Suediako Gobernuaren osaeran eragingo du eskuin muturrak

Reindfeldt kontserbadorearen koalizioak gehiengo osoa galdu du, baina ez du akordiorik egingo eskuin muturrarekin

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Suediako komunikabide guztiek «aro berri baten hasiera» dela iritzi diote igandeko hauteskundeek utzitako egoerari, eskuin muturrak, espero bezala, kontserbadoreen gehiengo osoa amaitu eta Legebiltzarrean ordezkaritza izateko adina boto eskuratu baititu-hogei eserleku-. Fredrik Reindfeldt lehen ministro kontserbadorearen alderdiak 172 eserleku lortu ditu, gehiengo osoa izateko beharrezkoak dituenak baino hiru gutxiago, eta eskuin muturreko hogei eserlekuak eskaini dizkio jada Jimmie Akessonek, Suediako Demokraten buruzagiak. Reindfeldtek, ordea,hauteskundeak baino lehen, baita irabazi bezain laster ere, baztertu egin du haiekin akordiorik egitea.

Kezkaturik jarraitu dute herritar gehienek xenofoboen lorpena, baina Akessonek, botoen %5,7k eman dioten pozarekin, suediarrak lasaitzeko mezua eman du, eta ardurak bere gain hartuko dituela ziurtatu: «Ez dugu arazorik eragingo, zin dagit».

Immigrazio politika eta kriminalitatea dira Akessonen buruhausterik handienak, eta egin dituen adierazpenak herritar gehienen kezka bilakatu dira: «Immigrante guztiak ez dira kriminalak, hori argi dago, baina lotura dago bien artean». Mugak ia ixteraino zaintzea da harentzat delituak saihesteko modurik eraginkorrena. Haren ustez, islama da gaur egun munduak duen gaitzik larriena, eta politikariak «lozorroan» daude: «Gaixotasuna errotik moztu behar da, zabaltzen utzi gabe, eta politikarion lehentasunetako bat izateko lan egingo dut».

Horregatik, haiek lortutako ordezkaritzak eskuina bera ere beldurtu du. Expressen ideologia kontserbadorea duen egunkariak hauxe idatzi du editorialean: «Tolerantziaren estandartea jaitsi da, eta indar ilunek demokrazia suediarra bahituta atxikitzen amaitu dute». Reindfeldti Berdeengana jotzeko eskaera ere egin diote editorial berean: «Ingurumen ministroa ematea edo erregaiei zergak handitzea bada ordaindu beharrezkoa, gaitz erdi».

Lehen ministroak berak aukera horren alde egin du hauteskundeen osteko lehen agerraldian, eta Berdeek ez dute ezetz esan, baina «oso konplexua» izango da gobernuan sartzea, Maria Watterstrand buruzagiaren ustez. Mona Sahlin sozialdemokrataren alderdiarekin aliantzan lan egin dute aurreko legealdian; haren ondoan, eta Reindfeldten gobernuaren aurka, aritu dira kanpainan, eta «oso zaila izango da boto-emaileei begietara begiratu eta gobernuan parte hartuko dugula esatea». 25 eserleku lortu dituzte Berdeek.

Gutxiengoan agindu duten gobernuak, hala ere, maiz osatu dira azken hamarkadetan, Suedian. Konstituzioak erraztu egiten du horretarako bidea, eta arlo ekonomikoko hainbat erabaki gehiengo osoa lortu gabe hartzeko eskubidea aitortzen dio. Beste gai batzuetan, ordea, ados jarri beste erremediorik ez dute oposizioko alderdiekin. Adituak esaten ari direnez, hori izango da ziurrenik Reindfeldten koalizioak hartuko duen bidea, eta Berdeen noizbehinkako akordioak lortzen saiatuko da.

Sozialdemokraten porrota

Mona Sahlin sozialdemokrataren alderdiak 1914az geroztiko emaitza kaskarrenak lortu ditu: botoen %30,9. «Ez dugu lortu konfiantza berreskuratzea. Galdu egin dugu». Sahlinek lortu dituen emaitzen ondorioz, apurtu egin da sozialdemokraten nagusitasun historikoa. Azken 78 urtean, 65 egin dituzte sozialdemokratek boterean. Dagens Nyheter Suedian gehienek irakurtzen duten egunkariaren ustez, «zorionez, amaitu da botereari lotua bizi eta dena erabaki zezakeen alderdiaren garaia».

Gobernuaren kudeaketa ekonomikoa saritu dute herritarrek kontserbadorearen alde jarrita, Suedia onik ateratzen ari baita krisi ekonomikotik, eta, besteak beste, abian jarri duen zerga jaitsiera ongi hartu dute. Orain arte sozialdemokraten mezu izan direnak bere egiteak eman dio garaipena Reindfeldti, baina gazi-gozoa, eskuin muturrak lasai-lasai gobernatzea galarazi baitio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.