Suedia

Suediak Stig Engstrom diseinatzailea jo du Olof Palme lehen ministroaren hiltzailetzat

Krister Petersson fiskalak ikerketaren ondorioak aurkeztu ditu; 1986an hil zuten gobernuburua. Hiltzaileak erabili zuen arma Poliziaren esku dago.

Olof Palme Suediako lehen ministroa, 1985ean. TOBBE GUSTAVSSON / EFE
Ander Perez Zala - Arantxa Elizegi Egilegor
2020ko ekainaren 9a
17:09
Entzun

Olof Palme hil zutenetik 34 urtera, Suedian gaur argitu dute nork eta zergatik hil zuen garai hartan herrialdeko lehen ministro zena. Krister Petersson fiskalak ikerketaren ondorioak aurkeztu ditu —2017an hartu zuen ikerketaren ardura—. Peterssonen arabera, Stig Engstrom diseinatzaile grafikoa izan zen lehen ministroaren hiltzailea. Hura, ordea, 2000. urtean hil zen, eta beraz, ezinezkoa da haren aurkako kargurik aurkeztea. Ondorioz, fiskaltzak itxitzat eman du ikerketa. «Ahal genuen urrunen heldu gara», esan du Petersonek, pandemiaren ondorioz Internet bidez egin duen agerraldian.

Poliziak frogatutzat zeukan lehendik Engstrom krimena izandako tokian egon zela, nahiz eta gero ezin izan zuen argitu hura izan zenik hiltzailea. Skaniako gizona ezizenez ezagun egin zen Engstrom. Palme hil zuten tokitik gertu lan egiten zuen hark, eta lehen ministroarekiko desadostasunak erakutsiak zituen lehendik ere.

Ikerketa osatu duen polizia taldeak azaldu duenez, oinarrizkoak izan dira lekukoen testigantzak. Horien arabera, beroki luzea eta kapela zeramatzan gizon bat ikusi zuten hilketa izan zen tokitik ihes egiten. Inguruko kamerek grabatutako bideoetan, Engstrom ageri zen bulegotik irteten jantzi horiek berak eramanez, eta metro aldera joaten.

Duela bi urte, fiskalari hari hori berriz harrarazi zion Thomas Pettersson kazetariak, kasuaz publikatu zuen erreportaje batengatik —hamabi urte iraun zuen haren ikerketak—: Pettersonen arabera, Engstrom giro eskuindarretan ibiltzen zen, prestakuntza militarra zuen, tiro klub bateko kide izan zen, eta armak eskura zituen, lagun baten bidez. «Lagunak bazuen Palme hiltzeko erabili zen pistola baten antzeko arma bat, eta uste dugu Engstromek hura erabili zuela lehen ministroa hiltzeko», azaldu du fiskalak.

Palme 1986ko otsailaren 28an hil zuten, gauerdia baino pixka bat lehenago, zinematik etxera zihoala emaztearekin –bizkartzainik gabe joan zen–; atzetik egin zioten tiro, Stockholm hiriburuko kale ezagun eta jendetsuenean.

Etsai asko zituen Palmek, batez ere alderdi kontserbadorearen baitan, non askok traidoretzat baitzuten, klase altuko familia batean jaioa izan arren ezkertiarra zelako. Gobernuan zela Vietnamgo gerraren aurka egin zuen behin baino gehiagotan, eta baita Kuba eta Nikaraguako gobernu komunistak babestu ere. Etxean, berriz, berdintasunaren aldeko hainbat proiektu jarri zituen martxan; besteak beste, abortu eskubidea defendatu zuen, baita guraso baimen ordainduak bultzatu ere.

Euskal Herriari ere egin zion keinurik: zehazki 1975ean, Txiki eta Otaegiren exekuzioen aurka agertu zen. Suediako lehen ministroa Stockholmeko kaleetara atera zen, kondenatuen familientzako laguntza eske. Ez zen bakarra izan. Bartzelonako Abokatu Elkargoan protesta bat baino gehiago egon zen, eta Vatikanoak ere mugimenduak egin zituen. Paulo VI.ak barkamena eskatzeko mezu bat bidali zuen. Nicolas Franco diktadorearen anaiak ere ondo pentsatzeko eskatu zion, eta Otaegiren amak Jubany kardenala, Iniesta apezpikua eta Vicente Enrique y Tarancon kardinala bisitatu zituen. Denei entzungor egin zien diktadoreak. Irailaren 27an hil zituzten biak.

Zigortu bakarra orain arte

Hamarkadotako ikerketek ez dute arrakasta handirik izan, eta horren erakusgarri da kasuagatik zigortu duten bakarrari gertaturikoa: Christer Petterson kartzelatik atera behar izan zuten froga faltagatik, tartean hilketa egiteko erabili zuten arma oraindik aurkitzeke zutela. 2004an hil zen.

Urteotako beste hipotesi nagusia Hegoafrikako zerbitzu sekretuen inplikazioa izan da, Palmek apartheidaren aurkako jarrera zuelako eta Afrikako Kongresu Nazionala babesten zuelako.

Teoria eta konspirazio askoren iturri izan da lehen ministroaren hilketa. Horregatik, Suedian espero dute kasuaren azken atala gaur itxiko dutela. Stefan Lofven egungo ministroak —Palmeren Sozial Demokratak alderdi berekoa da— honako hau adierazi zuen kasuaz, iragan otsailean: «Zer gertatu zen ez jakitea zauri ireki bat da Suediarentzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.