarren mugak errespetatu behar dituzte, eta elkarri erasorik ez egitea adostu dute. Dena den, hitzarmenean ez dute zehaztu zer gertatuko den Sudanen dauden hegosudandarrekin. Hain zuzen ere, Sudanen bizi diren 500.000 hegosudandarrek bi hilabeteko epea dute beren herrialdera bueltatzeko. Apirilaren 8tik aurrera herrialdean gelditu direnen egoera «normalizatu» egingo dute.
NBE Nazio Batuen Erakundea kezkatua agertu da hegosudandarren egoera ikusirik, eta hitzarmenak ez dituela herritarrak aintzat hartu salatu du. Jumbe Omari IOM Nazioarteko Migrazioen Erakundeko bozeramaileak dio «ezinezkoa» dela milioi erdi lagun hain denbora gutxian lekuz aldatzea: «Sudan oso herrialde zabala da, eta azpiegiturak kaxkarrak dira». Han gelditzen diren hegosudandarrekin zer egingo duten ez dutela argitu salatu du Omarik: «Ez dakigu herritartasuna emango dieten, edo atzerritarrak izango diren». NBEk 23.000 hegosudandar herriratu ditu independentzia aldarrikatu zenetik, eta hangoen egoera ere larria dela salatu du Omarik: «Hego Sudanera iritsi direnek ez dute ezer».
Bestalde, Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak bi herrialdeei eskatu die arazoak bide baketsuekin konpontzeko, esate baterako, Abyei eskualde petroliodunaren subiranotasuna. Hain zuzen ere, Hego Sudanek Sudanen bonbardaketa bat salatu zuen atzo. Datorren larunbatean berriz bilduko dira bi aldeak Etiopian.
Sudanen eta Hego Sudanen akordioak ez ditu herritarrak aintzat hartu, NBEren ustez
Elkarri ez erasotzeko hitzarmenean ez dute jaso zer gertatuko den Sudanen dauden hego sudandarrekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu